Noiz argitaratua Asteartea, 2021.eko Urtarrilak 12

Espainiako Gobernua premiatzen da izaera egonkorra eman diezaion Transfugismoaren aurkako Itunaren Jarraipen Batzordeari

Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko batzordean onetsia. 2021eko urtarrilaren 12an

1.- Foru Legebiltzarrak transfugismoa errefusatzen du, ustelkeria politikoaren jarduketa eta herritarren borondatearekiko iruzurra den heinean, erabateko desleialtasuna baita ordezkari publikoen hautagaitza babestu duten formazio politikoekiko, eta asmo bakarra baitu onura indibidualeko interesak bilatzea, nahiz eta horrek ekarri herritar guztiek demokratikoki hautestontzietan adierazi duten ordezkaritza instituzional eta politikoa leherraraztea.

 

2.- Nafarroako Parlamentuak adierazten du bere aldezpena eta adostasuna ematen dizkiola Erakunde Demokratikoetako Transfugismoari buruzko Jokabide Politikorako Kodea dela-eta iritsitako Akordioko III. Eranskinari, zeina politikoki adostua izan baitzen Jarraipen Batzordeak 2020ko irailaren 21ean eginiko bileran, eztabaidatua 2020ko azaroaren 3ko bileran, eta onetsia, azkenik, 2020ko azaroaren 11n. Eta konpromisoa hartzen du bere Erregelamenduan eta foru legeetan egin beharrekoak diren aldaketak egiteko, haren edukia betetze aldera.

 

3.- Espainiako Gobernuko Lurralde Politikako eta Funtzio Publikoko Ministerioa premiatzen da izaera egonkorra eman diezaion Transfugismoaren aurkako Itunaren Jarraipen Batzordeari, berriki berrabiarazitako horri, eta haren jarraitutasuna berma dezan, konpromiso politikoa erakutsiz gaitz hori galarazteko eta saihesteko hauteskundeetan parte hartu zuteneko alderdi politikoa utzi duten hautetsiek herritarrek hauteskundeetan demokratikoki adierazitako ordezkaritza alda dezaten eta tokiko gobernuen egonkortasuna baldintza dezaten.

 

Navarra Suma talde parlamentarioak aurkeztu du.

 

Navarra Suma, PSN eta Podemos-Ahal Duguren aldeko botoekin eta Geroa Bai eta EH Bilduren abstentzioarekin onetsia (Izquierda-Ezkerrak ez du bilkuran parte hartu).