Noiz argitaratua Asteartea, 2022.eko Ekainak 28

Nafarroako Parlamentuko lehendakariak X. legegintzaldiko hirugarren urteko jardueren oroitidazkia aurkeztu du

Hualdek esan du pandemiak sortu eta Ukrainako gerrak larriagotutako ondorio ekonomiko eta sozialei aurre egiteko akordioen beharrak markatu duela ekitaldia

Nafarroako Parlamentuko lehendakariak, Unai Hualdek, Nafarroako Parlamentuaren jardueren oroitidazkia aurkeztu du gaur, X. legegintzaldiko hirugarren urteari dagokiona (2021-5-26 / 2022-5-26). Haren esanetan, “pandemiak sortu eta Ukrainako gerrak larriagotutako ondorio ekonomiko eta sozialek baldintzatu dute ekitaldia, eta berriz ere protagonista izan dira elkarrizketa eta talde politikoen arteko akordioak”.

 

Legegintzaldiko hirugarren urte honetan 2.438 ekimen zenbatu dira, aurreko urtean baino 428 gutxiago. 28 foru lege onetsi dira; horietatik 17 Nafarroako Gobernuak igorritako proiektuei dagozkie, eta beste 11, foru parlamentariek aurkeztutako foru lege proposamenei. Osoko Bilkurak ezetsi egin zuen Nafarroako Abereen Osasunari buruzko azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legea aldatzeko foru lege proiektu bat. Guztira, foru legeen 15 proposamen izapidetu dira: 11 onetsi dira, beste bi erretiratu, bat ez da aintzat hartu, eta beste bat ezetsi egin da. Gainera, oroitidazkia itxi den unean beste sei proposamen tramitatzen ari ziren.

 

Bilkuraldi honetan garrantzizko lege batzuk onetsi dira, hala nola Nafarroako aurrekontu orokorrei buruzkoa edo klima aldaketari eta trantsizio energetikoari buruzkoa, eta, gainera, etxebizitzari buruzkoa, jokoari buruzkoa, fundazioena, Arartekoari buruzko Legea aldatzekoa, gardentasunari buruzkoa, Logopeden Elkargoa sortzekoa, toki finantzaketa berriarena eta toki inbertsioen planena, haur eta nerabeei arreta eta babesa eman eta haien familiak, eskubideak eta berdintasuna sustatzekoa, eta enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko zenbait lege.

 

Gainera 3 foru lege-dekretu baliozkotu dira: koronabirusaren osasun krisiak eragindako inpaktuari aurre egiteko premiazko tributu-neurriak onesten dituena, koronabirusaren osasun krisiari aurre egiteko neurri bereziak aurretik onetsi zituzten beste foru lege-dekretu batzuk osorik edo partez indargabetzen dituena, eta Ukrainako gerraren ondorio ekonomiko eta sozialei erantzuteko premiazko neurriak ezartzen dituena.

 

Bestalde, Gobernuak 8 legegintzako foru dekretu igorri dizkio Parlamentuari, tributu-harmonizazioaren arlokoak denak ere, eta Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoaren bi aldaketa onetsi dira. 

 

Gobernua bultzatu eta kontrolatzeko eginkizunen atalean 40 interpelazio izapidetu dira (horietatik bi erretiratu egin ziren eztabaidaren aurretik, eta seiri idatziz erantzun zitzaien), eta 804 galdera (ahoz erantzuteko 427 galdera eta idatziz erantzuteko 377). Horrez gain, Gobernuak 157 agerraldi-eskaera jaso ditu Gobernuko kideak eta beste kargudun batzuk Parlamentuko batzordeen aurrean agertzeko, beren kudeaketaren kontu ematera. Parlamentuko batzordeek 40 bisita egin dituzte.

 

Gobernuaren jarduketen kontrolaren eta adierazpen politikoen atalean, 1.102 informazio-eskaera erregistratu dira,  47 adierazpen instituzional onetsi dira eta 127 mozio aurkeztu dira. 127 mozioetatik 33 ezetsi ziren, 10 erretiratu ziren eta 84 ebazpen onetsi ziren (47 Osoko Bilkuran eta 37 batzordean).

 

Bestalde, 2021-2022 kurtso honetan, Komunitatearen egoera eztabaidatzeko osoko bilkuraz gainera, bi osoko bilkura monografiko egin dira. Bat haurrentzako politikei buruzkoa izan zen, eta 5 ebazpen onetsi ziren bertan. Bestea soldata-arrakalak areagotutako desberdinkeria sozial gero eta larriagoari aurre egitekoa, eta han 8 proposamen onetsi ziren. 

