Nafarroako Parlamentuak gaitzetsi egin du ETAk Legutioko (Araba) kuartel-etxearen aurkako atentatuan Juan Manuel Piñuel Villalón guardia zibila erail izana
Nafarroako Parlamentuak gaitzetsi egin du ETAk Legutioko (Araba) kuartel-etxearen aurkako atentatuan Juan Manuel Piñuel Villalón guardia zibila erail izana. Mahaiak eta Eledunen Batzarrak bilera egin dute gaur 16:30ean, erailketa eta kuartel-etxearen aurkako atentatua gaitzesten dituen agiria onesteko.
Agiria onetsi da UPN, SPN, CDN eta IUN-NEBeko ordezkariek emandako aldeko botoekin eta Nafarroa Baiko ordezkariaren abstentzioarekin. Honela dio:
"Nafarroako Parlamentuak adierazten du erabat gaitzesten duela Guardia Zibileko kide Juan Manuel Piñuel jaunaren erailketa, ETA talde terroristak gaur goizaldean Legutioko (Araba) kuartel-etxearen aurka eginiko atentatu basatiaren bitartez gauzatua. Halaber, atentatu horren ondorioz beste lau guardia zibil zaurituta suertatu dira.
Nafarroako Parlamentuak bere atsekabe sakona eta solidaritatea adierazten die hildakoaren ahaide, lagun eta Guardia Zibileko lankideei, bai eta zauritutako guardia zibilei ere, eta horiek azkar eta osoki sendatzea espero du.
Nafarroako Parlamentuak bere solidaritatea eta aldekotasuna adierazi nahi die Segurtasun Indar eta Kidegoetan dihardutenei, indarkeria terroristaren aurkako borrokan eta herritarren eskubide eta askatasunen defentsan egiten ari diren lanarengatik.
ETAk ezin izanen du inoiz sendatu biktimei eta gizarte osoari eragin dien sufrimendu guztia; horrela, bada, herritar gehien-gehienek eskatzen dioten bezala desagertzeaz gain, bere krimenen gaineko erantzukizunari aurre egin beharko dio eta auzitegiek eraileei ezartzen dizkieten zigorrak bete beharko dira.
Nafarroako Parlamentuak berriro ere apustu egiten du indar politikoek eta gizarte osoak bat egitearen alde, ETA amaiarazteko eta askatasuna, demokrazia eta giza eskubideak defendatzeko, eskubide horien artean gailendurik duintasunez, beldurrik gabe eta terroristen mehatxurik gabe bizitzeko eskubidea".
Na-Bai parlamentu-taldeak aurkeztu du onetsitako agiriaren ordezko testu bat. Testu hori baztertu egin da, UPNren ordezkariak emandako kontrako botoarekin, Na-Bai eta IUN-NEBeko ordezkariek emandako aldeko botoarekin eta SPN eta CDNko ordezkarien abstentzioarekin.
Halaber, Mahaiak eta Eledunen Batzarrak erabaki dute elkarretaratzea egiteko dei egitea. Elkarretaratzea bihar izanen da, eguerdiko hamabietan, Nafarroako Parlamentuaren egoitzaren aurrean.