Noiz argitaratua Osteguna, 2023.eko Urriak 5

Genero indarkeriagatik umezurtz gelditu direnentzako diru-laguntzak datorren urtean bideratuko dituela adierazi du Foru Gobernuak

Gizartearen izaera matxista alde batera utzi gabe, arlo penaletik haratago doazen politikak egiteko benetako apustu eraginkorra eskatu duen EH Bilduren interpelazio bati erantzun dio

Félix Taberna Nafarroako Gobernuko lehen lehendakariorde eta Lehendakaritza eta Berdintasun kontseilariak iragarri duenez, datorren urtetik aurrera genero indarkeriagatik umezurtz gelditu direnei zuzendutako dirulaguntzak bideratuko ditu Foru Gobernuak.

 

Hala adierazi du EH Bilduren interpelazio bati erantzunez Gobernuaren kontrolerako Osoko Bilkuran. Tabernak, era berean, egoera baliatu du aurreratzeko Sexu Indarkeriei Arreta Integrala Emateko Zentroa "martxan jartzen" ari direla, 24 orduz eta astean zazpi egunez irekita egonen dena, eta "leihatila bakarra" sortuko dela emakumeen aurkako indarkeriaren biktimentzako akreditazioetarako.

 

Eman dituen datuen arabera, aurten, abuztuaren 31ra arte, 1.517 salaketa jarri dira Foru Erkidegoan indarkeria jasateagatik, aurreko urteko aldi berean baino % 21 gehiago, eta salaketa horiek "sentsibilizazio eta kontzientziazio handiagoak" ekarri dituela adierazi du. Abuztuan 198 polizia-salaketa erregistratu dira Foru Erkidegoan emakumeen aurkako indarkeriagatik. Horietatik % 56 indarkeria fisikoagatik eta psikikoagatik; % 13 indarkeria psikikoagatik; % 17 babes-agindua urratzeagatik; eta % 14 sexu-indarkeriagatik.

 

Genero-indarkeriagatik umezurtz gelditu direnei ematen zaien laguntzari dagokionez, azaldu du "berehalakoa eta kudeaketa errazekoa" izango dela, eta bateragarria izango dela beste prestazio batzuekin, hala nola zurztasun-pentsioarekin edo larrialdietarako laguntzekin.

 

Félix Tabernak nabarmendu duenez, "erakundeok emakumeen aurkako indarkeriaren aurrean erantzun integrala emateko betebeharra dugu, biktimen eta haien seme-alaben babesa eta segurtasuna indartuz".

 

Aurreratu duenez, INAIk Sexu Indarkeriei Arreta Integrala Emateko Zentroa abian jarri du. Zentro espezializatua da, "astean 7 egunez, egunean 24 orduz eta urtean 365 egunez" irekita egonen dena sexu-indarkerien esparruan prebentziorako eta arreta "integrala eta diziplinartekoa" emateko.

 

Era berean, INAIn "leihatila bakarra" sortuko dela iragarri du, emakumeen aurkako indarkeriaren biktimen akreditazioetarako. Orain arte, INAIk emakumeen aurkako indarkeriaren biktimak etxebizitza babestua eskuratzeko akreditatzen ditu. Indarkeriaren biktimentzako gainerako akreditazioak Delituaren Biktimei Laguntzeko Bulegoak egiten ditu, Justiziako Gizarte Zerbitzuaren mendekoak. "Errekonozimendu horrek aukera ematen die emakumeen aurkako indarkeriaren biktimentzako prestazio, laguntza eta baliabide guztiak eskuratzeko, babes ofizialeko etxebizitzen erreserba izan ezik", nabarmendu du.

 

Bestalde, datorren azaroaren 23an eta 24an Europako Berdintasun ministroen bilera Iruñean egingo dutela iragarri du. "Goi-bilera hori baliatu behar dugu, Nafarroatik, indarkeria matxistaren errealitatea eta Nafarroak indarkeria hori desagerrarazteko duen borondatea azaltzeko".

