Noiz argitaratua Asteartea, 2022.eko Ekainak 28

Nafarroako Parlamentuak eta Nafarroako Gobernuak bat egin dute LGTBI+ kolektiboaren Harrotasunaren Nazioarteko Egunarekin

Erakundeek aintzatespena helarazi diote LGTBI+ mugimenduari, eta hezkidetzaren aldeko apustua berretsi dute, berdintasunean eta askatasunean oinarritutako gizartea eraikitzeko

Ekainaren 28an ospatzen den LGTBI+ kolektiboaren Harrotasunaren Nazioarteko Egunaren harira, ekitaldi instituzional bat egin du Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernuarekin eta arlo honetan lan egiten duten elkarteekin batera. Berdintasunaren, errespetuaren, aniztasunaren, askatasunaren eta sexu-orientazioagatiko eta genero-identitateagatiko diskriminaziorik ezaren aldeko borrokarekiko konpromisoa berretsi nahi izan du Parlamentuak.

 

Ganberaren egoitzaren atarian egindako ekitaldian, Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko lehendakariak Parlamentuko talde guztien adostasuna eta LGTBI+ pertsonen giza eskubideen legezko onarpenean lortutako aurrerapausoak nabarmendu ditu, “nahiz eta horrek ez duen eragozten oztopoak eraisten jarraitzeko politika publikoak bultzatzen jarraitu behar izatea”.

 

Mahaiak eta Eledunen Batzarrak atzo, ekainak 27, onartutako adierazpen instituzionalak ezartzen duen bezala, eta hala azpimarratu du lehendakariak, Nafarroako Parlamentuak “giza eskubideekiko konpromisoa  berresten du, eta adierazten du beharrezkoa dela inbertitzea sexu-bestelakotasuna eta pertsonak beren sexu-orientazioa edo genero-identitateagatik ez diskriminatzen lagunduko duten politiketan. Horretarako, arreta, informazio, sentsibilizazio, prestakuntza eta kontzientziaziorako programak eta proiektuak garatu behar dira, gure udalerriak sexu-bestelakotasunaren adierazpen guztientzako gune askeak izan daitezen”.

 

Horretarako, Legebiltzarrak “hezkidetza derrigorrezko hezkuntza-balio gisa lantzearen aldeko apustua egiten du funts publikoekin ordaintzen diren ikastetxe guztietan, eta beharrezkotzat jotzen du Nafarroako LGTBI+ Foru Legea ezartzen jarraitzea, eta uste du sexu-orientazioari, genero-adierazpenari eta sexu- edo genero-nortasunari buruzko prestakuntza beharrezkoa dela administrazio publiko guztietan eta bereziki gizarte-, osasun- eta landa-arloetan”.

 

Amaitzeko, Parlamentuko lehendakariak parlamentuko talde guztien konpromisoa helarazi du “gizarte askeago eta berdinzaleago bat eraikitzeko lan egiteko, eta eskatzen du familia-aniztasunari eta adineko LGTBI+ pertsonei zor zaien errespetua emateko. Horretarako, gure Erkidegoko erakunde guztiekin, elkarteekin eta LGTBI+ kolektiboarekin lan egiteko konpromisoa hartzen du”.

 

Ondoren, Fenix LGTBI+ Errefuxiatuen eta Etorkinen Laguntzarako Elkartearen izenean, Jared Andinok manifestua irakurri du. Bertan, elkarteak nabarmendu du beharrezkoa dela ikuspegi intersekzionala duten neurriak ezartzea, “LGTBI+ pertsona migratzaile eta errefuxiatuek jasaten duten diskriminazio anizkoitzarekin amaitzeko, jatorria, sexu-orientazioa edo genero-identitatea dela eta, asko eta asko gizarte-larrialdi eta egoera zaurgarrietara bultzatuak izan direlako”.

 

Andinok, Parlamentuaren eta erakundeen hurbiltasuna aitortu eta eskertu ondoren, LGTBI+ pertsonen berdintasun sozialerako 8/2017 Foru Legea gehiago inplementatzeko eta garatzeko eskatu du, baita Estatuko trans lege bat ere, Nafarroakoak balioa izan dezan.

 

Era berean, Fenix Elkarteak konbertsio-terapiak, guraso-betoak, GIBari lotutako estigma eta diskriminazioa amaitzea eta, oro har, lesbofobia, transfobia, bifobia eta homofobiarekin amaitzea eskatu du. “Altxa ditzagun gure ahotsak eta harrotasuna, banderak eta sinboloak bereganatzen dituztenen eta giza eskubideak ukatzen eta diskriminazioaren alde intolerantzia eta gorrotoa lantzen dutenen aurrean, bete dezagun nafarra kolorez, irribarrez, alaitasunez”, amaitu du.

 

Jarraian, Nafarroako Gobernuko lehendakari Maria Chivitek efemeridea “LGTBI+ pertsonen giza eskubideen arloan lortutako aurrerapenak aitortzeko, gogoratzeko eta ospatzeko aldarrikapen egun” gisa deskribatu du. “Bidea ez da erraza izan, eta lortutako kolektibo, elkarte eta erakundeen mugimendu eta mobilizazioei zor diegu”.

 

Ildo horretan, Nafarroako Gobernuko presidenteak politika publikoak bultzatzen jarraitzearen alde egin du, “dagoeneko lortutakoa oinarri hartuta sendotzen jarraitu ahal izateko”, eta, gizartearen “zenbait sektoreren mezu eta diskurtso inboluzionisten aurrean”, Gobernuaren izenean berretsi du gorroto-diskurtso, -delitu eta -adierazpenak eta edozein motatako adierazpen LGTBIfobikoak sakonki arbuiatzen eta gaitzesten dituela.

 

Hala, elkarte eta kolektiboen lana eta “borroka nekaezina” eskertu ondoren, Chivitek Nafarroako Gobernuak aurrera eraman dituen neurri zehatzak azaldu ditu, hala nola Kattalingorriren bidez LGTBI+ pertsonei laguntza juridiko eta psikologikoa ematen dien zerbitzu publikoa, LGTBI+ Genealogia, duela hilabete batzuk INAIk aintzatespen gisa aurkeztutakoa, edo Aniztasun erein, askatasuna jaso bezalako programak abian jartzea, zeinak Nafarroako eskualdeak zeharkatzen dituen landa-inguruneetan LGTBI+ pertsonen bizitza duina sustatzeko.

 

“XXI. mendeko Nafarroa gizarte anitza da, eta LGTBI+ herritarrek beren sexu orientazioa eta genero identitatea modu askean, berdintasunean eta era seguruan bizi ahal izatea merezi dute”, amaitu du.

 

Ekitaldian izan dira, besteak beste, Inma Jurío, Parlamentuko lehen presidenteordea, Maiorga Ramirez, bigarren idazkaria, Javier Esparza (Navarra Suma), Ramon Alzorriz (PSN), Jabi Arakama (Geroa Bai), Laura Aznal (EH Bildu), Ainhoa Aznarez (Podemos-Ahal Dugu), Marisa de Simon (I-E), Javier Remirez Gobernuko presidenteordea eta talde parlamentari guztietako kideak.