Noiz argitaratua Ostirala, 2022.eko Urriak 28

“Nafarroan pobreziaren eta gizarte-bazterketaren aurka borrokatzeko estrategiei” buruzko osoko bilkura monografikoa

Legebiltzarrak Gizarteratze Plan Estrategiko berri bat egiteko konpromisoa hartu du, eta enpleguari aipamen berezia egin diote, baita genero ikuspegitik ere

Talde parlamentario guztiek hala eskatuta, Parlamentuak eztabaida monografikoa izan du Nafarroan pobreziaren eta gizarte-bazterketaren aurka borrokatzeko estrategien inguruan.

 

Osotara, taldeek 13 erabaki-proposamen aurkeztu dituzte: Navarra Sumak hiru; PSNk bat; Geroa Baik bat; beste bat PSN, Geroa Bai, Podemos eta I-Ek batera; EH Bilduk hiru; beste bat PSN, Podemos eta I-Ek batera; eta Izquierda-Ezkerrak bi. Navarra Sumaren hiru ekimenak errefusatu dira, bai eta EH Bilduren hirurak ere. Gainerako zazpiak onartu dira.

 

Eledun bakoitzak 20 minutuko txanda bakarra izan du jarrera azaltzeko eta bere erabaki-proposamenak defendatzeko, eta talde parlamentario bakoitzak gehienez hiru proposamen egin ahal izan ditu. Gobernuak ere horrelako txanda bat izan du bere jarrera azaltzeko.

 

Navarra Sumak gizarteratzeko eredu berria eskatu du

 

Jorge Esparzak (Navarra Suma talde parlamentarioa) eman dio hasiera eztabaidari, eta ohartarazi du lana, hezkuntza eta etxebizitza “funtsezko alderdiak” direla pobreziaren aurka borrokatzeko. Gai horri dagokionez, azken urtean kopuruak jaitsi egin dira, nahiz eta Nafarroa positiboki nabarmentzen den gainerako erkidegoekin alderatuta. Hori dela eta, hiru erabaki-proposamen aurkeztu dituzte: errenta bermatua aldatzekoa, egoera ahulean dauden ikasleen hezkuntza inklusioa indartzekoa, eta etxebizitzen eraikuntza, babestuena batez ere, sustatzekoa.

 

Esparzaren ustez, pobreziaren aurkako borroka “funtsezko kontua” da, eta Garapen Jasangarrirako Helburuetako lehena ardazten du. “Premiazkoa” da neurriak hartzea, are gehiago azken urtean 20.000 nafar pobreziaren eta bazterketaren zerrendan sartu direnean. Hori adierazi du Maeztu kontseilariak, eta haserre agertu da batzuetan gai hori arinkeriaz tratatzen delako.

 

Hori guztia kontuan hartuta, talde gehiengodunaren eledunak hiru arlotan bereziki neurriak hartzearen alde egin du, erabaki-proposamen bana ardatz hartuta. Lehenengoa enpleguarena da, tresna nagusia baita, eta enplegagarritasun handiagoa bermatzen duten politika aktiboak eskatu ditu, bereziki ahulenen artean.

 

Errenta bermatuaren egungo kontzeptua ere aldatu beharreko beste kontu bat dela esan du. Izan ere, Nafarroan, 2021ean, lan egiteko adina zuten eta errenta hori kobratzen zuten 25.000 pertsona zeuden, “baina guztien % 3,4 baino ez zen gai izan lana aurkitu eta errenta jasotzeari uzteko”.

 

Horri dagokionez, hark adierazi duenez, “pentsatu beharra dago errenta horren eredua eraginkorra ote den. Gure iritziz, ez. Beraz, zuzentzeko beharra planteatzen dugu”.

 

Hezkuntzan, Esparzak adierazi du egoera ahulean dauden adingabeek ahalik eta denbora gehien eman behar dutela eskolako inguruneetan, eskolako jantokira eta eskolaz kanpoko jardueretara joanez. Hori guztia familiatik kanpoko laguntzaren zati gisa, bizi duten egoeratik atera daitezen.

