Noiz argitaratua Osteguna, 2023.eko Irailak 14

Juan José Echeverría (UPN) eta Uxue Barkos (Geroa Bai), Nafarroako Foru Komunitateko senatarigai

Osoko Bilkurak datorren ostegunean hautatuko du Goi Ganberarako bere ordezkaritza, hutsik dagoena Koldo Martínezek joan den ekainaren 16an utzi zuenetik, Parlamentu berria eratu ondoren

Amaitu delarik Nafarroako Foru Komunitatearen senatari autonomiko izateko hautagaitzak aurkezteko epea –hautaketa datorren ostegunean, hilak 21, izanen da, XI. legegintzaldian eginen den lehenbiziko kontroleko osoko bilkuran–, bi pertsona proposatu dira: Juan José Echeverría Iriarte (UPN) eta Uxue Barkos Berruezo (Geroa Bai).

 

Senatari autonomikoaren hautaketa Nafarroako Parlamentuaren Osoko Bilkurak eginen du, bozketa bakarrean, zeina paper bidezko isilpeko bozketa izanen baita. Foru parlamentari bakoitzak hautagaiaren izena idatzi ahalko du paperean. Boto zuriak ere baliodun izanen dira. Gainerako botoak baliogabeak izanen dira.

 

Erregelamenduaren 235.7 artikuluak dioenez, Foru Komunitateko Legebiltzarrak hautatutako senatariaren agintaldia bukatuko da hautaketa hori egin zuen Nafarroako Parlamentuaren hurrengoa eratzen den egun berean.

 

Bestalde, agintaldi hori bukatuko da, halaber, Senatuko legegintzaldia Konstituzioak ezarritako edozein arrazoirengatik bukatzen denean. Senaturako hauteskundeak egin ondoren eta Senatua eratu aurretik, Legebiltzarreko Mahaiak Nafarroako Parlamentuko legegintzaldiaren hasieran hautatuko pertsona berari (ez da kasua) emanen dio agintea.

 

Juan José Echeverría Iriarte (Iruña, 1959) Iruñeko Udaleko zinegotzia da 2011z geroztik. Hirigintzako arkitektoa.

 

Uxue Barkos Berruezo (Iruña, 1964) Nafarroako Gobernuko lehendakaria (2015-2019) izan da, diputatua (2004-15), eta Geroa Bairen eledun parlamentarioa joan den legegintzalditik. Informazio Zientzietako lizentziaduna Nafarroako Unibertsitatetik.

 

Nafarroako Foru Komunitateko senatari autonomikoaren kargua hutsik dago Koldo Martínezek bere kargua joan den ekainaren 16an utzi zuenetik, Nafarroako Parlamentua eratu zen egun berean. 2019ko irailaren 26an izan zen hautatua, aldeko 22 botorekin (Geroa Bairen 9, PSNren 11 eta Podemos-Ahal Duguren 2) eta 8 zurirekin (PSNren 2 eta PPNren 2). Navarra Suma-ren Arancha Arias hautagaiak lorturiko 20 botoak (guztiak haren taldekoak) gainditu zituen.