Foru Komunitatearen egoerari buruzko eztabaida. Nafarroako Gobernuko lehendakariaren hitzaldia
Etorkizuneko erronkei aurre egiteko akordio sozial eta politiko zabala eskatu du gizarte-kohesioaren, kaudimen ekonomikoaren eta bizikidetza sendotzearen alorretan, guztia aukera-berdintasunean oinarrituta
Nafarroako Gobernuko lehendakari María Chivitek hasiera eman dio Foru Komunitatearen egoerari buruz X. legegintzaldian egiten den bigarren eztabaidari. Autogobernuaren alorrean Gobernuak legegintzaldi honetan zehar egindako lana nabarmendu du: "Aurrerapausorik gabeko bi hamarkadaren ondoren, aurten bi transferentzia gauzatuko ditugu eta hirugarren batean ari gara".
Hitzaldiak ia ehun minutu iraun du. Chiviteren esanetan, "kogobernantza kontzeptu teorikoa baino askoz gehiago bilakatu den garai honetan, erakutsi dugu batera egin daitezkeen gauzak direla gobernuen arteko lankidetza eta laguntza eta gure autogobernuan aurrera egin eta hura areagotzea".
Ildo horretan, Chivitek hau baieztatu du: "Gure autogobernua gaur egun indartsuagoa da, eta erakusten ari gara elkarrizketaren eta adostasunaren bidez gehiago lortzen dela aurrez aurrekoarekin baino, politikagintzan lan isila emankorragoa dela zalaparta eta epelaburkeria baino, eta helburu handinahiagoak ezartzeko aukera ematen duela".
"2021ean, azkenean ere espetxe-osasunaren arloko eskumena geureganatu dugu", azpimarratu du gobernuburuak. "Zerbitzu horiek ematen ari gara abuztuaren 1az geroztik. Eta abenduaren 1erako ezarri da data trafikoaren eta bide segurtasunaren arloko eskumenaren transferentzia historikoa gauzatzeko. Gainera, jada akordioa lortu dugu bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren arloan bai sarrerak eta bai gastuak kudeatzeko. Transferentzien Batzordearen bilera egin beharko da, jakina, behin kopuruak doitzen amaitzen dugunean", adierazi du.
Bestalde, Lankidetza Batzordean, "elkarrizketaren fruitu, Nafarroako Gobernuaren eta Espainiako Gobernuaren artean jada hamar akordio lortu ditugu foru legeen inguruan sortutako desadostasun konstituzionalak ebazteko, eta horrela Konstituzio Auzitegian errekurtsoak jartzea saihestu dugu. Azken akordioa toki ogasunen legeari buruzkoa izan da", azaldu du.
Konstituzio Auzitegiak Foru Berriaren aurkako eskumen-gatazkaren "zatirik handiena" ezetsi izana ere balioetsi du. "Jada Parlamentura igorri ditugu Foru Berriaren testu bategina onesteko foru legearen proiektua eta Fundazioena", esan du.
Funtzio publikoaren arloan, Nafarroako Gobernuko lehendakari María Chivitek baieztatu duenez, Gobernuaren helburua da "aldi baterako langile gutxiago izatea Administrazioan", eta urtea bukatu baino lehen 1.000 lanpostu berri baino gehiago lan-eskaintza publikoetan (LEP) betetzeko deialdia eginen da.
"2019an 725 lanpostuko LEP bat onetsi zen, 2020an 715 lanpostuko beste bat, eta hurrengo egunetan Mahai Nagusian aurkeztuko ditugu 2021eko LEPeko lanpostuak eta 2017tik eta 2018tik egonkortzeko zain egon diren lanpostuak. Guztira, urte amaierarako 1.000 plaza berri baino gehiago onetsiko ditugu", baieztatu du.
Gainera, Chivitek azpimarratu duenez, "legegintzaldi hasieratik hona 2.400dik gora izan dira plaza berriak, gehienak osasunerako, hezkuntzarako eta larrialdietarako. Horiei gehituko zaizkie Kongresuan lege proiektu gisa izapidetzen ari den Egonkortzeari buruzko Errege Dekretutik aterako direnak", gaineratu du.
Halaber, gobernuburuak esan du Administrazioaren egiturari eta lanpostuei buruzko azterketa egiten ari direla, "lan korapilatsu eta berritzailea, eta 2022rako espero dugu amaitzea".
