Noiz argitaratua Ostirala, 2022.eko Abenduak 16

Parlamentuak ‘Foru Hobekuntza 40 urte geroago: historia, balantzea eta aldaketarako proposamenak’ liburua aurkeztu du

Unai Hualderen hitzetan, liburua “abiapuntua” da “lau hamarkadako indarraldiaren ondoren oraindik ere bete gabe dagoen gure arau nagusiaren eguneratzea eztabaidatzeko”

Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek gaur Foru Hobekuntza 40 urte geroago: historia, balantzea eta aldaketarako proposamenak liburua aurkeztu du, martxoan antolatutako jardunaldietan azaldutako ponentzien bilduma. Jardunaldi horien bidez ospatu da, Parlamentuaren eskaera bati erantzunez, lau hamarkada bete dituela indarrean “gure arau nagusiak, nahiz eta oraindik ere bete gabe dagoen”.

 

Horrela mintzatu da Unai Hualde liburuaren aurkezpenean. Liburuan jaso dira martxoaren 4an eta 18an egindako jardunaldietako 22 ponentziak, bai eta amaierako balorazio mahai politikoan talde parlamentarioek izendatutako sei adituk adierazitakoa ere.  Helburua izan da “hurrengo legegintzaldirako utzi beharko den eztabaida bat aberastea, jada ez baitugu denborarik aipatu erabakian Parlamentuak agindu zuen ponentzia sortzeko.

 

Lehendakari honek bete egin du agindutakoa, Foru Hobekuntzaren eguneratzea aztertzeko ponentzia horren sorrera bultzatuz, baina ezin izan da sortu, PSNk ez duelako egokitzat jo. Espero dezagun hurrengo ekitaldian abian jarri ahal izatea. Eztabaida alboratu dugu ospakizunari heltzeko, baina, berez, autogobernu maila gorena lortzeko lana indartu behar genuen. Ospatzeko modurik onena litzateke Estatuak transferitu gabeko eskumenen negoziazioa burutzea”.

 

Horiek horrela, Unai Hualde etsita agertu da ezin izan duelako abiarazi “eztabaida sakon bat, Parlamentuak bere egitekoa bete ahal izan zezan Foru Hobekuntzaren aldaketari zegokionez, Senatuan egindako ospakizunean María Chivitek ohartarazi zuen bezala”. Hala ere, pozik dago abiapuntua izan daitekeen legatua uzteaz. “Administrazio publikoetako teknikari juridiko eta unibertsitateko irakasle eta ikertzaile batzuek egindako liburu hau lan mardula eta plurala da. Aldi berean, Parlamentuari dagokion zabalkunde lanaren emaitza ere bada”.

 

Amaitzeko, lehendakariak eskerrak eman dizkie NUPeko I-Communitas institutuari eta jardunaldien zuzendari eta obraren koordinatzaile izandako Roldán Jimeno irakasleari, “autogobernuaren bermeekin” estu lotutako zereginean izan duten inplikazioagatik, eta esparru horretan kokatu du “Foru Hobekuntzaren etorkizuneko erreforma batean erreferenduma sartu behar den ala ez baloratzeko aukera. Eskerrik asko guztiei”.

 

Roldán Jimenok, bestalde, liburuaren egitura azaldu du, eta sinetsita agertu da liburua lagungarria izanen dela Foru Hobekuntza prestatzeko prozesua hobeto ezagutzeko eta etorkizuneko erreforma baten inguruko eztabaida errazteko, noiznahi egiten dela ere.

 

“Foru Hobekuntzaren sorrerako testuinguru soziopolitikoaren azterketa historikotik hasita, autogobernuari buruzko eztabaida ideologikoak eta prestatze prozesuko mugarri nagusiak islatzen dira, oso polemikoak diren bi alderdi azpimarratuz: erreferendumik eza, eta autonomia estatutua berezia izan ala ez izatea. Liburuak lege testuaren azterketa kritikoa ere badakar, barnean hartuta bi erreformak, 2001eko erreforma txikia eta 2010eko erreforma sakonagoa. Azkenik, xehetasunez aztertzen da 40 urte hauetan Foru Hobekuntzaren inguruan sortu den jurisprudentzia, eta talde politikoen amaierako balorazioa jasotzen da”.