Noiz argitaratua Asteazkena, 2022.eko Ekainak 1

Jokoari buruzko Foru Legea aldatzeko proposamenari buruzko irizpena onetsi da

400 metroraino handitzen da lokalen eta zona sentiberen arteko distantzia, enpresak erantzunkide egiten dira, eta prebentzio programak egiteko agintzen zaio Hezkuntza Departamentuari

Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Batzordeak Jokoari buruzko Foru Legea aldatzeko proposamenaren gaineko irizpena onetsi du gaur, apustu-etxeak nola arautu aztertzeko lantaldeak egindako irizpena oinarri hartuta. Lantalde hori 2019ko urritik 2021eko maiatzera arte aritu zen ludopatiaren prebentzioa, adingabeen eta kolektibo babesgabeen babesa eta joko arduratsuaren sustapena aztertzen.

 

PSN eta Geroa Bai taldeek sustatutako lege proposamenaren helburua da kezka sozial eta politikoari erantzutea, hazi egin baitira jokoari lotutako ludopatiak, batez ere kirol-apustuak. Batez ere gazteek pairatzen duten osasun publikoko arazotzat hartzen da hori.

 

Xede horrekin, lege proposamenak zenbait neurri jasotzen ditu, jokoarekin lotutako alderdiei buruzkoak –prebentzioa, heziketa, publizitatea, lokalen baldintzak, distantziak–, eta, gainera, Nafarroako Gobernuari eskatzen dio debeka dezala graduazio handiko edari alkoholdunen kontsumoa joko-lokaletan, eta fiskalitateari buruzko berariazko azterlana egin dezala zortzi hilabeteko epean.

 

Jokatzeko eta apustu egiteko lokalei dagokienez, gutxienez 400 metroko distantzia ezartzen da halakoen artean edo halakoetatik zentro hauetara: irakaskuntza arautuko ikastetxeak (adingabeenak), gaztetxeak, osasun, kirol, kultura eta aisia instalazioak, adimen desgaitasuna edo gaixotasun mentala duten pertsonentzako egoitzak eta jokozale patologikoen errehabilitaziorako zentro ofizialak. “Udalek gutxieneko distantzia hori baino handiagoa ezarri ahalko dute”. Distantzia hori jatorrizko testuan ezarritakoa baino 100 metro handiagoa da. Hori xedatzen duen zuzenketa PSNk, Geroa Baik, EH Bilduk, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek sinatu dute, eta Navarra Sumak aurka egin dio.

 

Baimendutako ostalaritza establezimenduek apustu-makina osagarri bakarra instalatu ahalko dute, eta, horrez gain, sari programatuko joko-terminal bat, B motakoa. Partidaren prezioaren truke, terminal horiek joko edo erabilera denbora jakin bat eta diruzko sari baterako aukera eskaintzen dizkiote erabiltzaileari.

 

Apustu-makinak erabiltzen ez diren bitartean desaktibatuta egonen dira, eta urrutiko kontrolaren bidez aktibatu eta desaktibatzeko sistema eduki beharko dute. Horrela jokoan aritzea eragotziko zaie jokoa debeku duten pertsonei eta adingabeei. Epe bat ezarriko da, horrelako sistemarik edo sarbide-kontrola bermatzeko bestelako sistemarik ez duten establezimenduek hura jar dezaten.

 

Zehaztasun hori PSN eta Geroa Bai taldeen proposamenez jaso da. Bozketan Navarra Suma abstenitu egin da eta EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek aurka bozkatu dute, esanez ez dela egonen “legearen erregelamenduzko garapenik”. Hala ere, gero aho batez onetsi dira Navarra Sumaren bi zuzenketa, Gobernuari urtebeteko epea ematen diotenak apustuei eta jokoari lotutako erregelamenduak (16/2006 Foru Legea) garatzeko eta eguneratzeko, hurrenez hurren.

 

Ezin da apustu-makinarik paratu terrazetan, bide publikoetan eta lokalen kanpoaldean. Ez eta irakaskuntza, osasun, gizarte, gazteria eta kirol zentroetan kokatutako taberna edo kafetegien barnealdean ere. Lokalaren ardura duten langileen erantzukizuna izanen da arauak betearaztea.

 

Enpresek “joko problematiko edo patologikoaren prebentziorako” hartu beharreko neurria izanen da, besteak beste, neurri-plan bat prestatzea balizko efektu kaltegarriak samurtzeko. EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren iradokizunak langileei ere eragiten die, “berariazko prestakuntza” eman beharko baitzaie. PSNk ontzat eman du, eta Navarra Suma abstenitu egin da.

 

Bestalde, apustu-lokalek eta joko-aretoek ez dute 50 metro karratuko gutxieneko azalera izan beharko. Errotulu edo kartel bat jarri beharko dute (barnealdean eta kanpoaldean) beren izaera jakinarazten duena, eta beste bat adierazteko debeku dutela apustuetan parte hartzea adingabeek eta debekudunen erregistroan inskribatutako pertsonek –joko-atariek ere arau hori bete beharko dute–. Horretarako, debekudunei sarrera galarazteko, batzuek eta besteek harrera- edo onarpen-zerbitzu informatizatu bat eduki beharko dute. Halaber, ongi ikusteko moduan iragarri beharko da adikzioa sor dezakeela joko eta apustuetan gehiegi aritzeak.

 

Prestakuntza neurriak ere hartuko dira. Hala, Hezkuntza Departamentuak prebentzioaren arloko programa berariazkoak egin beharko ditu, eta lankidetza-hitzarmenak sinatzen ahalko ditu jokoarekin zerikusia duten patologiak ekiditea xede duten entitate eta elkarteekin. Navarra Sumak bakarrik egin dio aurka EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-E taldeek aurkeztu eta PSNk babestutako proposamenari.