Jada hogei urte baino gehiago dituen langileen estatutuari dagokionez, "hura aldatzeko lanei laster ekin nahi diegu", adierazi du Chivitek. "Funtzio publikora sartzeko merezimenduak arautzen dituen foru dekretua prestatzeko lanak ere amaitzear ditugu. Urtea amaitu aurretik joanen da Funtzio Publikoaren mahaira. Lanean ari gara halaber telelana arautzeko dekretuan", gehitu du.
Bestalde, Chivitek nabarmendu du 2020-2023 aldirako Plan Estrategikoan aurreikusten dela "Foruzaingoa indartzea, langile eta baliabide gehiago emanez. Legegintzaldiaren hasieratik, jada % 14 handitu dugu aurrekontua, eta 2022ko kontuei begira hazten segitzen dugu".
Gobernuko lehendakariak baieztatu duenez, "gure erreferentziako polizia indartzeko ildo horretan geure buruari helburutzat ezarri diogu legegintzaldi honetan 1.200 foruzain izatea; gainera, kalkulatu dugu 149 bat agente gehiago beharko ditugula trafikoaren eta bide segurtasunaren arloko transferentziaren ondorioz. Pasabidea aktibatuko dugu, hala nahi duten guardia zibilek bitarteko hori erabili ahal dezaten", esan du.
Polizia agenteei dagokienez, hurrengo lan-eskaintza publikoan "Foruzaingoko lanpostuen azken hamarkadako kopururik handiena izanen dugu".
Gainera, Foruzaingoak berariazko berdintasun plana izanen du, "hura prestatzen ari baikara. Garrantzitsua iruditzen zaigu emakumeak Foruzaingoan sar daitezen sustatzea, baita kidegoan mailaz igo daitezen ere", azpimarratu du Chivitek.
Era berean, Nafarroako Gobernua Espainiakoarekin batera lanean ari da Foruzaingoen erretiro aurreratua onar dadin.
"Lanean ari gara Foruzaingoa instalazio berri egokiez hornitzeko ere. Hortik sortu da Arangurengo foruzain etxe nagusiaren proiektua, eta bertan beste zerbitzu batzuk ere izanen dira", jakinarazi du.
Suhiltzaileak ere aipatu ditu Chivitek, haiek ere 2020-2023 aldirako Plan Estrategiko berria badutela gogoratzeko. "Baliabideak % 41 baino gehiago handitu ditugu legegintzaldia hasi zenetik. Tafallan suhiltzaile etxe berria jartzeko eta suhiltzaile kopurua handitzeko lanean ari gara", nabarmendu du.
Gainera, babes zibilaren eta larrialdien alorrak 112 zerbitzuaren indargarriari eusten dio, eta Gobernua "kudeaketarako egiturazko eredu bat definitzen ari da, eta larrialdi planak berrikusten, bereziki uholde eta lurrikarekin zerikusia dutenak", esan du Gobernuko lehendakariak.
Nafarroako Gobernuko lehendakari María Chivite Gobernuak oraintsu iragarri duen udal finantzaketarako eredu berriaren alde mintzatu da gaur, "nahikoa, zuzena eta solidarioa" dela eta "udalei 16,4 milioi gehiago" ekarriko dizkiela esanez.
Chiviteren hitzetan, Gobernuak EH Bildurekin itundutako eredu berri horrek "zuzendu eginen du sistema sortzen ari zen lurralde-desberdinkeria. Udalerri bat izan ezik, % 84k hobetu eginen dute finantzaketa, eta gainerakoek lehengoari eutsiko diote", ziurtatu du.
Gainera, "inon ez diren mamuak ikusi nahi dituztenentzat", Chivitek esan du ereduak "lan akademiko eta tekniko bat" duela oinarri.
Zehazki, Iruñari esleipena murriztu zaiola-eta Chivitek esan duenez, hiriburuak datorren urtean "86 milioi baino gehiago izanen ditu, baina 2025ean, adibidez, jada 91 milioi izanen dira".
Gainera, "pandemiaren ondorioz iaz 25 milioi jarri genituen udalentzat, eta Toki Ogasunei buruzko Legearen aldaketak toki erakundeei aukera ematen die gaindikinak errazago baliatzeko, prozedurak errazteko eta kontratazio aurreratuaren espedienteak tramitatzeko. Guztira, aurten udalerri eta kontzejuek 275 milioi izan dituzte zerbitzu publikoak mantentzeko eta hobetzeko", esan du.