 

Eta etxebizitzari dagokionez, Navarra Sumako eledunak argi eta garbi adierazi du “legegintzaldi hau etxebizitzaren arloan erabat alferrikakoa” izan dela. Gainera, haren esanetan, “erabateko geldialdia dago eraikuntzan”, adibidez zaurgarrienei zuzendutako etxebizitza babestuen eraikuntzan.

 

Horregatik guztiagatik, Jorge Esparzak babesa eskatu die gainerako taldeei, eta iragarri du Navarra Sumak aldeko botoa emanen diela PSNk, Geroa Baik, Podemosek eta I-Ek batera edo bakarka sinatutako erabakietatik lauri.

 

PSN zerbitzuak sendotzearen alde

 

Nuria Medinak (PSN) adierazi du bere alderdia eskuinak planteatutako “zerga-jaitsiera masiboaren” aurka dagoela, eta zerbitzu publikoak indartzearen aldeko apustua egin du, epe laburragoko neurriekin konbinatutako egiturazko neurrien bidez, pobreziaren egungo ondorioei aurre egiteko.

 

Eledunak baieztatu duenez, “egiturazko arazo baten aurrean erantzunak egiturazkoa izan behar du”, pobreziaren eragileei aurre eginez, pobreziaren ondorioak arintzeko behar diren mekanismoak jartzen diren bitartean.

 

Navarra Sumak proposatutako “zergak masiboki jaisteko eta zerbitzu publikoak ahultzeko eredua” kritikatu du, “arrakala guztiak handitzen baititu eta sufrimendu handia eragiten”. Hala ere, eredu horren aurrean eredu sozialdemokrata dago, “gutxieneko soldata igotzearen, pentsioen eta funtsezko zerbitzu publikoak indartzearen aldeko apustua egiten baitu”.

 

Medinak gaitzetsi egin du “mundu mailako krisi egoera Nafarroako Gobernua ahultzeko  erabiltzea erabaki izana”, uste baitu “Gobernu honi edo Pedro Sánchezi pobreziaren eta desberdintasunaren hazkundearen erantzukizuna ematea sinplea eta faltsua” dela, eta horrek frogatzen duela “pobrezia eta bazterketa egoeran dauden pertsonak oso gutxi axola zaizkiola Navarra Sumari”.

 

Medinak ohartarazi dio Navarra Sumari engainagarria dela txosten bakar bateko datuak  komeni denaren arabera erabiltzea. Azpimarratu duenez, “azterketa guztien arabera, Nafarroa da berriz ere pobrezia eta bazterketa arrisku txikiena duen erkidegoa”, eta “pobrezia larriaren tasa mantendu edo murriztu egin da”.

 

Denak ere ondorio berera iritsi dira: “COVID-19aren ondorioz, bazterketa areagotu egin da”, baina askoz ere gutxiago, “Espainiako eta Nafarroako gobernuek abian jarritako babes-neurriei esker”. Hori azpimarratu du Nuria Medinak, eta ziurtatu du pobrezia-tasa 2020an % 23,4ra iristea saihestu dutela.

 

Hala ere, Medinak onartu du oraindik ere desberdintasunak daudela generoaren, bizikidetza ereduen, biztanle taldeen edo pertsonen jatorriaren arabera. Desoreka horiek “gainean daramatzagu aspalditik, eta 2008ko krisian sakonagoak bilakatu ziren, besteak beste, eskuineko gobernuek gauzatutako politikei esker”.

 

PSNko parlamentariak goraipatu egin du “Nafarroako eta Espainiako gobernuek COVID-19aren ondorioei aurre egiteko hainbeste neurri hain denbora laburrean jartzeko egindako ahalegin eskerga”. Haren ustez, sozialistek erakutsi dute “politika beste modu batean egiteko aukera zegoela, pertsonak lehenetsiz austeritatearen ordez”.

 

“Ez da gauza bera bankuak eta pertsonak erreskatatzea, kaleratzeak erraztea edo langileak babestea, edo demokraziaren murrizketa handienak abian jartzea eta zerbitzu publikoak indartzea”, gaitzetsi egin du.