 

Legebiltzarreko organoek guztira 500 bilkura egin dituzte 531 bileratan: Osoko Bilkurak 39, Mahaiak 16, Mahaiak eta Eledunen Batzarrak (MEB) 41, ponentziek 68 eta batzordeek 336 (366 bilera). Honako arlo hauetako batzordeen jarduera nabarmendu da: Osasuna (38 bilkura), Landa Garapena eta Ingurumena (37), Eskubide Sozialak (31), Hezkuntza (31), Lehendakaritza, Berdintasuna, Funtzio Publikoa eta Barnea (30), Kultura eta Kirola (24), Migrazio Politikak eta Justizia (21), Garapen Ekonomiko eta Enpresariala (20) eta Lurralde Kohesioa (19).

 

Epealdi honetan Nafarroako Parlamentuak NUPeko Gizarte Kontseiluko kide izendatu du Alfonso Antoñanzas Aranguren, eta dagozkion izendapenak egin ditu Errekonozimendu eta Erreparaziorako Batzorderako: Marta Rodríguez Fouz, Mikel Berraondo López, Roldán Jimeno Aranguren eta María Soledad Barber Burusco hautatu ditu batzorde horretako kide izateko.

 

Halaber, Legebiltzarreko Osoko Bilkurak Nafarroako Foru Komunitateko Ararteko izendatu du Francisco Javier Vera Donazar eta Kontuen Ganberako lehendakari izendatu du José Ignacio Cabeza del Salvador.

 

Javier Arza Porras izendatu du Gizarte Zerbitzu Publikoen Kudeaketarako Nafarroako Fundazioaren (Gizain Fundazioa) patronatuko kide izateko, eta Edurne Eguinoa, Nafarroako Foru Komunitateko jardunbide egokien aldeko eta ustelkeriaren kontrako Bulegoko zuzendari izateko.

 

Hamargarren legegintzaldiko hirugarren urte honetan Nafarroako Parlamentuak berriz ekin dio jarduera instituzionalari, pandemiaren ondoriozko murrizketak amaituta, bai eta ikastetxeak bisitatzeari ere. Nafarroako hainbat entitate eta kolektiboekin bat eginez, Parlamentua nazioarteko egunak ospatzen aritu da bete-betean. Era berean, epealdi honetan 10 erakusketa izan dira Parlamentuko atalondoan. Horietan Parlamentua lankidetzan aritu da Kontuen Ganberarekin, Iruñeko Udalarekin, TRACASArekin eta Terrorismoaren Biktimen Elkartearekin, besteak beste.

 

Berriz ere Parlamentuak urteko lankidetza-hitzarmenak sinatu ditu, elkarren arteko proiektuetarako, Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin, Nafarroako Unibertsitatearekin, Gazteriaren Kontseiluarekin eta Eskola Kontseiluarekin, eta zenbait hitzaldi egin dira hitzarmen horien barnean.

 

Gizarte entitateekiko lankidetza horretan, Nafarroaren Egunaren harira, aho batez erabaki zen Parlamentuaren domina Gizarte Erakundeen Plataformari ematea. Gainera, entitateekin batera “Pobreziaren eta Desberdinkeriaren aurkako Ituneko Lehen Konbertsatorioa. Nolakoa da lanaren etorkizuna?” jardunaldia egin zen, Parlamentuak, Gobernuak eta gizarte entitateek elkarrekin hausnartzeko.

 

Nafarroako Parlamentuak, AREGNA Nafarroako Albistari Grafikoen Elkartearekin batera, pandemiari buruzko liburu bat argitaratu zuen, Nafarroan konfinamenduan zehar egindako argazki eta irudiak bilduz.

 

Barneko antolaketari dagokionez, azkenik, Unai Hualdek azpimarratu du Parlamentuak pausoak ematen jarraitzen duela “kudeaketa modernizatu eta gizarteak eskatzen digunari egokitzeko. Bide horretan aurrerapen garrantzitsuak egin ditugu egitura berrantolatzeko, postu hutsak betetzeko prozesuak planifikatzeko eta administrazio elektronikoa ezartzeko”.

Amaitzeko, eta "legegintzaldia azken txanpan" sartu dela aipatu ondoren, Legebiltzarreko presidenteak egindako "jarduera ugariak eta lana" nabarmendu ditu, aurten "oro har eraikitzailea izan baita batzordeen eta osoko bilkuren baitako lana". 

 

X. legegintzaldiko hirugarren urteko jardueren oroitidazkia eskuragarri dago Nafarroako Parlamentuaren webgunean.