Nafarroako Parlamentuak ekitaldi instituzional bat egin du saharar umeak hartzen dituzten familiei ongietorria egiteko eta aitorpena azaltzeko
Unai Hualdek nafar herritarren solidaritatea azpimarratu du, eta oroitarazi du Legebiltzarrak aho bateko konpromisoa hartu duela saharar populazioaren interesak babesteko
Gaur goizean, Nafarroako Parlamentuak ekitaldi instituzional bat egin du, saharar umeak hartzen dituzten familiei ongietorria egiteko eta aitorpena azaltzeko; Unai Hualderen esanetan, "esker on eta solidaritate" erakusgarri bat, Saharako Arabiar Errepublika Demokratikoko herriarentzat ere badena.
Atalondoan elkarretaratutako familiei eginiko diosalean, lehendakariak harrera-familien jarrera eta erantzuna goraipatu ditu, haiek beren etxeetan harrera egiten dietenez "basamortuko berotik eta biziguneetako baldintzetatik ihesi datozen haurrei, aurten eskubide-urraketaren dramatismoa gehituta". Halaber, eskertu egin du Sahararen Lagunak Elkarteak saharar herriaren eskubideen alde eginiko lana eta Nafarroako Parlamentuarekin nahiz beste nafar erakunde batzuekin eginiko elkarlana.
Ildo horretatik, Hualdek nabarmendu ditu "bai nafar gizartearen bai Parlamentu honen gehiengo itzel batek saharar herriarekiko duen aldezpen-jarrera eta solidaritate-sentimendua", "ez baitago ados Saharan bizitzen ari den egoera bidegabearen aurrean Espainiako Gobernuak harturiko erabakiekin".
Testuinguru horretan, Parlamentuko lehendakariak balioan jarri du legegintzaldi honetan aho batez onetsitako adierazpen instituzionala, "gogorarazten zituena Espainiak nazioarteko komunitatearen aitzinean hartutako konpromisoak saharar populazioaren interesak babeste aldera, eta salatzen eta gaitzesten zituena Marokok saharar populazioaren aurka oro har, eta giza eskubideen defendatzaileen aurka zehazki, Sahara okupatuan eginiko errepresio-egintzak, larderiak eta derrigortzeak".
Jarraian, Bakea eta Askatasuna Saharan taldeartekoaren burua den Isabel Aranburu andreak "poza" agertu du bi urteren ostean Oporrak bakean programa berreskuratzeagatik; denbora horretan, "arrazoi ezberdinak direla-eta, Mendebaldeko Saharako egoera eta bizi-baldintzak gogorragoak eta latzagoak egin dira".
Era berean, Aranburuk azpimarratu du programa honek kanpalekuetatik irteten diren harrentzat duen "izugarrizko garrantzia", haien hemengo egonaldiak dituen onura "ukaezinengatik", bai eta harrera-familientzat ere, "haur hauek jada gure bizitzaren parte bilakatu direlako", eta Nafarroako haurrentzat ere bai, "elkarrekin bizitzea aukera paregabea denez Saharako kultura ezagutzeko".
Taldeartekoaren buruak, amaitzeko, eskerrak eman ditu, "bene-benetan, Saharako ordezkaritzaren, elkarteen, ANASen eta familien beren ahalegin eta lanarengatik", Parlamentua osatzen duten eta taldeartekoaren kide diren talde politiko guztien izenean, "ezen, jarrera politikoen arteko desberdintasunak alde batera utzirik, talde guztiok poztu egiten gara 2022ko udan berriro ere gure artean izateaz saharar herriaren enbaxadorerik onenak diren hauek, askok dioten bezala".
Azkenik, Lehbib Breika jaunak, Saharako Arabiar Errepublikaren ordezkariak, eskerrak eman dizkio Nafarroako Parlamentuari, "Sahararen kausa beti aldeztea bereizgarritzat duen parlamentu bat" denari, eta gaurko ekitaldiaren "esanahi berezia" azpimarratu du, elkartu egiten baititu nafar hautetsiak, saharar umeak eta harrera-familiak, "saharar herriaren egoera eta harekiko solidaritatea sinbolizatuz".
Breikak azpimarra jarri du Nafarroak eta nafar herriak saharar herriari eta zehazki saharar errefuxiatuei betidanik erakutsi dien aldeko jarreran eta solidaritatean. Aldezpen eta solidaritate horiek "ahalbidetu diote egoerari eustea, eta unerik latzenetan adoretzea".
"Sahararrek 47 urte baino gehiago daramate borrokan eta beren askatasunaren aldeko era guztietako sakrifizioetarako prestasunean. Odol asko isuri dute eta isurtzen ari dira horren alde. Inork ez du haien ordez erabakitzeko zilegitasunik, eta ezin du haiek baino hobeto jakin zer nahi duten beraientzat", gehitu du. "Une zailak bizi ditugu, baina iraganean berdinak eta zailagoak ere ezagututakoak gara. Kemenari, erresistentziari eta pairamenari eutsirik gaindituko ditugu estualdiak; zuen laguntza eta solidaritatearekin gaindituko ditugu. Ilunperik beltzena egunsentia hasi aurre-aurrekoa da", amaitu du.
Ekitaldia Parlamentuaren egoitzaren Atalondoan egin da, eta bertaratu dira, besteak beste, Inma Jurío, Legebiltzarreko lehen lehendakariordea, Juan Luis Sánchez de Muniáin, lehen idazkaria, Cristina Ibarrola (Navarra Suma), Carlos Mena (PSN), Patricia Perales (EH Bildu), Patricia Ruiz de Irizar, Migrazio-politiketako zuzendari nagusia, Mohamed Galiani, Fronte Polisarioaren Nafarroako ordezkariordea, Carolina García, ANAS Sahararen Lagunen Nafar Elkartearen ordezkaria, eta Koldo Martínez, senatari autonomikoa.