Noiz argitaratua Ostirala, 2021.eko Azaroak 19

Haurrentzako politikei buruzko osoko bilkura monografikoa

Parlamentuak konpromisoa hartu du bateratzearen, pediatra lanpostuak betetzearen eta pobrezia ezabatzeko borrokaren alde

Parlamentuko Osoko Bilkurak gaur eztabaida monografikoa egin du Haurrentzako politikei buruz, Navarra Suma, PSN, Geroa Bai eta EH Bildu talde parlamentarioek, Podemos-Ahal Duguko foru parlamentarien elkarteak eta I-E talde parlamentario mistoak eskaturik.

 

Guztira, taldeek hamar erabaki-proposamen aurkeztu dituzte: hiru Navarra Sumak; bi PSNk, Geroa Baik, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek batera; bat PSNk, Geroa Baik eta Podemos-Ahal Duguk batera; hiru EH Bilduk, eta bat Izquierda-Ezkerrak. Navarra Sumaren bi erabaki-proposamen eta EH Bilduren hirurak atzera bota dira. Gainerakoak onetsi egin dira.

 

Eledun bakoitzak 20 minutuko txanda bakarra izan du bere jarrera azaltzeko eta bere erabaki-proposamenen alde hitz egiteko (parlamentari talde edo elkarte bakoitzeko hiru, gehienez ere). Gobernuak ere beste horrenbeste denbora izan du bere jarrera azaltzeko.

 

Navarra Sumak osasunaren, hezkuntzaren eta familia politikaren hobekuntza eskatu du Nafarroako haurrentzat

 

Marta Álvarezek (Navarra Suma) haurrek osasunerako duten eskubideaz aritu da bere hitzaldiaren zati batean. "Pandemiak abandonua eragin du lehenik, eta gaixorik ez dauden haurren kontrol eta jarraipenaren eta haurrak txertatzeko egutegiaren atzerapena gero", azpimarratu du. Gainera, erantsi duenez, "metatutako atzerapenei gehitu behar zaie arreta pediatrikoa aspaldian okerrera egiten ari dela eta oinarrizko osasun laguntzan Pediatriako lanpostuen % 30 espezialistek bete gabe daudela; ehuneko hori % 60ra iristen da Erriberan".

 

Hau ere ohartarazi du: "Espainiako eta Nafarroako hezkuntza sistemak luzaroegi arautu dira lege sozialisten bidez, zeinek hezkuntza kalitatearen azken postuetara eraman baitute gure herrialdea, eta ez dira gai desberdintasunak konpentsatzeko".

 

Apustu egin du, halaber, "familia guztiei laguntza eta babesa" ematearen alde, hala aita-amek eta seme-alabek osatuei nola guraso bakarrekoei, sexu bereko gurasoek osatuei eta hartutako edo adoptatutako seme-alabak dituztenei. "Eta guk ez dugu tartean sartu behar, salbu eta indarkeria, tratu txarrak edo abandonua daudenean", halakoetan esku hartu behar baitu Administrazioak.

 

Horrenbestez. eskatu du Nafarroako Gobernua premia dadila familien trataera fiskala hobetu dezan, PFEZean norbanakoen eta familien gutxienekoen murrizketa sistema berreskuratuz, kenkari fiskalak handituz familia ugari orokor eta bereziei, guraso bakarreko familiei, harrera- eta adopzio-familiei eta seme edo alabaren bat desgaitasuna duen familiei.

 

PSNk apustu egin du haurrentzako arretarako “eredu zaharkitua aldatzearen” alde

 

PSNren izenean, Nuria Medinak nabarmendu egin du Nafarroako Gobernua haurrei buruzko foru legea onesteko egiten ari den lana. "Lege aitzindaria izanen da, Nafarroa haurren babesaren arloan aurrean jarriko duena, eta benetako paradigma aldaketa ekarriko du".

 

Medinak esan duenez, "oraingo honek haurren legegintzaldia izan behar du", eta "geure buruarekin kritiko izan behar dugu eta aitortu haurrei zuzendutako politikak ez direla lehenetsi aspalditik". "Gobernu hau lanean ari da eredu zaharkitu bat aldatzeko, haurren premiei erantzuten ez diena eta eraginkortasunik gabekoa", baieztatu du.

