Nafarroako Parlamentuak ‘Nueve” erakusketa inauguratu du
Martxoaren 14ra arte zabalik egonen den erakusketa honetan, pertsonek dolu-prozesuetan esperimentatzen dituzten emozio-egoera desberdinak irudikatu nahi dira, poesiaren eta argazkiaren bidez
Nafarroako Parlamentuko lehendakariak, Unai Hualdek, Nerea Zubikoa poetaren eta José Luis Cordón argazkilariaren lanekin osaturiko Nueve erakusketa inauguratu du gaur goizean. Erakusketaren xedea pertsonek dolu-prozesuetan esperimentatzen dituzten emozio-egoera desberdinak irudikatzea da.
Irekiera-hitzaldian, Unai Hualde pozik agertu da horrelako erakusketa bat hartu ahal izateaz. Adierazi duenez, gai hau “dagoeneko landu da hainbat aldiz legegintzaldi honetan eta beharrezkoa da ikusaraztea eta argitara ateratzea, baita espazio publikoan ere”. Era berean, gogorarazi du legegintzaldian zehar Legebiltzarraren egoitzan hainbat erakusketa egin direla, non “ikusi nahi ez diren” errealitateak ikusi baitira, “inor ez direnak” esaterako, adikzioen kontrako borroka, indarkeriaren biktimak edo, “gaur bezala, galeraren mina”.
Horren haritik, lehendakariak azpimarratu duenez, erakusketa “doluan zeharkatzen diren emozio desberdinak irudikatzen dituen emozio-ibilbide bat da; guztiok bizi izan duguna edo biziko duguna”, eta gaineratu duenez, “Foru Parlamentua horretarako ere badago, izan ere, ordezkatzen dituen herritarrengandik hurbil egon nahi du”.
Hualdek azpimarratu du beharrezkoa dela dolua lantzea eta prozesu horretan dauden pertsonak laguntzea, “bereziki gaur egun, osasun mentala eztabaida sozialean eta herritarren arduren artean asko entzuten den kontua baita”. Amaitzeko, Goizargi elkartearen testu bat irakurri du: “Dolua maite dugun pertsona baten heriotzaren aurreko erreakzio naturala da; errealitate berri horretara egokitzeko prozesu funtzional eta osasuntsua da eta bizi beharrekoa. Esan dezakegun egia bakanetako bat da pertsona guztioi hilko zaigula maite dugun pertsona bat eta denok hilko garela. Baina heriotzari buruz hitz egiteko beldurra duen gizarte bat izaten jarraitzen dugu, eta horrek min- eta galera-prozesu horietan laguntza emateko gaitasunik gabe uzten gaitu".
Jarraian, José Luis Cordón argazkilariak eskerrak eman dizkio Foru Legebiltzarrari erakusketa hau hartzeko aukera emateagatik. Erakusketa hau “pertsona guztiok bizitzan zehar bizi dugun dolu baten etapa desberdinak islatzeko beharrizanetik sortu da”. Bidaia emozional bat da, non sentitzen ditugun emozioak eta sentimenduak agerian geratzen diren, tristuratik hasi eta ongizateraino, gogo-aldarte desberdinetako errusiar mendi batetik igarota”.
“Nueve erakusketak doluaren prozesu guztiaz kontziente izatera bultzatzen gaitu. Ezkutatu nahi dugun baina ezinbestean gure baitan dagoen hori bistaratzen du. Hain beldurgarria den iluntasuna, gure zaurgarritasuna eta urduritasuna gozoki eta errespetuz erakusten dizkigu”, esan du amaitzeko Cordonek.
Nueve erakusketa José Luis Cordónen bederatzi argazkik eta Nerea Zubikoaren bederatzi poemek osatzen dute. Martxoaren 14ra arte egonen da zabalik Legebiltzarraren egoitzako atalondoan; astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 20:00etara, ostegunetan izan ezik, eta larunbatetan 11:30etik 14:00etara.
Ohi denez, erakusketa hau Kultur Atrio programaren barnean dago. Parlamentuak 2016ko otsailaz geroztik ateak zabaltzen ditu programa horretan eta babesa eskaintzen die askotariko arte- eta zabalkunde-ekintzei.
Erakusketaren hasierako ekitaldi ofiziala Legebiltzarraren egoitzako atalondoan egin da. Han izan dira, besteak beste: Inma Jurío, lehen lehendakariordea; Maiorga Ramírez, bigarren idazkaria; Raquel Garbayo (Navarra Suma); Carlos Mena (PSN) eta Ana Ansa (Geroa Bai).