Ingurumeneko Departamentua premiatzen da Nafarroako estepa-hegaztiak berreskuratu eta kontserbatzeko planean taxuturiko neurriek adostasuna izan dezaten
Desagertzeko arriskuan dauden espezieen ekosistemen babesaren eta landa-eremuetako garapen ekonomikoaren eta giza jardueren arteko oreka aldarrikatzen da
Parlamentuaren osoko bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur PSNren, Geroa Bairen, EH Bilduren eta Podemos-Ahal Duguren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren aurkakoarekin (I-Ek ez du bilkuran parte hartu), zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak Nafarroako estepa-hegaztiak berreskuratu eta kontserbatzeko planean taxuturiko neurriek adostasuna izan dezaten; eta, horrenbestez, toki entitateen, interes taldeen eta ukitutakoen borondatezko parte-hartzetik proposa daitezen. Adostasun hori lortze aldera, ezinbestekoa da, horrenbestez, ukitutako entitateekin negoziazio fase bat irekitzea”.
Onetsitako ebazpenak bigarren atalean Foru Exekutiboa premiatzen du “Nafarroako agroestepak” izeneko babes bereziko eremuak ukitzen dituen guztientzat konpentsazio formulak ezar daitezen, bai eta prozedurak eta haien eskura jarri beharreko baliabideak ere”.
Jatorrizko testuak beste atal bat zuen, zeinetan Nafarroako Gobernuari eskatzen zitzaion “Nafarroako estepa-hegaztiak berreskuratu eta kontserbatzeko planaren edukia Nafarroako hazkunderako eta kohesiorako helburu estrategikoekin bateragarria eta haien ildokoa izan dadin; bereziki, nekazaritzaren eta nekazaritzako elikagaien industriaren garapenarekin duen loturagatik, Nafarroako ubidearen bultzadaren eta energia berriztagarrien garapen eta ezarpenaren bidez planifikatu baita”. Baztertu egin dute, Navarra Suma eta EH Bilduk aurkako botoa eman baitute eta Podemos-Ahal Duguk abstentzioa, beraz, PSN eta Geroa Bairen babesa ez da nahikoa izan.
Zioen azalpenean, PSN talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak “desagertzeko arriskuan dauden espezieen ekosistemen babesaren eta landa-eremuetako garapen ekonomikoaren eta giza jardueren artean oreka bat bilatzeko” deia egin du. Horretarako, kaltetutako alde guztien posizioa kontuan hartzearen alde egiten du (tokiko erakundeak, nekazaritza eta abeltzaintza sektorea, nekazaritzako elikagaien industria eta partikularrak), betiere Espainiako Gobernuak emandako zuzentarauak errespetatuz eta onartuz, Mitekoren bidez (Arriskuan dauden estepako hegaztiak kontserbatzeko Estrategia) eta Europar Batasunak Hegazti basatien kontserbazioari buruzko 147/EE Zuzentarauaren bidez.
Horri dagokionez, adierazten da nekazaritzarekin, abeltzaintzarekin eta, oro har, landa-garapenarekin lotutako Europako laguntzen zati handi bat “ingurumenaren eta galtzeko arriskuan dauden espezieen babes-zuzentarauen mende dagoela”, eta gai horretan Batasunak “oso zorrotz” jokatzen duela.
Gaur egun, Nafarroan aldi berean ditugu gune babestuak eta zenbait murriztapen, zeinak ezarri baitira Europako Natura 2000 Sareko zati edota aurreko gobernuek zehaztutako babes bereziko eremu, Hegaztien Babesgune Berezi (HBB) eta Nafarroako estepa-hegaztien kontserbaziorako interesgune izateagatik.
Mozioa (102. NPAO, 2022-09-20koa)