Hezkuntza Departamentua premiatzen da indarrean dagoen araudia bete dezan ikasleak sexuaren arabera bereizten dituzten ikastetxeetan
Ohartarazten da Batxilergoko itunak ezin direla luzatu 17/2012 Foru Legean oinarrituta, aukera hori derrigorrezko etapetarako baizik ez baitu baimentzen
Parlamentuaren osoko bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur PSNren, Geroa Bairen, EH Bilduren, Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren aurkakoarekin, zeinaren bidez Foru Legebiltzarrak “dei egiten baitu legeria indarduna betetzera Nafarroan sexuaren arabera bereizten duten ikastetxeetan, eta ikastetxeek beraiek eta Nafarroako Gobernuak zeregin honetan duten erantzukizunera”.
Onetsitako ebazpenak bigarren atalean Hezkuntza Departamentua premiatzen du “amaiera eman diezaion, ahalik eta azkarren, araudi-urraketako administrazio-prozedurari, behar diren neurriak hartuz hezkidetza bermatzeko edo, kasua bada, finantziazioa ikasturte honetan bertan galtzeko, kontuan hartuz hitzarmen horiek ezin direla inola era luzatu 17/2012 Foru Legean oinarrituta, zeinak aukera hori derrigorrezko etapetarako baizik ez baitu ematen”.
Era berean, hirugarren atalean, Nafarroako Parlamentuak “errepikatzen du sexuaren araberako bereizketan oinarritutako hezkuntza-eredua baztertzailea eta hezkidetzaren aurkakoa dela, eta adierazten du berdintasunean oinarritutako balioak eta harreman-ereduak bultzatzeko konpromisoa”.
Bestetik, Nafarroako Gobernuari eskatzen zaio “Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoa aldatzen duen abenduaren 29ko 3/2020 Lege Organikoa betetze aldera, ez dezan itundu derrigorrezkoa ez den irakaskuntzarik ikasleak sexuaren arabera bereizten dituzten ikastetxeekin”.
Azkenik, Foru Exekutiboa premiatzen da “men egin diezaion eta bete dezan LOMLOEn eta bereziki Gizarte ekimeneko ikastetxeen finantzaketa publikoa arautzen duen 17/2012 Foru Legean ezarritakoa, hezkuntza misto eta hezkidetzazkoaren oinarrizko printzipioen garapenari dagokionez, halako moduz non printzipio horiek betetzen ez dituzten ikastetxe pribatuekin ez baita irakaskuntzarik itunduko”.
Azken bi atal hauek Izquierda-Ezkerrak aurkeztu duen eta EH Bilduk, ekimenaren titularrak onartu duen gehitzeko zuzenketa baten bidez gehitu dira.
Ez du aurrera egin, ordez, Navarra Sumak aurkeztu duen ordezteko zuzenketak, Hezkuntza Departamentua premiatuz “ikasleen eta haien familien beharrizanak aintzat har ditzan, ikasleak sexuen arabera bereizten dituzten ikastetxeekiko 2022/23 ikasturtetik 2025/26 ikasturterako batxilergo-itunei dagokienez irekitako prozedura ebazterakoan”.
Jatorrizko testuaren lehen atala ere atzera bota dute, zeinak salatzen zuen “Administrazioaren utzikeria, sexuaren arabera bereizten duten ikastetxeetan Batxilergoko hezkuntza-hitzarmenak 2022an berritzearena, ezikusia egin baitiote araudi indardunari, ikasleak sexuaren arabera bereizten jarraituz”. Navarra Sumak eta PSNk aurkako botoa eman dute.
Zioen azalpenean, EH Bildu talde parlamentarioa sustatutako ebazpenak duela hamarkada bat 17/2021 Foru Legea onartu zuen gehiengo parlamentarioaren aginduari dei egiten dio, egungo LOMLOEren babespean, Nafarroako Gobernuari eskatzeko sexuaren araberako bereizketa egiten duten ikastetxeek ez dezaten beren irakaskuntzaren finantzaketa publikoa eskuratu, LOMCEk blindatua ziena.
Testuinguru horretan, eta “aurten indarrean dagoen araudiari kasurik egiten ez dioten” ikastetxeekin izenpetutako Batxilergoko hezkuntza-itunak berariaz aipatuta, “berdintasunaren arloan egiturazko aldaketak sartzeko hezkuntzak eta hezkidetzak duten garrantzia” azpimarratzen da, Skolaeren garrantzia nabarmentzen da “programa estrategiko” gisa, eta balioa ematen zaio azken urteotan “sexuaren, generoaren edo sexu-identitatearen ondoriozko diskriminazioari aurre egiteko” onartutako lege-zerrendari.
Amaitzeko, Hezkuntza Departamentuari “a posteriori” jardutea leporatzen zaio, “hitzarmenen azkentzea ekar lezakeen prozedura bati ekinez”, izan ere, “iazko esperientziaren ondoren, araudia betetzea bermatu zezakeen, ikasturte honetarako planifikazio bat eskatuz, aurreikusiko zuena Batxilergoko bi ikasmailetan ikasgelak misto bihurtzea”.
- www.nafarroakoparlamentua.eus
- Mozioa (107. NPAO, 2022-09-30ekoa)