Noiz argitaratua Osteguna, 2022.eko Ekainak 23

Jokoari buruzko Foru Legearen aldaketa onetsi da

400 metroraino handitzen da lokalen eta zona sentiberen arteko distantzia, enpresak erantzunkide egiten dira, eta prebentzio programak egiteko agintzen zaio Hezkuntza Departamentuar

Parlamentuaren osoko bilkurak Jokoari buruzko Foru Legea aldatzeko Foru Legea onetsi du gaur, apustu-etxeak nola arautu aztertzeko lantaldeak egindako irizpena oinarri hartuta. Lantalde hori 2019ko urritik 2021eko maiatzera arte aritu zen ludopatiaren prebentzioa, adingabeen eta kolektibo babesgabeen babesa eta joko arduratsuaren sustapena aztertzen.

 

PSN eta Geroa Bai taldeek sustatutako legearen helburua da kezka sozial eta politikoari erantzutea, hazi egin baitira jokoari lotutako ludopatiak, batez ere kirol-apustuak. Batez ere gazteek pairatzen duten osasun publikoko arazotzat hartzen da hori.

 

Xede horrekin, lege proposamenak zenbait neurri jasotzen ditu, jokoarekin lotutako alderdiei buruzkoak –prebentzioa, heziketa, publizitatea, lokalen baldintzak, distantziak–, eta, gainera, Nafarroako Gobernuari eskatzen dio debeka dezala graduazio handiko edari alkoholdunen kontsumoa joko-lokaletan, eta fiskalitateari buruzko berariazko azterlana egin dezala zortzi hilabeteko epean.

 

Jokatzeko eta apustu egiteko lokalei dagokienez, gutxienez 400 metroko distantzia ezartzen da halakoen artean edo halakoetatik zentro hauetara: irakaskuntza arautuko ikastetxeak (adingabeenak), gaztetxeak, osasun, kirol, kultura eta aisia instalazioak, adimen desgaitasuna edo gaixotasun mentala duten pertsonentzako egoitzak eta jokozale patologikoen errehabilitaziorako zentro ofizialak. “Udalek gutxieneko distantzia hori baino handiagoa ezarri ahalko dute”. Distantzia hori jatorrizko testuan ezarritakoa baino 100 metro handiagoa da. 

 

Baimendutako ostalaritza establezimenduek apustu-makina osagarri bakarra instalatu ahalko dute, eta, horrez gain, sari programatuko joko-terminal bat, B motakoa. Partidaren prezioaren truke, terminal horiek joko edo erabilera denbora jakin bat eta diruzko sari baterako aukera eskaintzen dizkiote erabiltzaileari.

 

Apustu-makinak erabiltzen ez diren bitartean desaktibatuta egonen dira, eta urrutiko kontrolaren bidez aktibatu eta desaktibatzeko sistema eduki beharko dute. Horrela jokoan aritzea eragotziko zaie jokoa debeku duten pertsonei eta adingabeei. 18 hilabeteko epea ezartzen da horrelako sistemarik edo sarbide-kontrola bermatzeko bestelako sistemarik ez duten establezimenduek hura jar dezaten.

 

Ezin da apustu-makinarik paratu terrazetan, bide publikoetan eta lokalen kanpoaldean. Ez eta irakaskuntza, osasun, gizarte, gazteria eta kirol zentroetan kokatutako taberna edo kafetegien barnealdean ere. Lokalaren ardura duten langileen erantzukizuna izanen da arauak betearaztea.

 

Enpresek “joko problematiko edo patologikoaren prebentziorako” hartu beharreko neurria izanen da, besteak beste, neurri-plan bat prestatzea balizko efektu kaltegarriak samurtzeko. Honek langileei ere eragiten die, “berariazko prestakuntza” eman beharko baitzaie.

 

Bestalde, apustu-lokalek eta joko-aretoek 50 eta 150 metro karratuko gutxieneko azalera izan beharko dute, hurrenez hurren. Errotulu edo kartel bat jarri beharko dute (barnealdean eta kanpoaldean) beren izaera jakinarazten duena, eta beste bat adierazteko debeku dutela apustuetan parte hartzea adingabeek eta debekudunen erregistroan inskribatutako pertsonek –joko-atariek ere arau hori bete beharko dute–. Horretarako, debekudunei sarrera galarazteko, batzuek eta besteek harrera- edo onarpen-zerbitzu informatizatu bat eduki beharko dute. Halaber, ongi ikusteko moduan iragarri beharko da adikzioa sor dezakeela joko eta apustuetan gehiegi aritzeak.

 

Prestakuntza neurriak ere hartuko dira. Hala, Hezkuntza Departamentuak prebentzioaren arloko programa berariazkoak egin beharko ditu, eta lankidetza-hitzarmenak sinatzen ahalko ditu jokoarekin zerikusia duten patologiak ekiditea xede duten entitate eta elkarteekin. 