María Chivitek iragarri duenez, "aurten edo datorren urtean amaituko da Toki Inbertsioen Plana, eta bertan 10,6 milioitan haziko da udal azpiegiturak hobetzeko inbertsioa. Epe luzeagora begira, eguneratu egin nahi ditugu Toki Administrazioari buruzko Legea eta kontabilitateari, aurrekontuei eta gastu publikoari buruzko dekretuak", adierazi du.
María Chivitek esan du Foru Komunitateko osasun laguntzako itxaron zerrenden datuak "txarrak" direla eta egoerak "pandemia dela-eta okerrera" egin duela.
Horren harira, "presakoak ez ezik, sakonekoak ere badiren neurriak prestatzen ari gara, hala nola antolamendukoak eta kontzeptualak, lehentasunak ezartzekoak eta irizpideei buruzkoak; teknologia berriak indartu eta errehabilitaziorako baliabideei eta soziosanitarioei ere eusteaz gainera", azaldu du.
Itxaron zerrendez gain, gobernuburuak osasun arloko beste erronka bat aipatu du, alegia, Oinarrizko Osasun Laguntzaren hobekuntza. Haren hitzetan, "hor ahalegina eginen dugu baliabideei eta kudeaketari dagokienez, zeren aurrez aurreko arreta lehengoratu eta irisgarritasuna indartu beharra baitugu Oinarrizko Lehen Laguntzan, eta itxaroteko epeak laburtu laguntza espezializatuan".
Hala, Oinarrizko Osasun Laguntzan, "geure buruari jarri diogun erronka da abenduaren erdialderako aurrez aurreko laguntza pandemiaren aurreko parametroetara ekartzea".
Chivitek esan du, gainera, egiturazko arazo bat daukagula aspaldiko urteetan, "osasun arloko profesionalen gabezia". Iragarri duenez, "COVID indargarriko profesionalen % 70ek lanean segituko dute garai hauei aurre egiteko. Kudeaketa ere berritu egin behar dugu, eta teknologiaren eta beraren aurrerapenen bitartez hobekuntzak finkatzen joan gaitezke; berdin azpiegiturekin", esan du.
Osasun Departamentuak, "kontseilaria buru", eta profesionalek pandemian zehar egindako "lanaren balioa" goraipatu ondoren, Chivitek adierazi du lan-eskaintza publikoak bizkortu eginen direla. "Legegintzaldi honetan jada 1.200 lanpostu baino gehiago eskaini dira, eta ehun bat erizainekin indartuko ditugu osasun zentroak, antolamendu eredu modernoago eta osoago bat ezarrita", azaldu du.
Lan-eskaintza publikoez eta BAME lanpostuez gain, "bajak estaltzeko langileen bila" ari direla adierazi du. Halaber "erizaintzaren egitura indartuko dugu oinarrizko osasun eskualdeetan". Urte amaierara arte 44 profesional izanen dira, irisgarritasun txikiena duten osasun zentroetarako. "Indargarri horien atzetik beste batzuk etorriko dira jada 2022an, harik eta ehun profesional baino gehiago izan arte", esan du.
Lehendakariak "akordio sozial eta politikoa" eskatu du bere hitzaldian. "Desiragarria litzateke, eraldaketa eta inbertsio oso handiak eskatzen dituzten erronka horiei adostasun zabalarekin eusteko; horixe proposatuko dugu, sistema sendoa, erreferentziakoa, XXI. mendeko sistema izaten jarraitzeko helburuarekin".
COVIDaz harago, María Chivitek beste jarduketa batzuk hartu ditu hizpide, besteak beste "eutanasiarako eskubidea. Nafarroan badira 11.000 baino gehiago aurretiazko borondateen agiria egin duten pertsonak, eta horrek, zalantzarik gabe, eskubideetan aurrera egitea eragin du", azpimarratu du.
"Beste mugarri historiko bat espetxe-osasunaren arloko transferentzia" dela adierazi du. "Aurrera goaz administrazioen arteko lankidetzarako eredu batean; pandemian zehar eredu hori mamitu egin da, eta, gainera, bihotzeko kirurgia konplexua bezalako zerbitzuak hobetzeko aukera eman digu, Errioxarekiko hitzarmena dela medio".
María Chivitek adierazi du "laster" aurkeztuko dutela proposamen bat, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak 2019an euskara enplegu publikorako merezimendu gisa baliogabetu ondoren eskualde mistoan eta ez-euskaldunean.