 

Proposamenak joko eta apustu jardueren publizitatea, babesletza eta sustapena ere jorratzen ditu. Aurretiazko administrazio-baimena beharko dute legeria beteko dutela bermatzeko, baita joko neurritsu eta ez-konpultsiboaren sustapenari dagokionez ere.

 

Honelako komunikazio komertzialak debekatuko dira: joko-jardun burugabe, adikziozko edo patologikoan aritzeko pizgarri direnak, tronpatzen dutenak edo maileguak eta beste edonolako kredituak eskaintzen dizkietenak jokoan parte hartzen dutenei.

 

Halaber, debeku izanen da apustu enpresak kirol-kluben babesle izatea, eta apustuen publizitatea jartzea Nafarroan egin eta osorik edo partzialki finantzaketa publikoa duen edozein kirol-jardueratan. Beraz, ezin izanen dute dirulaguntza publikorik jaso jokoaren arloan diharduen enpresa batek osorik edo partez babestutako kirol-jarduerek edo halako enpresa baten publizitatea dutenek.

 

Testuinguru horretan, ez da publizitaterik onartu nahi zentro hauetatik 300 metrora baino hurbilago dauden euskarrietan: ikastetxeak, osasun, kirol, kultura edo josteta zentroak, egoitzak eta joko-adikzioa edo osasun mentaleko arazo larriak dituzten pertsonen errehabilitaziorako zentroak.

 

Oro har, etxez etxeko publizitatea eragotzi nahi da, postaz, telefonoz edo bide telematikoez helarazten dena barne. Era berean publizitatea debekatu nahi da Nafarroako egunkari, aldizkari edo bestelako informazio bideetan eta Foru Komunitatean kokatutako irrati eta telebista zentroetan, 01:00etatik 05:00etara bitartean izan ezik. Ordu tarte horretan baino ezin izanen da egin publizitate mota hori.

 

Bestetik, toki administrazioen jardun-eremua –distantziak, gutxieneko betekizunak eta abar– foru araudian ezarritakoaren menpe dagoela zehazten da.

 

Horiez gainera, egin diren aldaketetako bat izan da testua 8/2021 Legera egokitzea, hirugarrenen kalteen prebentzioa legeria zibil eta prozesalaren erreformara egokitzeko; zehazki, desgaitasunen bat duten pertsonek gaitasun juridikoa baliatzeko arau berrietara. EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek aldeztutako zuzenketa aho batez onetsi da.

 

Era berean, oraingoan PSN eta Geroa Bai taldeek eskatuta, jokoaren publizitatea Haur eta nerabeei arreta eta babesa eman eta haien familiak, eskubideak eta berdintasuna sustatzeko 12/2022 Foru Lege berrira egokitu zaio. Lege hori apirilaren 28an onetsi zen.

 

Prebentzio gisara, debekatu egiten da joko- eta apustu-lokaletan eta gainerako establezimendu baimenduetan alkoholdun edarien kontsumoaren publizitatea eta sustapena egitea eta kredituak edo maileguak lortzeko produktu finantzarioen publizitatea egitea. Navarra Suma, PSN eta Geroa Baik proposatutako zuzenketa EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-E abstenituta onetsi da.

 

Azkenik, erabaki da hitzaurrean adieraztea ez dela foru legean jaso loterien estatu-erreserbako jokoei, lokalei edo gailuei dagokiena, horiek 13/2011 Legean araututa daudelako. Izan ere, Nafarroak ez du gai horietan eskumenik.

 

Batzordean egindako eztabaidan 41 zuzenketa eztabaidatu eta bozkatu dira (tartean 8 in voce zuzenketa), eta horietatik 18 onetsi: EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek aurkeztutako 5, Navarra Suma, PSN eta Geroa Baik aurkeztutako 4, PSN eta Geroa Baik aurkeztutako 3, Navarra Sumak aurkeztutako 3 eta bestelako konbinazioetako beste 3.

 

Lege proposamenaren oinarri izan dira Nafarroako Gobernuak aldez aurretik egindako lanak eta Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Batzordean eratutako lantaldearen konklusioei buruzko txostena. I-Ek hala eskatuta, lantalde hori Nafarroako apustu-etxeen araudia aztertzen aritu zen 20 hilabetez, eta 2021eko maiatzaren 25ean onetsi zen haren txostena. Gero, ekainaren 10ean, Osoko Bilkurak ontzat eman zuen

 

Jokoari buruzko Lege proposamena aintzat hartu ondoren, eta irizpena eginda, Osoko Bilkurari igorriko zaio eta behin betiko eztabaida eta bozketa eginen dira, ekainaren 23an, ziurrenik.

 

Virginia Magdalenok (PSN talde parlamentarioa) bilkuraren buru egin du, eta hauek bertaratu dira: Carlos Pérez Nievas, José Suárez, Isabel Olave, Pedro González, Ángel Ansa, Iñaki Iriarte (Navarra Suma talde parlamentarioa), Jorge Aguirre, Inma Jurío (PSN talde parlamentarioa), Blanca Regúlez, Ana Ansa (Geroa Bai talde parlamentarioa), Arantxa Izurdiaga, Adolfo Araiz (EH Bildu talde parlamentarioa), Ainhoa Aznárez (Podemos-Ahal Duguko foru parlamentarien elkartea) eta Marisa de Simón (Izquierda-Ezkerra talde mistoa).