 

Era berean, adierazi duenez, 0-3 urte arteko haurren heziketa zikloa doakoa izateko urratsak egin dituzte, “tresna indartsua baita eskola porrotaren aurka borroka egiteko eta askoz aukera gehiago sortzeko”, eta onarpenari buruzko dekretua prestatu dute premia bereziak dituzten ikasleen eskolatze orekatua lortzeko, horixe baita “hezkuntza sistema askoz inklusiboagoa eraikitzeko abiapuntua”.

 

Nabarmendu du nola Gobernuak apustu egin duen hezkidetzaren alde —bereziki azpimarratuz berdintasunezko hezkidetza adingabeen eskubidea dela—, baita sexu- eta afektibitate-hezkuntzaren alde ere. Azken horrek “pornografiaren bidezko ikaskuntzatik babesten ditu”, zeina bateraezina baita “berdintasunezko sexu- eta maitasun-harremanekin”.

 

Prebentzioak haurrei buruzko politiketan "erabateko lehentasuna" du Geroa Bairentzat

 

Geroa Baiko Isabel Aranburuk prebentzio neurri eta programen alde hitz egin du, haurrekin zerikusia duten politika publikoetan "erabateko lehentasuna" behar dutela esanez. Halaxe jasoko da jada prestatzen ari den foru legean, izan ere "esparru juridiko egokia eskainiko baitu haur eta nerabe guztiek beren eskubideak balia ditzaten".

 

"Lehentasunezko helburua da desberdinkeriaren zikloa, herentziazko pobrezia etetea", baieztatu du Aranburuk, eta hau gaineratu du: "Gobernu osoak ekin behar dio lanari, ez departamentu bakar batek, horrela bakarrik izanen direlako eraginkorrak adingabeek osasunaren, hezkuntzaren, ingurumenaren eta kulturaren alorretan dituzten eskubideak".

 

"Nafarroako haur eta nerabeen ongizatearen alde asko gelditzen zaigu egiteko", aitortu du, eta, horregatik itxaropentsu ere agertu da familiei, haurrei eta nerabeei laguntza emateko hurrengo plana prestatzen ari delako, bai eta Haur eta nerabeentzako laguntza eta babesari eta familia sustatzeari buruzko Foru Lege aurreproiektua ere, hurrengo jarduketen "ardatz" gisara.

 

"Adingabeek lekua izan behar dute politika guztietan, eta politika eraginkorrak eta asmo handikoak behar ditugu, haurrengan inbertitzea gure gizartearen etorkizunean inbertitzea delako", baieztatu du. Aldez aurretik Gobernuaren plan horien "funtsezko bi osagaiak" baloratu ditu, alegia, egungo politiken eraginaren azterketa, eta politika horietarako aurrekontu esleipena.

 

EH Bilduk apustu egin du haurrentzako prebentzio komunitarioaren alde

 

EH Bilduko parlamentari Patricia Peralesek esan duenez, "asko hitz egin da hezkuntzari buruz, baina arreta ez-formala ere garrantzitsua da; bermatu egin behar da eskoletatik kanpoko espazioa, eta ikuspegi komunitario baten bidez arreta etengabea sustatzera iristen ahal da".

 

Peralesek eskatu du haurrei buruzko etorkizuneko legean ofizialki onar dadila 'haurrentzako elkarte komunitario' izendapena, "atzean baititu metodologia oso bat, sistematizazio bat eta nola jokatu behar den erakusten duen oinarri teoriko bat, eta hori legean jaso behar da". "Babes publikoaren sisteman sartu behar da esparru komunitario hori guztia, esparru komunitarioaren eta erakundearen arteko elkarlana behar delako", azpimarratu du.

 

Perales kritiko agertu da Navarra Sumarekin eta PSNrekin, zeren eta, nahiz eta 2016an aho batez onetsi Haurren aldeko Aliantza, non jaso baitzen lan komunitarioari begira babes integraleko sistema bat prestatu eta garatu beharra, Iruñean lehendik zegoen sarea “ezabatu egin baita bi alderdi horien borondate politikoa tarteko”.

 

Hori “arduragabekeria hutsa” dela esan du, eta gaitzetsi ditu “Navarra Sumaren koherentzia falta” eta “diskurtso demagogikoa”, haren erabaki-proposamenek talka egiten baitute “beti defendatu duen” eta “aberatsen eta pobreen arteko desberdintasun gehiago eragiten dituen pribatizazio ereduarekin”.