Lehendakariak gaineratu duenez, lanean jarraitzen dute "Administrazioaren barneko prestakuntzaren eta herritarrentzako prestakuntzaren alorrean", eta "Euskararen bigarren Plan Estrategikoa edukiko dugu, 2027ra bitarteko aldirako".
Bere hitzaldian Chivitek nabarmendu nahi izan du, bestalde, Bizikidetza Plan Estrategikoa, "elkarrizketa, parte-hartzea eta lankidetza abiaburu izanik lortu den mugarri nagusia. Plan hau konpromiso bat baino zerbait gehiago da, sineste bat da", azpimarratu du, eta ondoren gehitu du "gizakien bizikidetza eta garapena hobetzeko proposamen eraldatzailea" dela.
Orain, "ditugun erronketako bat da, plana prestatu eta gero, biltzen dituen ekintzak abian jartzea. Eta horretan jarraituko dugu gogotsu eta buru belarri", baieztatu du.
Hezkuntzaren arloan, Gobernuko lehendakariak honako hau nabarmendu du: "Hezkuntza gizartearen zutabe nagusi bat da, xede dugun eredu sozial eta ekonomiko berriaren ezinbesteko eragile, eta uste sendoa dugu aukera-berdintasunerako bide nagusia dela. Hezkuntzak betetzen duen eta bete behar duen eginkizuna lehendik ere argi ikusten bagenuen, pandemiak berretsi egin digu gure sistema indartzen eta modernizatzen jarraitzeko premia hori", baieztatu du.
"Hain zuzen ere", erantsi du, "gaur egun abian dira edo departamentua bultzatzen ari da legegintzaldirako akordioan jasotako konpromisoen % 75 baino gehiago". Gainera, "legegintzaldi honetan hezkuntza arloko inbertsioa BPGaren % 5 ingurukoa" izatea balioetsi du. "Aurten % 4,22koa da, eta hezkuntza publikoa lehenetsi da sistemaren bizkarrezur gisa", esan du.
María Chivitek baieztatu duenez, Estatuko LOMLOE legearen onespena dela-eta "beharrezkoa da etapa guztietarako foru aginduak eta curriculuma garatzea". "Laster izanen dugu curriculum berria, eta hor jasoko ditugu terrorismoaren azterketa eta bizikidetza. Duela egun batzuk aurkeztu dugun txostenak urratsak egiten jarraitzeko beharra frogatzen du, eta jada horixe ari gara egiten unitate didaktikoekin", adierazi du.
Arau-esparru horretan, gobernuburuak hau azaldu du: "Lehen Hezkuntzako itunak berritzerakoan, ikasleak generoaren arabera ez bereizteko eskatu zaie ikastetxeei. Bi ikastetxek ez dute bete eskatutakoa; lanean ari gara bete dezaten, eta, behar izanez gero, neurri egokiak hartuko dira", azaldu du.
Chivitek baieztatu duenez, "gobernu honentzat hezkidetza funtsezko printzipioa da; horregatik foru dekretua izapidetu dugu jada, eta Skolae programa ikastetxe guztietan ezartzeko bidean gaude".
Horrez gain, Gobernuko lehendakariak erantsi du "garrantzizko beste konpromiso bat" dela "0-3 urte arteko haurren doako hezkuntzara jotzea. Gure helburua da hiru urteko epean 1.100 irakaslekutik gora gehitzea Haur Hezkuntzako lehen zikloan, ia 12 milioiko inbertsioa eginda azpiegituren egokitzapenean. Ikasturte hau bukatu baino lehen tarifen beste jaitsiera bat onetsiko dugu eta Eskubide Sozialetako haur eskolak Hezkuntza Departamentuaren mendekoak izatera igaroko dira", azaldu du.
Chivite Eskubide Sozialetako Departamentuaren lanaz ere aritu da. Pandemian zehar ikasitakoak, "arlo honetako gure ikusmoldeari gehituta, pertsona erdigunean jartzen duen laguntza ereduranzko aldaketa bizkortzera eraman gaitu; hasiak ginen, baina bizkortu egin dugu. Dagoeneko badugu gizarte zerbitzuak baimentzeari eta haien funtzionamenduari buruzko dekretua, eta mendekotasuna edo desgaitasuna duten pertsonentzako eta babespeko adingabeentzako arreta hobetuz doa", baieztatu du.
