Noiz argitaratua Asteazkena, 2022.eko Ekainak 29

Nafarroako Gobernua premiatzen da aurikula-fibrilazio ez balbularra duten pazienteei berma diezaien eragin zuzeneko ahotiko antikoagulatzaileak eskuratzea

K bitamina-antagonistak baino eraginkorrak direla argudiatzen du Ganberak, lehenak eragin antikoagulatzaile ezegonkorra baitute eta monitorizazio estua behar baitute

Osasun Batzordeak ebazpen bat onetsi du gaur PSNren, Geroa Bairen, EH Bilduren eta I-Eren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren abstentzioarekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “aurikula-fibrilazio ez balbularra duten pazienteei berma diezaien eragin zuzeneko ahotiko antikoagulatzaileak eskuratzea, Europako eta Espainiako praktika klinikoko giden gomendioekin bat”.

 

Onetsitako ebazpenak bigarren atalean Nafarroako Gobernuari eskatzen dio “eragin zuzeneko ahotiko antikoagulatzaileen bidezko ahotiko tratamendu antikoagulatzailearen hasiera malgu dezan, aurikula-fibrilazio ez balbularra duten pazienteek iktusa eta/edo odol-galera handiagoa pairatzeko arrisku handia erakusten dutenean, eta/edo K bitamina-antagonisten bidez antikoagulazioa lortzeko aukera gutxi dutenean”.

 

Era berean, hirugarren atalean, Nafarroako Gobernua premiatzen da “hiru hilabetera jaits dezan K bitamina-antagonistetatik eragin zuzeneko ahotiko antikoagulatzaileetarako aldaketa baimentzeko epe K bitamina-antagonisten bidez antikoagulazioaren kontrol txarra duten pazienteekin”. Navarra Sumak abstentzioa bozkatu du atal honetan.

 

Bestalde, Nafarroako Gobernuari eskatzen zaio “eragin zuzeneko ahotiko antikoagulatzaileek gaur egun behar duten ikuskapen-bisatua sinplifika dezan, geroagoko berrikusketa duen bisatu automatikora iraganez”. Navarra Sumak abstentzioa bozkatu du atal honetan.

 

Horrez gain, Parlamentuak Foru Exekutiboari eskatzen dio “osasun arloko profesionalendako alerta-sistema informatizatu bat ezar dezan, garaiz identifikatu ahal izateko gaizki antikoagulatuta dauden pazienteak eta tratamendua aldatzeko neurriak aldatzeko”.

 

Gainera, Gobernua premiatzen da “kalitate-auditoriak gehi ditzan iktusaren prebentzioan eta antikoagulazioaren kontrolean”.

 

Azkenik, Foru Exekutiboari eskatzen zaio “antikoagulatutako pazienteen behatoki bat sor dezan, bizitza errealeko datuak bildu ahal izateko”.

 

Azkeneko hiru atalak aho batez onetsi dira.

 

Zioen azalpenean, PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek sustatutako ebazpenean azaltzen denez, aurikula-fibrilazioa bihotz-arritmia ohikoena da, eta Nafarroan 16.500 pertsona ukitzen ditu.

 

Aurikula-fibrilazioaren konplikazio suntsitzaileena iktusa da, eta Nafarroan 2021ean gertatutako iktusen arrazoi nagusia kardioenbolikoa izan zen. Urtero, 1.240 iktus kasu berri sortzen dira Nafarroan, haietariko % 20 aurikula-fibrilazioarekiko sekundarioak.

 

Azaltzen denez, iktusa Nafarroan heriotzen lehendabiziko kausa da emakumeen artean, eta bigarrena gizonezkoen artean. 2021ean Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko Iktus Unitatean 1.022 paziente sartu ziren, baina aipagarriena da iktusen % 80 baino gehiago saihesgarriak direla.

 

Aurikula-fibrilazioarekiko sekundarioa den iktusa antikoagulatzaileen bidez aurreikus daiteke. Aurikula-fibrilazio ez balbularraren kasuan Espainian antikoagulatzaileen bi mota daude baimenduta: K bitamina-antagonistak eta eragin zuzeneko ahotiko antikoagulatzaileak.

