Noiz argitaratua Ostirala, 2023.eko Urriak 6

Landa Garapen eta Ingurumen Batzordeak Gastiango eta Zuñigako presak bisitatu ditu

Inguruko entitateek proposatzen dituzten aukerak ezagutzearren, CHEk iragarri baitu presak eraitsiko dituela Ega ibaiaren hango tartea leheneratzeko

UPN talde parlamentarioak eskaturik, Landa Garapen eta Ingurumen Batzordeak Gastiango Errota Berriko presa bisitatu du, Mendazako Acedo eta Lanako Gastiain herrien artean kokatua, eta Arquijasko presako eta errotako ingurua, Zuñigan.

 

Batzordeko kide hauek bertaratu dira: Miguel Bujanda (UPN talde parlamentarioa), Carlos Mena (PSN talde parlamentarioa), Sebe Txoperena (EH Bildu talde parlamentarioa), Carlos Guzmán (Contigo-Zurekin talde parlamentarioa) eta Emilio Jiménez (Vox foru parlamentarien elkartea).

 

Parlamentuko ordezkariei harrera egin diete Javier Senosiain Mendazako alkateak, Marisa Monreal zinegotziak, Pedro Oteiza Zuñigako alkateak, Acedoko Kontzejuko Luis Nievak eta Gastiaingo kontzejuko Luis eta Rubén Landak.

 

Bisitaren helburua, Miguel Bujandak sarrerako hitzetan adierazi duenez, inguruko entitateek proposatzen dituzten aukerak ezagutzea izan da, CHEk iragarri baitu presak eraitsiko dituela Ega ibaiaren hango tartea leheneratzeko.

 

Azaldu dutenez, Ibaiak Leheneratzeko Zentro Iberikoak Gastiaingo Errota Berria eta Arquijasko presa eraisteko proiektua egin du, Europako Open Rivers programak finantzaturik, “Ega garaiko ibarraren zati handi batean ibaiari jarraitutasuna emateko”.

 

Inguruko udalak proiektu horren aurka agertu dira, ordea, eta beste aukera bat proposatu dute, “presako aldean ur ibilgua partzialki iragazkortzea, maila batzuk eraikiz ibaian bizi diren arrain espezieentzat”.

 

Irtenbide horrek, gehitu dutenez, ez luke eraginik izanen Gastiaingo presarako sarbide nagusia den Erdi Aroko zubian. Presa eraisten bada, aldiz, higadurak garrantzizko kalteak eragin ditzake zubiaren zimenduetan eta denboraren buruan “lehen mailako ondare elementu” hori hondatu. Gainera, makinen joan-etorriek presetara doazen zidorretan “triskantza” eginen lukete. Nafarroako Gobernuak Natura Erreserba eta Natura 2000ko Kontserbazio Bereziko Eremu (KBE) izendatu du presa horietako ingurunea.

 

1958an utzi zitzaion azpiegitura erabiltzeari, baina “irin errotaren funtzionamendua Acedo, Gastiain, Zuñiga eta gainerako herrietako biztanleen memoria kolektiboaren osagai da, eta, hondaturik egon arren, errotako eraikuntzek eta presak berak interes historikoa eta ondare materialaren eta immaterialaren interesa dute, paisaia-balio handiaz eta flora eta fauna autoktonoen berebiziko biodibertsitatearen kontserbazioaz gain”, Senosiainen hitzetan.

 

Ildo horretan, inguruko entitateen ordezkariek azaldu dute iragan irailaren 4rako iragarrita zegoen eraispena geldiarazi egin dela. Landa Garapen eta Ingurumen Departamentu berriaren “jarrera ona” txalotu dute, eta eskatu diote “proiektua geldiaraz dezala eta landa ingurunea eta hemengo biztanleak kontuan hartuko dituen irtenbide bat proposa dezala”.