 

Podemos-Ahal Duguk nabarmendu du eskola publikoak garrantzi handia duela haurrak babesteko

 

Podemos-Ahal Duguko eledun Mikel Builek azpimarratu duenez, "haurrak gaur egun gizartea bezain askotarikoak dira, eta desberdinkeria berak jasan behar dituzte". Haren iritziz "funtsezkoa" da eskola "inklusiboa" izatea eta borroka egitea "bereizkeriaren kontra" eta "galbahe ekonomiko, kultural, erlijioso edo generokoen kontra".

 

Beste alde batetik, zerbitzu komunitarioen "murrizketak" kritikatu ditu eta apustu egin du "herritar guztiek beren komunitatean parte hartu eta loturak sortzeko aukera izatearen alde, horrek ingurune babesleak eta belaunaldiartekoak sorraraziko baititu".

 

Azkenik, haurrek pairatzen duten pobrezia nabarmendu du. Aldeztu duen erabaki-proposamenak zenbait politika "familiazale" ezbaian jartzen ditu, "progresiboak izan ez direnak eta zerga alorrean seme-alaben kopurua lehenetsi izan dutenak, familia ugariak jarri dituztenak erdigunean, guraso bakarreko familiak alboratuta".

 

Gaur egun pobrezia larria "heldu batek eta bi haurrek osatutako familia-unitateetan" dagoela azpimarratu ondoren, Builek azaldu du Podemos-Ahal Duguren erabaki-proposameneko eskakizuna dela alor horretan onetsiz joan diren laguntza guztiak "ebaluatzea eta haien eraginkortasuna neurtzea".

 

Izquierda-Ezkerra esku-hartze sozialeko langileen lan baldintzei heltzearen alde

 

I-Eko eledun Marisa de Simónek, azkenik, apustu egin du "esku-hartze sozialaren arloko langileen lan baldintzei" heltzearen alde, "arreta berezia jarriz haien lanak dituen arrisku psikosozialen prebentzioan".

 

Hala, beraren iritziz "garrantzi handikoa da esku-hartze sozialaren arloko hitzarmena; ez du geldirik egon behar eta aurrera egin behar du, langileek prestakuntza ahalik eta onena izan dezaten, beren lanean eraginkortasuna bermatzeko bidea emanen dieten baldintzekin eta soldata eta ordutegi-baldintza duinekin".

 

Nafarroako Gobernuak haurrak babesteko "bihotz-zabaltasuna" eskatu die taldeei

 

Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako kontseilari Carmen Maeztuk haurrei eta familiei laguntzeko politiken aldeko apustua nabarmendu du. Arlo horretan 742 milioi euroko inbertsioa egin zen iaz. "Aurrekontuan lehentasuna" izan dute, eta haurrei laguntzeko lege berrian "berdin eutsiko diegu". Lege hori "jauzi bat aurrera izanen da haurren eskubideen bermeari dagokionez".

 

Kontseilariak legegintzaldi honetan Nafarroako Gobernuak abian jarritako jarduketak aletu ditu, eta garatzen jarraitu behar diren ekintzak ere zerrendatu ditu; besteak beste, komunitateko eta sareko lanari eta erreferentziako familia-harrerari bultzada ematea.

 

Beste ekintza hauek ere aipatu ditu: egoitza-baliabideak eta eguneko egonaldikoak babes sistemako adingabeentzat egokitzea, egoitza-harrerako zerbitzuetarako baliabide teknologikoak jartzea, eta Haurrak eta nerabeak indarkeriaren aurrean babesteari buruzko ekainaren 4ko 8/2021 Lege Organikoaren ezarpenerako plana garatzea.

 

Gonbidatuen palkotik bilkurari adi egon dira Mikel Aguirre eta Maider Gabilondo Unicefeko ordezkariak, Mariluz Sanz CERMINeko lehendakaria, Amparo Ruiz Hezitzaileen Elkargoko lehendakaria, Maite Ziganda SEI elkartekoa, Elena Antoñanzas Osasun Departamentuko ordezkaria, Inés Frances Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako zuzendari kudeatzailea, María Alba Fernández Gizarteratze-lanaren, Babes Sozialaren eta Familiaren Araubide Juridikoaren Ataleko burua, eta Celia Pinedo Coworkids programakoa.