 

Proposamenak joko eta apustu jardueren publizitatea, babesletza eta sustapena ere jorratzen ditu. Aurretiazko administrazio-baimena beharko dute legeria beteko dutela bermatzeko, baita joko neurritsu eta ez-konpultsiboaren sustapenari dagokionez ere.

 

Honelako komunikazio komertzialak debekatuko dira: joko-jardun burugabe, adikziozko edo patologikoan aritzeko pizgarri direnak, tronpatzen dutenak edo maileguak eta beste edonolako kredituak eskaintzen dizkietenak jokoan parte hartzen dutenei.

 

Halaber, debeku izanen da apustu enpresak kirol-kluben babesle izatea, eta apustuen publizitatea jartzea Nafarroan egin eta osorik edo partzialki finantzaketa publikoa duen edozein kirol-jardueratan. Beraz, ezin izanen dute dirulaguntza publikorik jaso jokoaren arloan diharduen enpresa batek osorik edo partez babestutako kirol-jarduerek edo halako enpresa baten publizitatea dutenek.

 

Testuinguru horretan, ez da publizitaterik onartu nahi zentro hauetatik 300 metrora baino hurbilago dauden euskarrietan: ikastetxeak, osasun, kirol, kultura edo josteta zentroak, egoitzak eta joko-adikzioa edo osasun mentaleko arazo larriak dituzten pertsonen errehabilitaziorako zentroak.

 

Oro har, etxez etxeko publizitatea eragotzi nahi da, postaz, telefonoz edo bide telematikoez helarazten dena barne. Era berean publizitatea debekatu nahi da Nafarroako egunkari, aldizkari edo bestelako informazio bideetan eta Foru Komunitatean kokatutako irrati eta telebista zentroetan, 01:00etatik 05:00etara bitartean izan ezik. Ordu tarte horretan baino ezin izanen da egin publizitate mota hori.

 

Horiez gainera, egin diren aldaketetako bat izan da testua 8/2021 Legera egokitzea, hirugarrenen kalteen prebentzioa legeria zibil eta prozesalaren erreformara egokitzeko; zehazki, desgaitasunen bat duten pertsonek gaitasun juridikoa baliatzeko arau berrietara. 

 

Era berean, jokoaren publizitatea Haur eta nerabeei arreta eta babesa eman eta haien familiak, eskubideak eta berdintasuna sustatzeko 12/2022 Foru Lege berrira egokitu zaio. Lege hori apirilaren 28an onetsi zen.

 

Prebentzio gisara, debekatu egiten da joko- eta apustu-lokaletan eta gainerako establezimendu baimenduetan alkoholdun edarien kontsumoaren publizitatea eta sustapena egitea eta kredituak edo maileguak lortzeko produktu finantzarioen publizitatea egitea. 

 

Azkenik, erabaki da hitzaurrean adieraztea ez dela foru legean jaso loterien estatu-erreserbako jokoei, lokalei edo gailuei dagokiena, horiek 13/2011 Legean araututa daudelako. Izan ere, Nafarroak ez du gai horietan eskumenik.

 

Gobernuak urtebeteko epea izango du apustuei eta jokoari lotutako araudiak garatzeko eta eguneratzeko, hurrenez hurren (16/2006 Foru Legea).



Osoko Bilkuran egindako eztabaidan, hiru in voce zuzenketa eztabaidatu eta onartu dira, bat PSN, Geroa Bai, EH Bildu eta Podemos-Ahal Dugu alderdiena eta beste bi zuzenketa I-E alderdiarekin batera. Horietan, kirol-apustuetarako lokalen (50 metro) eta joko-aretoen (150) gutxieneko azalera mugatzen da, eta 18 hilabeteko epea ematen da ostalaritza-establezimenduetako apustu-makinetarako sarbide-kontrola bermatzeko elementu teknikoak instalatzeko. Navarra Suma azken horren aurka agertu da (I-E abstentzioa), eta abstenitu egin da aurrekoetan.



Legearen oinarri izan dira Nafarroako Gobernuak aldez aurretik egindako lanak eta Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Batzordean eratutako lantaldearen konklusioei buruzko txostena. Ponentzia hori I-Ek eskatuta sortu zen, Nafarroako apustu-etxeen erregulazioari ekiteko, eta 2021eko maiatzaren 25ean onartu zen, 20 hilabetez aztertu ondoren. Ondoren, ekainaren 10ean, dokumentu horrek Osoko Bilkuraren oniritzia jaso zuen.
 

Izapidetzeko onartu ondoren, Jokoari buruzko Foru Legea martxoaren 31n hartu zen kontuan, eta ekainaren 1ean irizpena eman zen. Orain, behin onartuta, NAOn argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.

 

  • www.nafarroakoparlamentua.eus
  • Foru lege proposamena (28. NPAO, 2022-03-23koa)
  • Zuzenketak (68. NPAO, 2022-05-23koa)
  • Irizpena (75. NPAO, 2022-06-08koa)