Noiz argitaratua Asteazkena, 2022.eko Urriak 26

Hezkuntza Batzordeak bisita egin du San Frantzisko ikastetxe publikora

Ikastetxeak aurrekontu-laguntza eskatu du, osoko eraberritzearen azterlana proiektu bihurtzeko; azterlanean zenbatetsi da energia-efizientzian eta segurtasunean egin beharreko premiazko hobekuntzen kostua 1,2 milioikoa izanen dela

Hezkuntza Batzordeak bisita egin du gaur San Frantzisko ikastetxe publikora. Ehun urtetik gorako ikastetxea da (1905), eta Iruñeko Alde Zaharrean dagoen bakarra; 396 ikasle ditu 26 taldetan banatuta (D ereduko 18 talde eta A/G ereduetako 8 talde), eta 47 irakaslek artatzen dituzte.

 

Batzordeko kide hauek bertaratu dira: Pedro González, Iñaki Iriarte (NA+ talde parlamentarioa), Jorge Aguirre (PSN talde parlamentarioa), María Solana (Geroa Bai talde parlamentarioa), Bakartxo Ruiz (EH Bildu talde parlamentarioa) eta Ainhoa Aznárez (Podemos-Ahal Dugu foru parlamentarien elkartea).

 

Parlamentuko ordezkaritzari harrera egin diote Jon Navarro ikastetxeko zuzendariak, Josu Iabar pedagogiako ikasketaburuak, Aitziber Eskubi antolaketako ikasketaburuak, Marisa Aldaz idazkariak, Bea Beperet familien elkarteko ordezkariak eta Yoar Cabodevilla osoko eraberritzearen azterlana egin duen enpresako arkitektoak.

 

Talde guztien eskariari jarraikiz egindako bisitaren xedea izan da “bertatik bertara ikustea zer egoeratan dauden instalazioak, eta zer eskakizun eta behar dituzten” ikastetxe publikoan, hori guztia 1,2 milioi euroan zenbatetsitako osoko eraberritzearen azterlana oinarri hartuta.

 

Jarraian, bilkura bat egin dute, eta Jon Navarrok eta Yoar Cabodevillak osoko eraberritzearen azterlanaren xehetasunak azaldu dituzte. Hain zuzen ere, efizientzia energetikoa eta segurtasuna hobetzeko xedez eskatu zuen ikastetxeak azterlana, gero Udalaren (mantentzearen arduraduna da) eta Hezkuntza Departamentuaren aurrean egiturazko zenbait egokitzapen egiteko “premiazko beharra” defendatu ahal izateko.

 

Zuzendariak eta arkitektoak zehaztu dutenez, honako ekintza hauetan datza eraberritzea: jolastokia eta ekitaldi-aretoa egokitzea, instalazioak berritzea (iturgintza eta elektrizitatea), maila termikoaren (isolamendua) eta akustikoaren optimizazioa eta akaberen eta altzarien hobekuntza (zoladurak, trenkadak, arotzeria).

 

Hori horrela, ikastetxeko arduradunek azpimarratu dute eraikineko zenbait gelatan dauden egiturazko urritasunek eragina dutela eguneroko zereginetan, pedagogiaren zein antolaketaren ikuspegietatik.

 

“Udalak jakinarazi digu aurreikusita dagoela lehen solairuko leihoak aldatzea, baina arazoak harago doaz; izan ere, tenperatura jasanezinak ditugu ikasgeletan, espazio-falta dugu jolastokian, ekitaldi-aretoa ez da batere moldaerraza... Berehala jardun behar dugu, ikastetxeak auzoan duen garrantzia zaintze aldera” adierazi du Navarrok, taldeen babesa eskatu aurretik Nafarroako hurrengo aurrekontu orokorretan partida bat finkatuz proiektu tekniko bat ordaindu ahal izateko.

 

Hitz egiteko txandetan, Navarra Suma, PSN, Geroa Bai, EH Bildu eta Podemos-Ahal Dugu taldeetako eledunak ados agertu dira, adierazi baitute beharrezkoa dela administrazioen arteko akordio bat lortzea, ikastetxean eraberritze sakona egiteko urratsez urrats. “Ebidentziak, benetako beharrak, arriskuak eta zailtasunak” behin baino gehiagotan aipatu dituzte baieztatzeko itun parlamentario bat eratu behar dela guztien esanetan “ezinbestekoa, garestia eta konplexua” den esku-hartze hori ordaintzeko.

 

Jarraian, parlamentariek ibilbide gidatua egin dute ikastetxeko geletan barrena, arkitektoak eta zuzendaritza- eta irakaskuntza-taldeko kideek lagunduta, eta ikus ahal izan dute eraikinaren egokitasun ezak muga ugari eragiten dituela, zenbait alderditan araudiz kanpo baitago.

 

San Frantzisko ikastetxe publikoa Julián Arteaga arkitekto eta hirigilearen lana da. 1905ean eraiki zuten, eta U forman antolatutako 3.000 metro koadro ditu; 3 solairu ditu, eta, lehenengo bietan, galeria zabalak daude, estalkirik gabeko patiora ematen duten leihateak dituztenak.