 

Onetsitako erabakiak:

 

Navarra Sumak aurkeztutako erabaki proposamena:

 

1.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du martxan jar ditzan neurri eraginkorrak gaixorik ez dauden haurren kontrol eta jarraipenerako bisitetan eta haurrak txertatzeko egutegian gertatzen ari diren atzerapenei aurre egiteko. Neurri horietako bat izanen da presaz betetzea Oinarrizko Osasun Laguntzan hutsik dauden Pediatriako lanpostuak.

 

2.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du berehala har ditzan beharrezkoak diren neurriak Pediatriako espezialitateetan eta Haur eta Gazteen Osasun Mentalean izaten ari diren itxaronaldi onartezinak laburtzeko.

 

3.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du eskubide gisa arautu dezan, desgaitasunaren prebentzioa ez ezik, baita mendekotasunaren prebentzioa eta haurren garapeneko beste nahasmendu batzuen prebentzioa ere, neurri hauek direla medio: jaioberrien baheketa osoagoa, osasun mentaleko arazoak agertzea saihesteko prebentziozko prestazioak, obesitatearen prebentzioa, eta alkohol, tabako eta droga kontsumoaren eta bestelako adikzioen prebentzioa, jokoarekiko eta pantailekiko adikzioak barne.

 

4.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du eskubide hau berma dezan: 0-6 urte bitarteko haurrentzako arreta goiztiarra familia eta ingurunea ardatz duten ereduen arabera egitea, familiaren gaitasunak areagotuz eta ingurune komunitario inklusiboak sustatuz.

 

5.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du lehenbailehen ebalua ditzan haur eta nerabeen aurkako indarkerien prebentzioari, detekzioari eta erreparazioari buruzko bere politikak.

 

Navarra Sumak aurkeztua. Navarra Suma eta EH Bilduren aldeko botoekin, Izquierda-Ezkerraren abstentzioarekin eta PSN, Geroa Bai eta Podemos-Ahal Duguren aurkakoarekin onetsi da.

 

PSNk, Geroa Baik, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek aurkeztutako erabaki proposamenak:

 

1. proposamena

 

Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du:

 

1.- Jarrai dezan hezkuntza sistema inklusiboa eraikitzen. Aurrera egin dezan eskola segregazioaren aurkako borrokan. Jarrai dezan aplikatzen onarpenari buruzko 33/2021 Foru Dekretua, berariazko hezkuntza premiak dituzten ikasleen eskolatze orekatua lortzeko eta inklusioari buruzko foru agindu berri bat onesteko urratsak egiten dituena. Foru agindu horrek detekzio goiztiarrerako mekanismoak indartu behar ditu eta hezkuntza ekitatea bermatu.

 

2.- Abiarazi diren akonpainamendu unitateen ildoan, profil sozialekin, hainbat ikastetxetan, jarrai dezan bitartekoak indartzen eskola uztea gutxitzeko eta ikasle guztien arrakasta bermatzeko.

 

3.- Lanean jarrai dezan 0-3 urte bitarteko haurren hezkuntza hezkuntza sistema publikoan sartzeko.

 

4.- Gure Komunitateko hezkuntza sistemaren egiturazko ardatz gisa hezkidetza garatzen jarrai dezan, adingabeek berdintasuna eta aniztasuna bezalako balio demokratikoez jantzitako eta genero baldintzatzailerik gabeko hezkuntza jasotzeko duten eskubidea bermatuz.

 

5.- Adingabeen babes indartua bultza dezan, pornografiarako sarbiderik izan ez dezaten. Horretarako funtsezkoa izanen da Hezkidetzari buruzko Foru Dekretua aplikatzea, curriculumaren barnean jasotzen baitu sexu- eta afektibitate-hezkuntza haur eta nerabeen nahitaezko eskola curriculumaren barnean.

 

6.- Jarrai dezan apustu egiten Lanbide Heziketa Duala sustatu eta garatzearen alde, hura funtsezko tresna baita gure hezkuntza sistema modernizatzeko, lan irtenbideak eskariei egokitzeko eta gazteei aukera gehiago eta hobeak emateko.

 

7.- Lanean jarrai dezan, Atzerritarrei buruzko Erregelamenduaren erreformaren ildotik, adingabe atzerritarren eta tutoretzapean egondako gazteen gizarteratzea sustatzeko, prestakuntzarako baliabideak eta laneratu aurreko baliabideak egokituz, haien berariazko premien arabera.