 

Nuria Medinak aitortu du “ziurgabetasun testuinguru” batean bizi garela, Putinen gerraren, inflazio krisiaren eta energiaren prezioen espekulazioaren ondorioz. Beraz, “hurrengo hilabeteak seguruenik ez dira errazak izanen”.

 

Geroa Baik enplegua babestu nahi du gizarteratzeko faktore gisa

 

Isabel Aranburuk (Geroa Bai) baieztatu du errenta bermatuaren eredua “guztiz balioduna” dela, nahiz eta oraindik ez duen “bere ahalmen guztia azaldu”, eta enplegua “gizarteratzeko funtsezko faktore” gisa balioetsi du. Horregatik, bazterketari aurre egiteko bigarren elementu hori bultzatzen duten neurri guztien alde agertu da.

 

Geroa Baiko eledunak defendatu egin ditu bere taldeak aurkeztutako proposamenak –bat bakarka aurkeztu du eta beste bi Gobernuko kideekin–, eta lanaren, hezkuntzaren, etxebizitzaren eta kulturaren alde egin du.

 

Argi eta garbi adierazi du, “pobrea izatea ez da aukeratzen, pobrezia eta bazterketa heredatzen eta arnasten dira, eta gizarte-eredu baten ondorio dira”, eta inplikatutako eragile guztiek parte hartu behar dute horiek konpontzeko, “erabateko borrokan”.

 

Horretarako, eta Nafarroako Gobernuari mezu zuzena bidaliz, Aranburuk beharrezkotzat jo du Gizarteratze Plan berri bat egitea, eta bertan Gobernuko departamentu guztiek parte hartzea. Plan horrek, gainera, “oso kontuan hartu beharko luke” Pobreziaren eta Desberdinkeriaren aurkako Nafarroako Ituna.

 

Navarra Sumarekiko desadostasuna adierazi ondoren, Foru Komunitatea pobreziaren eta gizarte-bazterketaren aurrean posizio hobea izateagatik nabarmentzen dela esan du Aranburuk, eta egungo errenta bermatuaren sistemaren balioa nabarmendu du, “funtsezko elementua” iritzita. “Eredu on bat” da, Geroa Bai “ez dago hura aldatzeko prest”, eta, gainera, “oraindik ez du bere ahalmen osoa azaldu”. Beraz, “guztiz baliozkoa” da.

 

Nolanahi ere, eta hobekuntzarako dagoen tarte zabalaren jakitun, gizarteratzea areagotuko duten neurrien alde egin du; horietatik nagusia, pertsona behartsuenentzako enplegua sortzea, “kalitatezko enplegua, ordea, eta ez prekarioa”. Gainera, beste eremu batzuetan aurrera egiteko eskatu du, hala nola etxebizitzan.

 

Amaitzeko, Aranburuk azpimarratu duenez, Nafarroak bazterketari buruzko araudi “oso balioduna” du, baina beharrezkoa da plan estrategikoa egitea, eta birbanatzeko gaitasunari dagokionez aurrera eginen duen eredu fiskal bat izatea.

 

EH Bilduk birbanaketarako erreforma fiskala aldarrikatu du

 

Patricia Peralesek (EH Bildu) azpimarratu du “beharrezkoa” dela aberastasuna birbanatuko duen erreforma fiskal bat egitea, pobrezian gero eta pertsona gehiago dauden egoera ekonomikoari aurre egiteko.

 

Eledun abertzaleak PSNri eskatu dio birbanaketaren aldeko lanean “handinahiagoa” izan dadila, unean uneko arazoak, baina baita egiturazkoak ere, “konpontzeko”.

 

Peralesen ustez, haien proposamenak “errealak eta egingarriak” dira, baina aurrera ateratzeko “borondate politikoa” beharrezkoa da.

 

Parlamentariak zerga arloan jarri du arreta, uste baitu “zerga sistema progresibo bat behar dela, gehien dutenek ekarpen handiagoak egin ditzaten. Beste guztia demagogia da”.

 

EH Bilduren ustez, egungo egoera ekonomiko eta sozialaren ondorioz, familiak erosteko ahalmena galtzen ari dira. “Familia batzuek ez dira hilaren amaierara iritsiko, lan egin arren eta soldata izan arren. Horretaz arduratu behar dugu”, azaldu du.

