Lehendakariak parte hartu du Iruñeko 1936 eta 1945 arteko atxilotze zentroen Memorialaren inaugurazioan
Unai Hualdek gizarte zibilaren lidergoa azpimarratu du, diskurtso negazionisten iraupena deitoratu, eta agindu du Parlamentuak kaltea ordaintzeko politiken alde eginen duela
Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko lehendakariak parte hartu du Iruñeko 1936 eta 1945 arteko atxilotze zentroen Memorialaren inaugurazioan. “15.000 preso baino gehiago gogoratzeko topagunea” da. Horietako asko erailak izan ziren, eta haien “sufrimendu bidegabea askatasunaren, justiziaren, demokraziaren eta errepublikanismoaren kausari egindako ekarpen gisa” aitortu nahi da.
Unai Hualdek horrela hitz egin du “Parlamentuak bakearen, bizikidetzaren eta giza eskubideen alde duen konpromiso argia” azpimarratzera zuzendutako mintzaldi batean. “Hiru printzipio horiek aho batez onartuak dira, eta, ohiko desberdintasun politikoez gain, Nafarroa erreferente gisa kokatzen dute memoriaren, justiziaren, erreparazioaren eta horrelakorik berriro ez gertatzeko bermeen arloan”.
Testuinguru horretan, “diskurtso negazionista jakin batzuen iraupena” deitoratu du, eta aitortu du, Nafarroako Fusilatuen Senitartekoen Elkarteari aipamen berezia eginez, “gizartea aurretik izan dela beti”. Ondoren, Parlamentuaren eta NUPen arteko hitzarmen baten bidez 2011n sortutako Memoria Historikoaren Funtsa aipatu du eta, halako gogaitasun instituzional bat agertuz, “Sekretu Ofizialei buruzko Lege baten beharra” aldarrikatu du.
“Behin eta berriz azaltzen den gaia da, NUPeko Memoria Historikoko Katedraren arduradunekin ere hitz egin dugu hartaz. Desklasifikazioak eta beste artxibo batzuetarako sarbideak aukera emanen luke gehiago eta hobeto jakiteko, ezagutzeko eta konpontzeko, elkarrekin bizitzeko eta elkar errespetatzeko, eta ikasteko eta lan egiteko, 36ko kolpea eta ondorengo urteetan jasandako basakeria berriro gerta ez daitezen. Helburua da guztiok ordezkatuta sentituko garen Nafarroa eraikitzea”.
Unai Hualdek, amaitzeko, eskerrak eman ditu Ollo kontseilariaren “inplikazioagatik” eta Alberto Oderiz eskultorearen “ekarpenagatik”. Bestetik, berretsi du Parlamentua eta Gobernua prest daudela “memoria egiten jarraitzeko eta frankismoaren biktimenganako ordain eta erreparazio ekimenak bultzatzen jarraitzeko. Basakeria gertatu zen tokian, orain memoria dago. Hobietako lurra ere hartu duen Memorial honen oparotasuna aldi berean da izugarrikeriaren eta ordainaren froga. Eskerrik asko”.
Halaber ekitaldian izan dira Inma Jurio Nafarroako Parlamentuko lehen lehendakariordea eta Patxi Vera Foru Komunitateko arartekoa.