Nafarroako Gobernua premiatzen da sexu-transmisiozko gaixotasunak murrizteko sentsibilizazio kanpainak egin ditzan
Erantzun sozial eraikitzaile, inklusibo eta prebentibo bat aldarrikatzen da, ikastetxeetan hezkuntza afektibo-sexualaren lanketa areagotzea barne hartzen duena
Osasun Batzordeak ebazpen bat onetsi du gaur PSNren, Geroa Bairen, EH Bilduren eta I-Eren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren abstentzioarekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “preserbatiboa eta barrerako beste metodo batzuk erabiltzearen gaineko sentsibilizazio kanpainak egin ditzan, Nafarroako Gobernuko Nafarroako Gazteriaren Institutuarekin batera, GIBaren eta sexu-transmisiozko beste infekzioen eragina murrizte aldera”.
Onetsitako ebazpenak bigarren atalean Nafarroako Gobernuari eskatzen dio “GIBaren eta sexu-transmisiozko beste infekzioen diagnostiko goiztiarra sustatu dezan Oinarrizko Osasun Laguntzan”.
Era berean, hirugarren atalean, Nafarroako Gobernua premiatzen da “ukitutako pertsonendako arreta integrala eta haien bizi-kalitatea hobetu ditzan”.
Bestalde, Nafarroako Gobernuari eskatzen zaio “erantzun sozial bat bultza dezan, eraikigarria eta inklusiboa, estigmaren zein diskriminazioaren prebentziorako”.
Horrez gain, Parlamentuak Foru Exekutiboari eskatzen dio “behaketa eta ikerketa sustatu ditzan, GIBaren eta sexu-transmisiozko beste infekzioen prebentzio eta kontrolerako”.
Azkenik, Gobernua premiatzen da “ikastetxeetan hezkuntza afektibo-sexualaren edukien tratamendua sustatu eta areagotu dezan”.
Zioen azalpenean, PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek sustatutako ebazpenak sexu-transmisiozko infekzioen gorakadaz ohartarazten du, esanez hainbat faktore egon daitezkeela arazo horren berpiztean, esaterako, sexu-osasunaren prestakuntza akastuna, preserbatiboa eta barrerako beste metodo batzuk bazter uztea, bikote kopuruaren igoera edo sexu-harremanen hasiera goiztiarragoa.
Ildo horretan, aipatzen da sexu-transmisiozko gaixotasun ohikoenen —gonorrea, sifilisa eta klamidia— kasuen % 56 gizonezkoengan atzeman zirela eta % 44 (418) emakumezkoengan. Adinaren aldetik, infekzio horien kasuak batez ere 35 urtetik beheitikoei dagozkie (% 72).
Chlamydia, gonokoko, sifilis, GIB eta linfogranuloma benereoaren infekzioak, ohikoenak baitira, “asintomatikoak dira, erraz kutsatzen dira, antibiotikoen aurkako erresistentzia izaten dute eta, epe luzean, haien ondorioz kronifikazioa, antzutasuna, abortoak, sekuelak eta ama-haurra transmisioa gertatzen dira”.
Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak emandako datuen arabera, 2021ean hiru gaixotasun ohikoenen —gonorrea, sifilisa eta klamidia— ia mila kasu jakinarazi ziren, baina lau urte aurretik, 2017an, erdia baino gutxiago ziren (410).
2022ko lehen hiruhilekoan hiru infekzio horien kasuen % 20 gehiago (285) jakinarazi dira 2021eko aldi berean baino (237). 2020an, pandemiaren lehen urtearekin eta mugikortasuna eta harreman sozialak mugatzen zituzten neurriekin batera, intzidentzia murriztu egin zen. Baina 2021ean transmisioa berpiztu zen eta pandemiaren aurreko kopuruak gainditu ziren, eta 2022an ere igotzen ari dira.
Ainhoa Unzuk (PSN talde parlamentarioa) bilkuraren buru egin du, eta hauek bertaratu dira: Ángel Ansa, Iñaki Iriarte, Raquel Garbayo, Elena Llorente, Isabel Olave (Navarra Suma), Patricia Fanlo, Inma Jurío (PSN), Ana Ansa, Pablo Azcona (Geroa Bai), Txomin González, Bakartxo Ruiz (EH Bildu) eta Marisa de Simón (I-E).
• www.nafarroakoparlamentua.eus
• Mozioa (82. NPAO, 2022-06-21ekoa)