 

Ildo horretan, Peralesek azpimarratu du zenbait prestazio hobetu behar direla, hala nola errenta bermatua, eta etxebizitza eskuratzekoa ere bai, eta hori zailtzen duten izapideak ezabatu behar direla. “EH Bilduren konpromisoa irmoa da”, azpimarratu du, eta gero adierazi du “bide luzea” dagoela egiteko.

 

Gainera, Perales zerbitzu publikoen inguruan aritu da: “Kalitatezko zerbitzu publikoak behar ditugu. Zerbitzuetarako aukera berdintasuna bermatu behar da. Egia da irabazi-asmoa duen ekimen pribatua mugatzen ari dela, baina oraindik bada, izan. Espero dezagun osoko bilkura monografiko hau bide baten hasiera izatea, uste baitut ez gaudela bertan gozo egiteko”.

 

Azkenik, parlamentari abertzaleak gaitzetsi egin ditu Navarra Sumaren proposamenak, eta koalizioari egotzi dio proposamen “gutxi landuak eta inkoherenteak” egitea. Hona azaldu eta egoeraren diagnostikoa egiten duzue, eta gero ezer konponduko ez duten proposamenak ekartzen dituzue”, berretsi du.

 

Podemos-Ahal Duguk arrakala bakoitzari eta diskriminazio bakoitzari begiratzeko eskatu du.

 

Ainhoa Aznarezek (Podemos-Ahal Dugu) eskatu du pobreziaren eta bazterketaren aurkako politikei ikuspegi zabal batetik heltzea, egoera horietan gertatzen diren diskriminazioei arreta berezia jarriz, hala nola generoari, jatorriari edo bizilekuari.

 

Podemos-Ahal Duguko eledunak “ikuspegi intersekzionala” eskatu du pobrezia eta gizarte-bazterketa desagerrarazteko, “aldi berean agertzen diren diskriminazio mota horiei guztiei arreta jarriz, eta pobrezian, diskriminazioan eta desberdintasunean sakonduz”, aldarrikatu du.

 

Aznarezek, bere hitzaldiaren zati handi batean, agerian utzi du emakumeak direla egoera horiek gehien pairatzen dituztenak. Feminizazio horrek, haren hitzetan, “giza eskubide guztiak urratzen ditu eta askori eragozten die independentzia ekonomikoa izatea. Horren ondorioz, gaitasunak, autonomiak eta bizi-proiektuak garatzeko askatasuna izatea ere eragozten die”.

 

Aznarezek uste du Nafarroak ezarritako babes sozialak “pandemiaren eragin ekonomikoa eta soziala arintzen lagundu duela” eta pobreziaren eta gizarte-bazterketaren arrisku txikieneko erkidegoa izan dela Nafarroa. Horrek esan nahi du “nahiko ongi aritu garela urte hauetan”.

 

Podemos-Ahal Duguko eledunak aitortu du ez daudela “guztiz gustura”, eta iritzi dio “borondate politiko handiagoa eta oniritzizko diskurtso gutxiago” behar direla. Izan ere, Nafarroako Errentaren Estatistikaren arabera, pobrezia larria % 11,3an mantentzen da, baina AROPE tasaren arabera, gora egin du, eta Gini koefizienteak desberdinkeriaren igoera erakusten du.

 

Halaber, Aznarezek balioetsi egin ditu Foru Gobernuak Podemos-Ahal Duguren ekimenez ezarri dituen azken neurriak, hala nola 2023an PFEZa aitortzeko gutxienekoaren igoera. Horri esker, 14.500 eurotik beherako errentak dituzten 19.000 lagunek ez dute aitorpena egin beharrik izanen, 12.600 euroko egungo atalasearen aldean.

 

Horrez gain, kenkarien tasa eta lanaren ondoriozko murrizketa ere aldatuko dira. Hori “segurtasun horma bat izanen da pertsona ahulenentzat” eta lanbide arteko gutxieneko soldata kobratzen duten langileek “ez dute zergarik ordaindu beharko beren lanaren errentengatik”, berretsi du Aznarezek.

