Noiz argitaratua Larunbata, 2022.eko Abenduak 3

Askotariko talde parlamentarioa Berlinen da, Saharar Herriarekiko Laguntza eta Elkartasuna Adierazteko Europako Konferentzian

Paz y Libertad en el Sahara-Bakea eta Askatasuna Saharan askotariko talde parlamentarioa iragan ostiraletik parte hartzen ari da Saharar Herriarekiko Laguntza eta Elkartasuna Adierazteko Europako 46. Konferentzian (EUCOCO). Bilera hori gaur arratsaldean amaituko da, Berlinen, non Europako, Latinoamerikako eta Afrikako parlamentuetako ordezkariak deskolonizazio prozesuaren nondik norakoa aztertzen ari diren. Helburua da, azken batean, ekintza plan bat adosten saiatzea hainbat mailatan, diplomatikoa barne, 2023an zehar hura garatzeko.

 

Isabel Aranburu askotariko taldearen koordinatzailea, Patricia Perales eta Ainhoa Aznárez dira Nafarroako ordezkariak, eta Saharako ordezkariekin elkarrizketatzeko aukera izan dute. Sahararren ordezkari nagusia Bucharaya Hamudi Bayun da, lehen ministroa eta Polisarioko Idazkaritza Nazionaleko kidea, eta ondoan ditu Lankidetzako ministro Fatma Mehdi eta Europarako eta Europar Batasunerako delegatu Oubbi Bachir.

 

Topaketa horretan, askotariko taldeak adierazi du Nafarroako Parlamentua prest dagoela “demokraziaren eta bakearen alde laguntzen eta lan egiten jarraitzeko, Mendebaldeko Saharan giza eskubideak erabat errespetatzearen aldeko jarrerari eutsiz”.

 

Konferentzian aztergai nagusi izan dira nazioarteko komunitatearen porrota, Mendebaldeko Saharako Erreferendumerako Nazio Batuen Misioa (Minurso, 1991) aplikatzeko ezintasuna alegia, eta nola egoerak okerrera egin duen Marokok 2020ko azaroaren 13an su etena urratu zuenetik, eta Marokok Saharako baliabide naturalak ustiatzeari ekitearen kontrako lege borroka.

 

Berlingo Konferentzian 2023. urteari begira osatu den ekintza planak hiru ardatz nagusi ditu: Saharako Estatua finkatzea, politikaren eta informazioaren bideari eustea, giza eskubideak errespetatzea eta baliabide naturalak babestea.

 

EUCOCO, hasieran Europako esparrura mugatu bazen ere, gaur egun saharar herriarekiko nazioarteko elkartasun mugimenduaren hitzordu nagusia da. Ordezkaritza parlamentario eta diplomatikoekin batera, sindikatuak, GKEak, legelariak, kulturaren arloko pertsona ospetsuak eta Saharako Arabiar Errepublika Demokratikoarekiko adiskidetasun elkarteetako kideak biltzen ditu. Bost kontinenteetako 84 herrialdek aitortu dute saharar errepublika.