Jada abian diren neurri eta jarduketetako batzuk zerrendatu ditu lehendakariak. Besteak beste, zaintzaile profesionalak kontratatzeko % 20ko gehikuntza, eta Gizarte Segurantzako kotizazioaren zerga-arinketa % 25etik 100era igotzea; gurpil-aulkiak, audifonoak, autonomia eta irisgarritasuna hobetzeko protesiak eta horrelako produktuak erosteko laguntzak; mendekotasunaren arloko gizarte erakundeen digitalizaziorako laguntzak; Pilar Gogorcena eguneko zentro berria, zeina 45 plazatik 60ra handituko baita; 15 plazako bizikidetza unitate bat sortzea El Vergel egoitzan; edo 10 plaza gehiago jartzea.
Chivitek Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuaren kudeaketa lanari erreparatu dio. "Horrelako departamentu bat izateak berak erakusten du nola pandemiaren aurretik, Gobernua diseinatu genuenean, argi eduki genuen berrikuntza eta digitalizazioa politika publikoen zutabe garrantzitsuak izan behar zirela".
"Gure konpromisoa da aurrera egitea Nafarroako gizartea digitala eta jakintzan oinarritua izan dadin. Eta horrek barnean hartzen du ekonomia, baina baita arlo soziala ere. Hasi hezkuntzatik edo osasungintzatik, eta eremu guztietan zehar. Eta, jakina, talentu ikertzaile eta berritzailearen alde apustu eginda", nabarmendu du.
Chiviteren hitzetan, "gure sektoreen eta enpresen berezko ezaugarriek esparru egokia eskaintzen digute berrikuntza eta digitalizazio horiek sustatzeko. Argi daukagu digitalizazioa dela berrikuntza prozesu garrantzitsuena, duen tamaina eta eraginagatik. Horregatik, sarbidearekin, gaitasunekin eta jarrerekin zerikusia duen guztian ongi jarduteko erantzukizuna dugu", azpimarratu du.
Hitzaldiaren amaieran María Chivitek baieztatu duenez, foru gobernuak berretsi nahi du "elkarrizketa dela bitartekorik onena Nafarroak aurrera egin dezan, oraina kudeatzen duen bitartean etorkizunera begiratuz eta hura planifikatuz etengabe".
Bukatzeko, María Chivitek hau adierazi du: "Gobernu honek gobernatu egiten du, badihardu, eta Nafarroa aurrera doa gizarte osoaren parte-hartzea eta lankidetza direla medio, gizarteak proposamenetan eta erantzunetan engaiatu eta parte aktiboa izan nahi baitu".
Eskerrak eman dizkie "egunero Nafarroaren alde lan egiten dutenei. Komunitate honi handitasuna ematen diote beren ahaleginarekin eta talentuarekin hura eraikitzen duten pertsonek, elkarrekin biziz, proposamenak eta ekarpenak eginez, jarrai dezagun izaten jada bagarena. Komunitate handi bat. Bizi kalitate handiko komunitate bat, zerbitzu publiko sendoak dituena, industria sektore ahaltsua, etorkizun bikaina; gobernu honek minutu guztiak eskaintzen dizkio, gure eginbeharra delako, gure erantzukizuna eta asmo sendoa", baieztatu du.
Herritarrei ere eskerrak eman dizkie "komunitate proiektu honetan partaide izateagatik, bizi izan ditugun une latzetan izandako pazientziagatik, eta elkarrekin Nafarroa hobea lortuko dugula sinesteagatik. Nafarroa haiena baita. Herritarrena. Eta erakundeok balioa erantsi behar diogu, guztien onura dakarten politika publikoen aldeko konpromisoaren bidez, oparotasun partekaturantz aurrera eginez. Eztabaida begirunetsu eta eraikitzaileekin. Gure nortasunaren osagai den aniztasuna errespetatuz", adierazi du.
Bere hitzaldiari amaiera emateko, María Chivitek baieztatu du Nafarroa lanean ari dela "aurrera egiteko gogoarekin, gure seme-alabek, gure gazteek, gizarte zuzenagoa, oparoagoa eta, hau oso garrantzitsua da, berdinzaleagoa izan dezaten".
Gonbidatuen tribunatik eztabaida entzutera joan dira, besteak beste, Espainiako Gobernuaren Nafarroako ordezkaria, José Luis Arasti; Alberto Catalán (UPNko senataria), Koldo Martínez (Parlamentuak izendatutako senataria), Toni Magdaleno (PSNko senataria), Alejandro Toquero Tuterako alkatea, Jon Gondan Zizurko alkatea eta beste hainbat.