 

PSNk, Geroa Baik, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek aurkeztua. PSNren, Geroa Bairen, Eh Bilduren, Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren aurkakoarekin onetsia.

 

2. proposamena

 

Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du:

 

1.- Berariazko azterketa egin dezan haurren pobreziari eta gurasobakartasunari buruz, garatu diren politiken eta horiek orain arte izan duten eraginaren ebaluazioa egin ahal izateko.

 

2.- Lan bizitza eta familia bateragarri egiteko behar diren neurri guztiak lehenbailehen aztertu eta planteatu ditzan, egoera sanitarioa bateragarria izan dadin guraso bakarreko familien lan bizitzarekin eta ekonomiarekin, batez ere berrogeialdia egin behar denean.

 

3.- Jarrai dezan bereziki aintzat hartzen haurren pobrezia, berdintasun printzipioa bermatze aldera, berariazko neurriak eta proposamenak aurkeztuz haurren pobreziari eta horren belaunaldiz belaunaldiko iraupenari aurre egiten lagunduko dutenak.

 

PSNk, Geroa Baik, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek aurkeztua. Aho batez onetsia.

 

PSNk, Geroa Baik eta Podemos-Ahal Duguk aurkeztutako erabaki proposamena:

 

Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du:

 

1.- Garatzen jarrai dezan administrazio publikoen jarduketetan haurrek banaka nahiz taldean parte hartzeko mekanismoak, bakoitzaren adinari, gaitasunen mailari eta egoera pertsonalari egokituak, eredu harturik nola jokatu den Haur eta nerabeen laguntza eta babesari eta familia, adingabeen eskubideak eta berdintasuna sustatzeari buruzko Lege aurreproiektua prestatzerakoan.

 

2.- Langile publikoentzako prestakuntza programak gara ditzan, eta haur eta nerabeen egiazko parte-hartzeari buruzko edukiak gehitu ditzan unibertsitateko prestakuntza planetan.

 

3.- Parte-hartze sozial, komunitario eta zibikoa jaso dezan Lehen Hezkuntzako eta DBHko eskola curriculumean, eta haur eta nerabeek parte hartzeko autonomia garatzea helburu duten prestakuntza jarduerak susta ditzan eskola esparruan zein kanpoan.

 

4.- Haur eta nerabeen parte-hartzeari buruzko prestakuntza planak susta ditzan guraso elkarteentzat.

 

5.- Parte hartzeko eta sarean lan egiteko metodologiak indartu ditzan, hala nola ikaskuntza-zerbitzua delakoa, administrazio publikoen, gizarte erakundeen eta haur eta nerabeen arteko baterako proiektuetan.

 

6.- Hainbat ikastetxetako haur eta nerabeek parte hartzeko topaketei bide emanen dieten proiektuak susta ditzan.

 

7.- Horien aplikazioari buruz aholka dezan eta Nafarroako Gobernuak egindako “Haurrek eta nerabeek toki mailan parte hartzeko organoak diseinatzeko gida” zabal dezan.

 

8.- Parte hartzeko organo egonkorrak susta ditzan, hala nola haur eta nerabeek parte hartzeko kontseiluak, bai eta haur eta gazteen elkarte ehuna ere.

 

9.- Nafarroako Gobernuak, haur eta gazte elkarteen eta ikastetxeen laguntzarekin, urtero txosten bat egin dezan udalerri bakoitzean haur eta gazteek beren eskubideak baliatuz parte hartzeko garatutako proiektuen nondik norakoari buruz. Txosten horrek jardunbide egokien berri zabaltzeko balio behar du.

 

10.- Behar diren baliabideez hornitu ditzan (material teknikoez zein prestakuntzako materialez) Nafarroako eskualde guztietako haur eta nerabeak, parte hartzeko duten eskubidea erabili ahal izateko.

 

11.- Toki eremuan haur eta nerabeen parte-hartzea sustatzen duten elkarte komunitarioen sorrera eta garapena babes ditzan.

 

12.- Haur eta nerabeek parte hartzeko proiektuen garapenerako lokal eta gune publikoen sare bat antola dezan: parte hartzeko etxeak, kanpamentuetako etxeak eta kanpatze guneak, besteak beste.

 

13.- Astia eta aisialdiko proiektu komunitarioetarako dirulaguntzen deialdietan haur eta nerabeen parte-hartze sozial, komunitario eta zibikoa xede duten proiektuak lehenets ditzan. Sarbide unibertsala sustatzen duten proiektuak lehenets ditzan.

