Noiz argitaratua Asteazkena, 2022.eko Azaroak 9

Kultura eta Kiroleko Batzordeak bisita egin du Ekai Longidako Aserradero auzora

Udalak aurrekontu-laguntza eskatzen du espazio hori kontserbatu, balioan jarri eta baliabide kultural eta turistiko bihurtzea ahalbidetuko duen plan bat sustatzeko

Kultura eta Kiroleko Batzordeak Ekai Longidako Aserradero auzoa bisitatu du gaur. Eremu horretan egon zen El Irati SA zur-enpresa, Agoitzerako eta eskualderako garapen-eragilea XX. mendearen zati handi batean, egun aurri-egoeran dagoena.

 

Honako parlamentari hauek bertaratu dira: Raquel Garbayo (Navarra Suma talde parlamentarioa), Virginia Magdaleno (PSN talde parlamentarioa), Ana Ansa (Geroa Bai talde parlamentarioa) eta Maiorga Ramírez (EH Bildu talde parlamentarioa).

 

Honako hauek egin diete harrera Legebiltzarreko ordezkariei: Roberto Zazpe, Longidako alkatea; Ángel Martín Unzué, Agoitzeko alkatea; Carlos Oroz, Artziko alkatea; Carlos García, Cederna Garalurreko garapen-agentea; Amaia Flores del Redal, Cederna Garalurreko turismo-dinamizatzailea; Victor Manuel Egia, ikerlaria, eta Jose Mari Arcos eta Victor Honorato, proiektuaren berreskurapen plan zuzentzailearen idazleak.

 

Talde parlamentario guztiek eskaturik egin da bisita, eta xede izan du “multzoaren egungo egoera baloratzea, Nafarroako paisaia berezi eta industria-ondare hori kontserbatzea eta balioan jartzea ahalbidetuko duen plan bat sustatze aldera.”

 

Bisita Agoitzeko Udaletxean hasi da, non Parlamentuko ordezkariek El Irati SAri buruzko erakusketa bisitatu baitute; bertan nabarmentzen da Ekai Longidako Aserradero auzoko elementu guztiak zehaztasun handiz irudikatzen duen maketa bat.

 

Ondoren egindako bileran, Carlos Garciak (Cederna Garalurreko garapen-agentea Pirinioaurreko arroetan) ohartarazi du eremu hori berreskuratzeko “azken aukera” izan litekeela. “Ondare industrial, arkeologiko, historiko eta artistikoaren adibide bat da”, eta garrantzi “estrategikoa” du, hura zeharkatuko duten bi igarobide berde gauzatzen ari baitira gaur egun. Aurten abiatuko dira Irati Trenaren (enpresak ekoiztutakoa garraiatzen zuen tren elektrikoa) Bide Berdearen lanak, eta jada hasi dira Euro Velo 3 txirrindulariendako ibilbidea egiteko lanak, zeinak ibilbide berbera izanen baitu zati batean.

 

Roberto Zazpe Longidako alkateak gogoratu du bere udalerriak (280 biztanleko harana) ez duela horrelako esku-hartze bat egiteko baliabiderik, eta Nafarroako Gobernuari eskatu dio hura zuzentzeko. Zehazki, talde parlamentarioei eskatu diete 2023rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei zuzenketak aurkezteko, guztira “70.000 euro ingurukoak”, ekintzak bideratzeko plan bat egin ahal izateko, eta horrela “hirigintza-proposamenari dagokion zatia abiatu ahal izateko.” “Multzoaren jabetza pribatua da, beraz, mantentzeko erabakia hartuz gero, UGPS bat baliatu, desjabetzera jo edo jabeekin akordio bat egin beharko litzateke”, azaldu du alkateak.

 

José Mari Arcosek eta Victor Honoratok (proiektuaren berreskurapen plan zuzentzailearen idazleak) adierazi dutenez, lehenengo jarduketek, eta “premiazkoenek”, ardatz izanen dute multzoari segurtasuna ematea, eta, horretarako, hondatuen dauden eraikinak eraitsi egin behar dira, eta berreskuratzeko moduan daudenak babestu (destilategi-pabiloia, tximinia, dartsena eta bulego-eraikina). Era berean, lurzorua deskontaminatu behar da, industria-barrutian ikatza eta produktu kimikoak ere ekoizten baitziren.

 

Victor Manuel Egiaren eskutik (Nafarroaren garapen industrialari buruzko ikerlaria eta “El Irati SA, el sueño de Domingo Elizondo” liburuaren egilea), Domingo Elizondo aezkoarrak 1907an sortutako zur-enpresaren, “XX. mendearen lehen erdialdeko enpresarik garrantzitsuenetako bat" izan zenaren, historiaren eta funtzionamenduaren berri izan dute.

 

Iratiko basoko zura ustiatzeko sortu zen diziplina anitzeko enpresa hori; izan ere, Irati ibaiaren ibilguan barna kokatuta zeuden zentralei esker energia elektrikoa sortzen zuen, ez soilik bere kontsumorako, baizik eta beste enpresa batzuk hornitzeko ere bai. Zura Aezkoako mendietan zegoen ustiategitik ibaian barna jaisten zuten Agoitzeraino eta Ekai Longidako zerrategiraino; hortik Iruñeraino joaten zen izen bereko tren propio batean.  Hain zuzen, zalantzarik gabe, tren horrek eman zizkion El Iratiri ospea eta izen ona, bereziki 1911tik aurrera, urte horretan abiatu baitzen salgaiak eta bidaiariak garraiatzeko zerbitzu publikoa.

 

El Iratik Nafarroako iparraldeko bi hiri nagusiak lotu zituen, Iruña eta Zangoza, eta arrastoa utzi zuen zeharkatu zituen herri guztietan, harik eta 1955ean funtzionatzeari utzi zion arte. Ekai Longidako faktorian, enpresak zerrategi bat eta egur-ikatza ekoizteko instalazio bat zituen. Horrez gain, azido azetikoa eta beste produktu kimiko batzuk destilatzeko prozesuan sortutako gasak aprobetxatzen zituen.

 

Jarraian, parlamentariak Aserradero auzora joan dira, multzoaren egoera bertatik bertara ezagutzeko. Era berean, informazioa bildu dute, kasua bada, egoki iritzitako ekimenak abiarazteko.