 

Lehenbizikoek eragin antikoagulatzaile ezegonkorra dute eta monitorizazio estua behar dute, bai eta dosiak doitzea ere, bermatze aldera pazienteek antikoagulazio egokia dutela.

 

Espainiako Kardiologia Elkartearen arabera, Nafarroan K bitamina-antagonisten bidezko antikoagulazioa duten pazienteen % 45,8 gaizki kontrolatuta daude, alegia, gure erkidegoan horien bidez tratatutako 3.280 pertsonek ez dute lortzen TTD egoki bat.

 

Eragin zuzeneko ahotiko antikoagulatzaileek, berriz, eragin antikoagulatzaile egonkorra dute eta ez duten behar ez aldizkako kontrolik ez dosiaren doiketarik ere. Mota horretako sendagai guztiek erakutsi dute nabarmen murrizten dituztela iktusak eta garezurreko barneko odoljarioak K bitamina-antagonistekin alderatuta (ikerketako azterlanetan zein bizitza errealekoetan). K bitamina-antagonistekin alderatuta, eragin zuzeneko ahotiko antikoagulatzaileek beste sendagaiekiko eta elikagaiekiko interakzio gutxiago dute eta hori oso garrantzitsua da, aurikula-fibrilarizazioa duten paziente gehinak adineko pertsonal direlako, gaixotasun bat baino gehiago dutenak eta, ondorioz, sendagai batzuk hartu ohi dituzte.

 

Halaber, eragin zuzeneko ahotiko antikoagulatzaileek erakutsi dute kostuarekiko eraginkorrak direla, Acenocumarolarekin alderatuta, gehien erabiltzen den K bitamina-antagonista baita.

 

Europako eta Espainiako elkarte zientifikoek gomendatzen dute eragin zuzeneko ahotiko antikoagulatzaileeak erabiltzea aurikula-fibrilazioa duten pazienteendako lehen aukera gisa eta K bitamina-antagonistak erabiltzea bakarrik eragin zuzeneko ahotiko antikoagulatzaileek kontraindikazioa eduki edo pazienteek sendagai horiekiko aurkako eragina jasan duen kasuetarako.

 

Espainian eragin zuzeneko ahotiko antikoagulatzailen erabilera Medikamentuen eta Osasun Produktuen Espainiako Agentziariaren posizionamendu terapeutikoko txostenaren menpe dago, non aipatu sendagai horien erabilera kasu berezietara murrizten den. Gainera, eragin zuzeneko ahotiko antikoagulatzaileak ikuskapen-bisatuaren menpean daude, zeina bat ez datorren Europako praktika klinikoko giden gomendioekin, eta defizit bat dago K bitamina-antagonisten bidez gaizki kontrolatutako pazienteak behar bezala identifikatzerakoan.

 

Espainia da eragin zuzeneko ahotiko antikoagulatzaileak praktika klinikoko giden gomendioei jarraikiz erabiltzen baimentzen ez duen Europako herrialde bakarra. Beste alde batetik, Nafarroa da eragin zuzeneko ahotiko antikoagulatzaileen erabilera murrizten duten autonomia-erkidegoetako bat, nahiz eta ebidentzia egon K bitamina-antagonisten aldean duten eraginkortasunari eta segurtasunari buruz.

 

Ainhoa Unzuk (PSN talde parlamentarioa) bilkuraren buru egin du, eta hauek bertaratu dira: Ángel Ansa, Iñaki Iriarte, Raquel Garbayo, Elena Llorente, Isabel Olave (Navarra Suma), Patricia Fanlo, Inma Jurío (PSN), Ana Ansa, Pablo Azcona (Geroa Bai), Txomin González, Bakartxo Ruiz (EH Bildu) eta Marisa de Simón  (I-E).

 

 

www.nafarroakoparlamentua.eus

• Mozioa (80. NPAO, 2022-06-17koa)