Noiz argitaratua Astelehena, 2019.eko Abuztuak 26

Foru Parlamentari kargua hartu dute Jorge Aguirrek, Virginia Magdalenok eta Blanca Regúlezek

Kontseilari izendatu berri dituzten Gimeno, Ciriza eta Ayerdi ordezkatuko dituzte

Jorge Aguirre, Virginia Magdaleno eta Blanca Regúlez Foru Parlamentari karguaz jabetzeko bilkura egin du gaur goizean Nafarroako Parlamentuko Mahaiak.

 

Ekitaldi hori erakunde-aretoan egin da. Parlamentari berriek karguaren promesa egin dute Parlamentuko lehendakari Unai Hualde eta Mahaiko kideak diren Inma Jurío, Yolanda Ibáñez eta Juan Luis Sánchez de Muniáin aurrean zirela. Honako formula hau erabili dute bere karguaren promesa egiteko:

 

"Prometo, por mi conciencia y honor, respetar en todo momento el régimen foral de Navarra, acatar la constitución, las leyes y cumplir fielmente las obligaciones propias del cargo de parlamentarip foral”.

 

Jorge Aguirrek eta Virginia Magdalenok horrenbestez, foru parlamentari oso izateko erregelamenduzko baldintzak bete dituzte, pasa den maiatzaren 26an burututako Parlamenturako hauteskundeetan PSN-PSOEko zerrendetan 12 eta 13. postuan egon eta gero. Carlos Gimeno eta Bernardo Ciriza ordezkatuko dituzte, izendatu berri dituzten Hezkuntza kontseilaria eta Lurralde Kohesiorako kontseilaria, hurrenez hurren.

 

Blanca Regúlezek Mahaiko kideen aurrean aurrekoen formula bera erabili du eta ondoren euskaraz egin du bere karguaren promesa:

 

“Hitz ematen dut foru araubidea beti errespetatuko dudala, Konstituzioari eta legeei men egingo diedala eta Foru Parlamentari karguari dagozkion eginbeharrak zintzo beteko ditudala”.

 

Regúlez Nafarroako Parlamenturako hauteskundeetan 10. Postuan zegoen Geroa Baiko zerrendan, eta Manu Ayerdi ordezkatuko du, egungo Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilaria.

 

Fustiñanan jaioa (1977) eta bertako zinegotzi izandakoa 2007tik 2015 bitarte, Jorge Aguirre Espainiako Gobernuak Nafarroan duen Ordezkariaren gabinete burua izan da 2018az geroztik. Enpresa zientzietan diplomatua da eta PSN-PSOEko lurralde batzorde exekutiboko kidea 2014tik.

 

Virginia Magdaleno, Iruñan jaioa (1979), Zuzenbidean lizentziatua da eta Barañaingo Udaleko idazkaria izan da 2018ko azarotik orain arte. Mairagadako mankomunitatean (2018) eta Leozko udalean ere idazkari gisa lan egin du (2017-2018), eta administrazio lanetan ere ibili da hainbat udaletan.

 

Blanca Regúlez Erandion jaioa da (1970) eta abokatua da, genero indarkerian eta berdintasunean aditua. Lizarrako Abokatuen Eskolako Gobernu Batzordeko idazkaria izan da eta Emakumearen Arretarako Zerbitzuko koordinatzailea.

 

Kargua hartzeko ekitaldian izan dira Alberto Bonilla, Raquel Garbayo, Javier García (Navarra Suma), Ramón Alzórriz, Antonio Javier Lecumberri, Carlos Mena, Ainhoa Unzu, Nuria Medina, María Aranzazu Biurrun (PSN) eta María Solana, Jabi Arakama, Mikel Asiain, Uxue Barkos, Pablo Azcona, Isabel Aranburu (Geroa Bai). Ekitaldiaren amaieran Unai Hualdek hitz egin du.

 

Lehendakariak Aguirre, Magdaleno eta Regúlez zoriondu ditu eta “ardura izugarria” suposatzen duen kargu berrian “zorte ona” opa die.