 

14.- Desgaitasuna duten haur eta nerabeek kulturarako eta kirolerako sarbide izateko programak susta ditzan, eta behar diren baliabideez hornitu, haiek erabili, ulertu eta gozatu ahal izateko.

 

PSNk, Geroa Baik eta Podemos-Ahal Duguk aurkeztua. Aho batez onetsia.

 

Izquierda-Ezkerrak aurkeztutako erabaki proposamena:

 

Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du:

 

1.- Adingabeen babesean, hezkuntzan eta prestakuntzan esku hartzen duten eragileen arteko lankidetzarako ingurunea arau dezan. Horretarako bitartekoak izanen dira adingabeen eskubideak urratzen diren egoeren prebentziorako eta detekziorako nahitaez bete beharreko protokoloak eta adingabeak artatu eta babesteko beharrezkoak diren jarduketak.

 

2.- Adingabeak babestu eta artatzeko zentroetako esku-hartze sozialeko langileen arrisku psikosozialei aurrea hartzeko programak indartu ditzan, zentro horietako langileen lan baldintzak nabarmen hobetzen dituen esku-hartze sozialaren arloko hitzarmen berria betez eta hobetuz, kasua bada.

 

3.- Adingabekoentzako Behaketa eta Harrera Zentroa zuzeneko kudeaketa publikora alda dezan, Gizain fundazio publikoaren ardurapean jarriz, hala aurreikusi baitzen fundazio hori eratu zenean.

 

Izquierda-Ezkerrak aurkeztu du. PSNren, Geroa Bairen, EH Bilduren, Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren aurkakoarekin onetsia.

 

Baztertutako erabaki-proposamenak:

 

Navarra Sumak aurkeztutako erabaki-proposamenak:

 

1. proposamena

 

1.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du baliabide gehiago ezar ditzan ikasleen absentismoari eta eskola porrotari aurrea hartzeko. Horretarako laguntza, indartze eta arreta sare bat eratu behar du, zailtasunak dituzten ikasleei laguntza, sostengua eta baliabideak eskaintzeko. Toki administrazioek, oinarrizko gizarte zerbitzuek eta arloan esperientzia duten hirugarren sektoreko entitateek osatuko dute sare hori.

 

2.- Ildo beretik, Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du integrazio eta laguntza gelak sor ditzan, toki administrazioekin eta hirugarren sektoreko entitateekin lankidetzan, hezkuntza laguntzako berariazko premiak dituzten ikasleen eskola beharrizanei erantzuteko (ikasle migratzaileei gizarteratzen eta eskolan moldatzen laguntzea, hizkuntza, zailtasun akademikoak dituzten ikasleen hezkuntza mailak indartzea, familia eta gizarte arazoak dituzten ikasleentzako eskola arreta, besteak beste), eskola porrotera eta gizarte bazterkeriara eraman ditzaketen faktoreak eskola ordutegitik kanpo konpentsatzea lortzeko. 

 

3.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako eta Espainiako gobernuak premiatzen ditu urratsak egin ditzaten, neurri egokiak ezarriz, haur bakar bat ere ez dadin hezkuntza sistematik irten adin nagusitasunera iritsi baino lehen eta gizarteratze eta laneratze egokirako aukera ematen duten gaitasunak bereganatu gabe. Bereziki azpimarratu behar dira gaikuntza eta inklusio digitala oso gaztetatik hasita.

 

4.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du kartsuki jardun dezan haurren pobrezia ezabatzeko, benetan inklusiboak diren politikak garatuz, pobreziak belaunaldiz belaunaldi irautea eta arrazoi ekonomikoek arrakala digitala sortzea saihestuko dituztenak.

 

5.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du familientzat doakoa bilaka dezan, urratsez urrats, Haur Hezkuntzako lehen zikloa (0-3 urte arteko haurrak), behar adina lanpostuz horni dezan, eta familien askatasuna errespeta dezan, seme-alabak zer motatako ikastetxean eskolatuko diren aukeratzeko.

 

6.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du ingurumen hezkuntzako edukiak sar ditzan eskola curriculumean hezkuntzako lehen etapetatik hasita.

 

Navarra Sumak aurkeztua. PSNren, EH Bilduren, Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren aurkako botoekin, Geroa Bairen abstentzioarekin eta Navarra Sumaren aldeko botoekin baztertu da.

