Noiz argitaratua Astelehena, 2018.eko Azaroak 26

Parlamentuak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez arbuiatu egiten baitu manifestazio baketsurako eskubidea mugatzen edo erreprimitzen duen jarduketa oro

Mahaiaren eta Eledunen Batzarrean onetsia. 2018ko azaroaren 26an

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak arbuiatu egiten baitu manifestazio baketsurako eskubidea mugatzen edo erreprimitzen duen jarduketa oro. Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa eta Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute.

 

Alde bozkatu dute Geroa Baik, EH Bildu Nafarroak, Podemos-Ahal Dugu-Orain Baik eta Izquierda-Ezkerrak; Unión del Pueblo Navarrok eta Nafarroako Alderdi Sozialistak lehenengo eta laugarren puntuen alde bozkatu dute, eta abstenitu egin dira bigarrenean eta hirugarrenean; Nafarroako Alderdi Popularrak ez du bozketan parte hartu.

 

Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:

 

“Nafarroako Parlamentuak, giza eskubideen defentsarekin konprometituta dagoen aldetik:

 

- Arbuiatu egiten du manifestazio baketsurako eskubidea –Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsaletik eta Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Itunetik heldu dena– mugatzen edo erreprimitzen duen jarduketa oro.

 

- Amnistia Internazionalaren Ekialde Hurbilerako eta Afrika Iparralderako zuzendaritzaren adierazpenekin bat, arbuiatu egiten du Casablancako Apelazio Epaitegiak iragan ekainaren 26an –asteartea– Rif-eko (Hirak) herri-mugimenduko 53 ekintzaileren kasuan egindako epaiketa eta emandako epai zeharo bidegabeak.

 

- Espainiako bere Enbaxadaren bitartez Marokoko agintariei eskatzen die kondenak baliogabetu daitezen, Hirak-eko ekintzaileak aska ditzaten, Rif-eko jarduketa guztietan giza eskubideak zorrotz errespeta ditzaten eta gatazkak negoziazioaren eta elkarrizketaren bidez konpon ditzaten.

 

- Adierazpen hau Nafarroako Gobernuari, Diputatuen Kongresuari, Espainiako Gobernuari, Espainiako bere Enbaxadaren bitartez Marokoko agintariei eta giza eskubideen defentsan konprometitutako Europako erakundeei helaraziko zaie”.