Javier Ollo Martínez foru parlamentari karguaz jabetu da gaur
Geroa Bai talde parlamentarioari atxiki zaio, Maria Solanak karguari uko egin baitio
Nafarroako Parlamentuko Mahaiak bilkura egin du eguerdian, Javier Ollo Martínez (Geroa Bai) foru parlamentari berria karguaz jabetu zedin, María Solanak parlamentari-aktari uko egin baitio.
Erakunde-aretoan egin den ekitaldian, parlamentari berriak kargua hitzeman du Parlamentuko lehendakari Unai Hualderen, eta lehen lehendakariorde Ainhoa Unzu, bigarren lehendakari orde Juan Luis Sánchez de Muniain, lehen idazkari Yolanda Ibáñez eta bigarren idazkari Mikel Zabaleta Mahaiko kideen aitzinean.
Javier Ollok honako formula hau erabiliz hitzeman du bere kargura Parlamentuko lehendakariaren aitzinean:
“Prometo, por mi conciencia y honor, respetar, mantener y mejorar el Régimen Foral de Navarra, acatar la Constitución Española y las leyes, y cumplir fielmente las obligaciones propias del cargo de parlamentario foral”.
“Hitz ematen dut, nire kontzientziaz eta ohorez, Nafarroako Foru Araubidea errespetatu, mantendu eta hobetuko dudala, Espainiako Konstituzioari eta legeei men eginen diedala eta foru parlamentari karguari dagozkion betebeharrak zintzoki beteko ditudala".
María Solanak utzitako lekua –RTVEko administrazio-kontseiluko kide bihurtu da– zerrendako hamaikagarrenari dagokio, Javier Ollori alegia, zeinak erregelamendu bidez ezarritako baldintzak bete baititu, eta, halatan, foru parlamentari karguan jardutetik heldu diren eskubide eta abantaila guztiak eskuratu baititu.
Altsasun jaioa (1991), Javier Ollo NUPeko zuzenbideko lizentziaduna da (karrera-amaierako sari berezia lortu zuen), eta abokatutzan jardun zen 2015era bitarte, urte horretan Altsasuko alkate izendatu baitzuten lehenbizikoz. 2019ko udal-hauteskundeetan kargua berritu zuen, eta 2023koetan berriz hautatu zuten alkate.
Karguaz jabetzeko ekitaldian egon dira Javier Esparza, Ángel Ansa, Mario Fabo (UPN), Ramón Alzórriz (PSN) Adolfo Araiz (EH Bildu), Pablo Azcona, Isabel Aranburu, Itxaso Soto, Mikel Asiain, Blanca Regúlez (Geroa Bai), Daniel López (Contigo-Zurekin), eta ekitaldiaren amaieran hitz batzuk esan ditu Unai Hualdek.
Unai Hualdek Javier Ollo zoriondu du eta "zortea" opa dio bere jardueran. "Erakundeko lehendakari naizen aldetik, eta saio honetan nirekin batera dauden Mahaiko kideen eta Legebiltzar osoaren izenean, zorionak, Javier. Ziur nago gaur hasten den etapa oso aberasgarria izango dela zuretzat, Nafarroako erkidego honetako emakumeak eta gizonak ordezkatzea erantzukizun handia delako, eta, zalantzarik gabe, baita ohore handia ere. Esperodut zure lana Altsasuko Udalean egin duzuna bezain emankorra eta emankorra izatea".