Nafarroako Gobernua premiatzen da Emanzipa programaren balizko onuradunen adin-tartea 35 urtera arte handi dezan legegintzaldia bukatu aitzin
Navarra Sumak proposatzen zuen etxebizitzaren hileko gehieneko errentaren betekizuna hileko 675 €-tik gora igotzea, baina ez du babesik lortu
Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Batzordeak ebazpen bat onetsi du gaur aho batez, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “Emanzipa programaren balizko onuradunen adin-tartea 35era urtera bitartekoa izateraino handi dezan legegintzaldia bukatu aitzin”.
Ebazpenak bigarren atal bat zuen, PSNren, Geroa Bairen, EH Bilduren, Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren aurkako botoekin baztertu egin dena, eta eskatzen zen “etxebizitzaren hileko gehieneko errentaren betekizuna hileko 675 €-tik gora igotzea, laguntzaren gehieneko zenbatekoa aldatu gabe (250 € hilean), etxebizitza zenbait pertsonaren artean partekatzeko aukera aldezteko”.
EH Bilduk ordezteko in voce zuzenketa bat aurkeztu du, Navarra Suma ekimenaren titularrak onartu ez duena, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baitzuen "gaur egungo gazteen etxebizitzaren arloko eskariak eta beharrizanak identifika ditzan, eta EmanZipa programa handitu eta egokitu dezan, aipatu eskariei erantzute aldera".
Zioen azalpenean, Navarra Suma talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak Espainiako Gazteriaren Kontseiluko Gazteriaren Emantzipazioaren Behatokiak egindako azken txostenera jotzen zuen, bertan adierazten denez, “30 urtera bitarteko nafar gazteen % 13,8 bakarrik daude emantzipaturik: Nafarroak inoiz izan duen daturik baxuena, nazioko batez bestekoaren azpitikoa, han % 14,3koa baita”.
Hori dela eta, ebazpena aurkeztu duenaren ustez, “programa nabarmen hobetzen ahal da”, bi arlotan hobetu ere: “batetik, adin-tartea (23tik 31ra urte bitarte) zabaltzen ahal da 35 urtera bitarte eta, bestetik, programak ez du errazten pisu bat hainbat pertsonaren artean hartzea; hortaz, etxebizitzaren gehieneko hileko errenta handitzea proposatzen da, hileko laguntza indibidualaren gehieneko zenbatekoa aldatu behar izan gabe (250 €)”.
EmanZipa-Nafarroan gazteei emantzipatzen laguntzeko programa prestazio bermatu bat da, ohiko etxebizitzaren alokairua ordaintzen laguntzeko; 23 urtetik 31 urtera bitarteko gazteei zuzendua da eta 3 urtez luza daiteke gehienez ere (ez dute zertan jarraituak izan). Laguntzaren zenbatekoa etxebizitzaren hileko alokairuaren errentaren % 50ekoa izanen da, eta gehienez ere 250 eurokoa hilean, etxebizitzaren errenta hilean 675 euro baino gehiagokoa ez izatearen baldintzarekin.
Bilkura Virginia Magdalenok zuzendu du (PSN), eta bertan izan dira Elena Llorente, Ángel Ansa, Patxi Pérez, Carlos Pérez-Nievas, Maribel García-Malo, Alberto Bonilla, (G.P. Navarra Suma), Arantza Biurrun, Inma Jurío, (G.P. PSN), Jabi Arakama, Blanca Regúlez (G.P. Geroa Bai), Patricia Perales, Adolfo Araiz (G.P. EH Bildu), eta Marisa de Simón (I-E).
- www.nafarroakoparlamentua.eus
- Mozioa (18. NPAO, 2022-02-11koa)