 

Irati Jimenezek (EH Bildu) legegintzaldi honetan "aurrerapauso kualitatiboa" eskatu dio Nafarroako Gobernuari, baita berdintasun politiken aldeko "benetako apustu eraginkorra, mugimendu feministarekin elkarlanean. Genero indarkeria ukatzen duten horien esparruetatik ihes egin behar dugu”, azpimarratu du.

 

Mugimendu eta kolektibo feministekin “sarean” lan egiteko deia egin du, administrazioen arreta “koordinatua eta interkonektatua” bermatzearen garrantzia azpimarratu du eta “arlo penaletik haratago” doazen politiken aldeko apustu irmoa eskatu du. Jimenezen ustez, genero indarkeriaren aurkako kontzentrazioen leloa "Stop erasotzaileak" goiburuagatik aldatzeak "indarkeriak generoa duela alde batera uztea esan nahi du", eta amaitzeko, adierazi du "gizarte matxista bat” dugula, "modu estrukturalean" aurre egin behar zaiona.

 

Garatzen ari diren politikek "indarkeria matxistan benetako eragina" duten aztertzeko deia egin du Leticia San Martinek (UPN). Deigarria izan da salaketen gorakada "handia", batez ere gazteenen artean. "Ez dugu konformatu behar kontzientziazio handiagoa dagoela esatearekin, aitzitik, hausnartu behar dugu zergatik martxan jartzen ditugun politikek ez dituzten gizonak kontzientziatzen”, gaineratu du.

 

Kevin Lucerok (PSN) adierazi du genero indarkeriaren biktimen datuak "icebergaren punta" direla. “Indarkeria matxista egiturazkoa da eta konponbide estrukturalak behar ditu, baita lan etengabea eta erreala politika publikoen eremu guztietan ere, Nafarroako Gobernua egiten ari den bezala”. Voxen ordezkariei ziurtatu die "genero indarkeria existitzen dela", eta "kontakizun ultrarekin bat egin duen eskuin moderatuari" eskatu dio "bere eskakizunei men egiten ez jarraitzeko".

 

Blanca Regulezek (Geroa Bai) nabarmendu du genero indarkeria giza eskubideen urraketaren eta desberdintasunaren "adierazpen gorenetako bat" dela, eta nabarmendu du "Nafarroako Gobernuak garatutako politika guztietan lanean jarraituko" dutela indarkeria horiek prebenitzeko, aurre egiteko eta desagerrarazteko. Giza eskubideen eta eskubide demokratikoen alde agertu da, eta azpimarratu du “ez dugula etsiko emakume bakar batek indarkeria jasaten duen bitartean".

 

Maribel García Malok (PPN) adierazi du bere alderdiak "konpromiso irmoa" duela genero-indarkeriaren eta emakumeen aurkako edozein erasoren aurka borrokatzeko. Salaketen "kopuru historikoen" aurrean ukatu egin du "kontzientziazio handiagoa" dagoela, "arazoa minimizatzea" delako. Hori dela eta, zifra horiek "sakon aztertzeko" eskatu du, "zenbaki horiek zergatik ematen diren jakiteko gakoak emateko".

 

Miguel Garridok (Contigo-Zurekin) defendatu duenez, genero indarkeriaren aurkako borroka "ez da zigor-ikuspegi batetik egin behar. Segurtasun materiala, hezkuntza eta babes soziala bermatzea borroka honen giltzarri izan behar dira", azpimarratu du. Horrekin batera, "borroka politiko eta kulturala" ere aipatu du, eta berdintasunaren aldeko jarrera "erabat irmoa" nabarmendu du, "nahi eta nahi ez". "Diskurtso bakarra izanen duen erakundeen batasuna" eskatu du.

 

Voxek uko egin dio eztabaidan parte hartzeari.