Iruñeko Orfeoiaren kontzertu batekin ospatu du Parlamentuak bere egungo egoitzaren hogeigarren urteurrena
Egoitza berriak Ganberaren legegintza jarduera areagotzen lagundu du Unai Hualderen ustez, eta modernizaziorako bidean urratsak ematen jarraitzen duela adierazi du
Nafarroako Parlamentuak jarraipena eman dio gaur arratsaldean 2022ko Nafarroaren Egunaren karietara antolatutako ekitaldien programari Iruñeko Orfeoiaren kontzertu batekin, oraingo honetan Ganberaren egungo egoitzaren hogeigarren urteurrenarekin batera.
Iruñeko Orfeoiaren kontzertua hasi aurretik Unai Hualde Parlamentuko lehendakariak Ganberaren egoitzako atalondoan bildu diren pertsonak agurtu ditu, gizarte zibileko kolektibo eta elkarteetako ordezkariak eta hautetsiak, hain zuzen.
Nafarroako ereserkia interpretatu ondoren bertaratutakoei zuzendutako hitzaldian Unai Hualdek gogora ekarri ditu Legegilearen egoitza Arrieta kaletik Navas de Tolosara, “Iruñearen bihotzera”, eramatearen nondik norakoak, eta “bereziki oroitu” nahi izan du jada hilda dauden Jose Luis Castejon, Rafael Gurrea eta Javier Gómara lehendakari ohiak.
“Parlamentua hazi egin da legegintza- eta erakunde-jardueran, baita egoitza berriari esker ere, hautu egokia izan zen. Norberak nahi lukeen abiaduran ez bada ere, Ganbera oraindik ere modernizaziorako bidean urratsak ematen ari da, irisgarritasunari dagokionez, administrazio elektronikoaren eta digitalizazioaren arloan edo euskararen erabilerari buruzko planekin. Orain energia aurrezteko eta eraginkortasunez erabiltzeko planarekin buru-belarri ari gara, herritarrei zerbitzu hobea emateko asmoz”.
Gauzak horrela, eta unibertsitateekin, elkarte-sarearekin eta legegintza-zereginarekin zerikusia duten gainerako pertsona eta erakundeekin bi hamarkada hauetan zehar izandako “lankidetza” balioan jarri ondoren, lehendakariak Lorafnari buruz hitz egin du, onartu zenetik 40 urte igaro diren honetan “balantzea gazi-gozoa dela” adieraziz. “Legea erabat betetzetik urrun gaude, eskumen garrantzitsuak falta dira gure gain hartzeko oraindik ere. Espero dugu datozen urteetan behin betiko bultzada emango diogula”.
“Eztabaidak alde batera utzi” eta Orfeoiari bide eman aurretik, Unai Hualdek eskerrak eman dizkio taldeari “prestutasunagatik, bere agendan lekua egiteagatik eta Parlamentuaren ospakizunarekin bat egiteagatik. Eskerrik asko gaur hemen egoteko egin duzuen esfortzuagatik”.
Ondoren, lehendakariak Foruen Monumentuaren erreplika bat eman dio Iruñeko Orfeoiko lehendakari Daniel Sánchez Riverosi, Parlamentuaren esker ona adieraziz.
Jarraian, Igor Ijurraren zuzendaritzapean, musikariek errepertorio zabala interpretatu dute, bertaratutako guztien gustukoa izan dena.