Noiz argitaratua Osteguna, 2019.eko Urtarrilak 31

Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen estatutua aldatzen duen Foru Legea onetsi da

Gurasotasunagatiko baimen gehigarri ordaindua ezartzen du, 12 asterainokoa, Foru Administrazioa aitzindari eta eredugarria izan dadin berdintasunari dagokionez

Nafarroako Parlamentuak, gaur egindako osoko bilkuran, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen estatutuaren testu bategina ezartzen duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua aldatzen duen Foru Legea onetsi du. UPN, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai, PSN, PPN eta I-Ek alde bozkatu dute, eta Geroa Bai eta EH Bildu abstenitu egin dira.

 

PSN talde parlamentarioak bultzatutako lege horren xedea da “lanaren, bizitza pertsonalaren eta familiakoaren uztartzea eta erantzukidetasuna lortzera bideratutako legezko neurrien ezarpenean aurrera egitea, gurasotasun-baimena 12 aste gehiago luzatuz, Nafarroako Gobernua administrazio aitzindari eta eredugarria izan dadin, berdintasuneranzko aurrerabideari dagokionez”.

 

Aurreikusten da, zehazki, behin agorturik gurasotasun-baimena, seme-alaba baten jaiotza, adopziorako zaintza, harrera edo adopzioagatik hartzen dena (5 aste), Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileek baimen gehigarri ordaindua izatea, eta horren iraupena, gehi Estatuko legerian araututako gurasotasun-baimenarena, “17 astekoa izatea, edo kasu bakoitzean dagokiona seme-alabaren desgaitasunagatik eta seme-alaba bakoitzagatik, bigarrenetik hasita, jaiotza, adopzio edo harrera anizkoitzaren kasuan”.

 

Baimen hori 2019ko urtarrilaren 1etik aurrera da indarrean jartzekoa. Enplegatuaren ordainsarien % 100eko ordainsaria izanen du, ezin izanen zaio beste gurasoari besterendu, eta jarraian nahiz modu zatikatuan baliatzen ahalko da; zatikatuta hartuz gero, jaiotza, adopzio edo harreraren ondoko 12 hilabeteen barruan.

 

Aurreko urtean jaiotako haurren gurasoek ere baliatzen ahalko dute baimen gehigarria; hura baimentzeko, bost asteko baimen indarduna bukatu baino lehen eskatu beharko da, eta ezarpen mailakatua izanen du: 4 aste, 2018an gertatutako jaiotza, adopziorako zaintza, harrera edo adopzioengatik; 8 aste, 2019an gertatuengatik; eta 12 aste, 2020tik aitzina gertatuengatik.

 

Zenbait neurri aurreikusten dira Nafarroako administrazio publikoetan ezar daitezen, betiere zerbitzuak egokiro ematearekin bateragarriak badira: besteak beste, telelana sartzea, ordutegiak arrazionalizatzea (18:00etara arteko lanaldia), eta atsedenerako denboran deskonexio digitala eta lanpostuaren eginkizunetarako arretari buruzkoa ahalbidetzea.

 

Arreta berezia emanen zaio, lanaldi murrizketaren kasu guztietan, ordutegien eta bertaratzeko egunen egokitzapenari, norberaren bizitza, familia-bizitza eta lan-arloko bizitza bateragarri egiteko.

 

Geroa Bai eta EH Bildu abstenitu egin ziren legea aintzat hartzeari buruzko bozketan. Arrazoi ekonomikoak, prozeduraren ingurukoak eta edukiari buruzkoak argudiatu dituzte arauaren egokitasuna zalantzan jartzeko.

 

Edukiari dagokionez, uste dute abuztuaren 23ko 71/2017 Foru Dekretuak jada “hainbat bateratze-neurri berrikusi, garatu, zabaldu eta gehitu dituela, norberaren eta familiarekiko arduren banaketa orekatua errazten dutenak eta berdintasuna sekula ez bezala sustatzen dutenak”.

 

Prozedura dela eta, Geroa Bai eta EH Bilduren iritziz, gai hori erregelamenduzko garapenaren bidez arautzea zatekeela aukera egokiena, “erraztu egiten dituelako ordezkaritza sindikalarekiko negoziazioa eta, beraz, aldaketa”.

 

Eta eragin ekonomikoari dagokionez, azken bi urteetan batez beste urtean 235 gurasotasun-baimen eman direla kontuan izanik, kalkulatu da neurri horrek 786.591,83 euroko kostua izanen lukeela 2018an (4 aste), 1.573.183,65 eurokoa 2019an (8 aste) eta 2.359.775,47 eurokoa 2020an (12 aste).

 

Legea aintzat hartu zen iragan azaroaren 15ean, eta, zuzenketarik aurkeztu ez denez, Osoko Bilkurara itzuli da zuzenean, Batzordean irizpenik egin beharrik gabe.