 

Hobetzeko aukera horren aurrean, Podemos-Ahal Duguko eledunak aitortu duenez, “oraindik ere zenbait lehentasun daude lotzeke, hala nola landa eremuetan seme edo alaba bakoitzeko kenkari handiagoak egotea; garraio publikoan beherapenak egiteko laguntza egiturazkoak, eta ez unean unekoak; edo alokairurako laguntza handiagoak”.

 

Aznarez kritikoki agertu da Navarra Sumak osoko bilkura monografiko honetan egindako proposamenekin. Izan ere, “pobrezia eta gizarte-bazterketa nahita nahasten ditu”, eta bere ereduak dakarren “gauza bakarra da beste betebehar bat pobrezian dauden pertsonentzat”, prestazio ekonomikoa murriztuz eta baldintzak handituz.

 

Azkenik, etxebizitzari dagokionez, Ainhoa Aznarezek salatu du ez dutela nahi “eskubide subjektiboa” izatea, espekulaziorako ondasun bat baizik, gehiengo sozialen eskaerekiko konpromisorik hartu gabe.

 

I-Ek azaldu du pobrezia eta gizarte-bazterketa saihestu daitezkeen herentziak direla

 

Marisa de Simonek (I-E) ohartarazi du susperraldi ekonomikoak ez duela biztanleriaren zati bat baztertzearen eta pobrezian uztearen kontura izan behar. Izan ere, bere ustez, “pobrezia eta gizarte-bazterketa saihesgarriak dira”, baita “hereditarioak” ere.



Horregatik, pertsona horien baldintzak aldatu egin behar dira gizarteratzeko politiken bidez, Marisa De Simonek esan duenez. Hiru erabaki-proposamen defendatu ditu, bi bakarka aurkeztuak, eta hirugarrena Gobernuko bazkideekin batera.



De Simonek zenbait datu zerrendatu ditu “gaitz” hori Nafarroan dagoela erakusteko. Izan ere, 95.000 lagun daude (biztanleriaren % 14,7) gizarte-bazterketako eta pobreziako arrisku egoeran, eta datuek “nabarmen okerrera” egin dute, 2019an nafarren % 2,3 baitziren.



Horregatik, “zerbait egin behar da behingoz, orain artekoaz bestelako zerbait”, esan du, antolamendu sozial eta ekonomikoaren eredua aldatzea aldarrikatu aurretik. Izan ere, “martxan dauden gizarte-babeseko sistemak eraginkorrak dira, baina ez dira nahikoak izan. Enplegua, osasuna, hezkuntza edo etxebizitza duina lortzeko sustapen politikekin osatu behar dira, horiek, zalantzarik gabe, gizarteratzen laguntzen baitute”.

 

Horri dagokionez, De Simonek adierazi du “funtsezkoa dela politika pasiboak eta aktiboak garatzea, besteak beste, Oinarrizko Gutxieneko Soldata”. Era berean, enplegua duten pertsonei ere eragiten dien pobrezia egoera bati buruz ohartarazi du: “Nafarroan, sei langiletik bat pobrea da”, eta Estatu mailan bostetik bat.

 

Horregatik guztiagatik, lanbide arteko gutxieneko soldata “gutxienez ere” urteko KPIaren gehikuntzaren arabera igotzearen alde egiteaz gain, I-Eko eledunak eskatu du egungo eredua gainditu dadila “egiturazko erreforma sakonen bidez”, eta “gizarte-zerbitzuek izan behar duten euskarria blindatu” dadila, eta administrazioek “prebentziorako eta herritarrak babesteko baterako jarduketak” egin ditzatela.

 

Kontseilariak arrakala aitortu eta neurriak iragarri ditu

 

Eskubide Sozialetako kontseilari Carmen Maeztuk adierazi duenez, COVID-19aren eta Ukrainako gerraren ondorioz “gizarte-desberdinkeria areagotzen ari da, eta baliteke gerrak eta azkenaldiko inflazioak are gehiago larriagotzea”.

 

Hala ere, Maeztuk adierazi duenez, “Europako funtsei esker Espainiako zein Nafarroako gobernuek norabide onean ari dira lanean” egoera ekonomikoari aurre egiteko.