 

2. proposamena

 

1.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du familien trataera fiskala hobetu dezan, PFEZean norbanakoen eta familien gutxienekoen murrizketen sistema berreskuratuz, eta kenkari fiskalak handituz familia ugari orokor eta bereziei, guraso bakarreko familiei, harrera- eta adopzio-familiei eta seme edo alabaren bat desgaitasuna duen familiei.

 

2.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du PFEZean familientzako kenkariak ezar ditzan lan-bizitza eta familia bateragarri egiteko gastuengatik, eta helburu horretarako erabili beharreko baliabideen hautaketa librea errespeta dadin kenkari horietan.

 

3.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du eszedentziarako eta lanaldia murrizteko laguntzen araubide erakargarri bat ezar dezan, lan-bizitza eta familia bateragarri egiteko modu hori aukeratu ahal dezaten hala nahi duten guztiek. Laguntzen araubide horrek kontuan hartu behar ditu familia mota guztien ezaugarriak eta gizonezkoei zainketa horietaz arduratzeko pizgarriak eman beharra, zainketetan genero-rola ez betikotzeko.

 

Navarra Sumak aurkeztua. PSNren, Geroa Bairen, EH Bilduren, Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren aurkako botoekin eta Navarra Sumaren aldeko botoekin baztertu da.

 

EH Bilduk aurkeztutako erabaki proposamenak:

 

1. proposamena

 

Nafarroako Gobernua premiatzen da Nafarroako herri, auzo eta ibarretan haurrak eta nerabeak babesteko prebentzio komunitarioaren sustapenerako Foru Plana egin dezan, honako hauek bilduko dituena:

 

• Berariazko eta zeharkako helburuak eta prebentzio-ekintzak.

• Gizarte eta hezkuntza lan komunitariorako tresnak eta bitartekoak.

• Eragile eta baliabide komunitarioen mapa.

• Prebentzio komunitarioari buruzko prestakuntza proiektua, elkarte komunitarioetako, zerbitzuetako eta zentro publikoetako langile eta boluntarioentzat.

• Ebaluazio sistema.

• Bost urterako aurrekontua.

 

EH Bilduk aurkeztu du. Navarra Sumaren aurkako botoarekin, PSNren abstentzioarekin eta Geroa Bairen, EH Bilduren, Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren aldeko botoekin baztertu da.

 

2. proposamena

 

Nafarroako Gobernua premiatzen da haur eta nerabeei buruzko foru legerian prebentzio eta babes agenteen rola eslei dezan Nafarroako herri, auzo eta ibarretan haur eta nerabeekin lan egiten duten elkarte eta entitateei:

 

• "Haur eta nerabeen arloko elkarte komunitarioa" izendapena ofizialki onartzea, elkarte horiek araudi eta erregistro publikoen bidez arautzeko, haien prebentzio-ekintza eta gainbegiratze publikoa bermatzearren.

 

• Babes publikoaren sisteman sartzea esparru komunitarioa eta bere agente profesionalak zein borondatezkoak. Hura prebentziorako eta babeserako oinarrizko esparru eta baliabidetzat jotzea. Hori guztia, betiere, oinarrizko laguntza zerbitzuekin eta haur eta nerabeentzako zerbitzu espezializatuekin koordinatuko da.

 

EH Bilduk aurkeztu du. Navarra Sumaren eta PSNren aurkako botoekin, Geroa Bairen eta Podemos-Ahal Duguren abstentzioarekin eta EH Bilduren eta I-Eren aldeko botoekin baztertu da.

 

3. proposamena

 

Nafarroako Gobernua premiatzen da Nafarroako herri, auzo eta ibarretako esparru komunitarioan haur eta nerabeekiko prebentziozko gizarte- eta hezkuntza-lanerako Laguntza Baliabideen Sarea gara dezan:

 

• Lokalak herri eta auzoetan.

• Ekipamenduak hirietan eta ingurune naturalean.

• Kanpamentu- eta kanpatze-etxeak foru lurraldean.

• Materialak erostea.

• Elkarte eta entitateen ekipamendu teknikoak finantzatzea.

 

EH Bilduk aurkeztu du. Navarra Sumaren aurkako botoarekin, PSNren abstentzioarekin eta Geroa Bairen, EH Bilduren, Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren aldeko botoekin baztertu da.