Noiz argitaratua Astelehena, 2025.eko Otsailak 3

Parlamentuak zenbait entitateri 21.990 euroko dohaintzak emateko ekitaldian parte hartu du, zeina Euskal Jai Berri Erremonte Elkarteak antolatu baitu

Ainhoa Unzuk nabarmendu du kirolak nolako garrantzia duen berdintasun, inklusio eta solidaritatea bezalako balioak ezagutarazteko bitarteko gisa

Nafarroako Parlamentua parte-hartzaile izan da Euskal Jai Berri Erremonte Fundazioak antolatzen duen dohaintza-emate ekitaldian, zeinean guztira sei erakunderen elkartasuna eta konpromisoa aitortu baita, eta horien artean 21.990 euro banatu dira, 2024. urtean zehar antolatu diren txapelketetatik datozenak.

 

Aipatu dohaintzen hartzaileak honako elkarte edo kolektiboak izan dira oraingoan: ADANO (Nafarroan Minbizia duten Haurrei Laguntzeko Elkartea), ANECS (Zangozerriko Haur Erien Elkartea), EM Navarra (Nafarroako Esklerosi Anizkoitzaren Elkartea), GERNA (Nafarroako Gaixotasun Arraro edo ez-arrunten Taldea) eta LES DEUX JUMEAUX (Associatión des familles et amis des personnes handicapées de l´Hôpital Marin de Hendaye), bai eta Valentziako Aldia udalerriko DANAk kaltetuak ere.

 

Dohaintzak eman aurretik, Nafarroako Parlamentuko Lehen Lehendakariorde Ainhoa Unzuk nabarmendu du Fundazioak "erakusten duela kirola norgehiagoka bat baino askoz ere gehiago dela".

 

"Bitarteko bat da, berdintasuna, inklusioa eta elkartasuna bezalako balioak ezagutaraztekoa. Duen elkarlan-jite sendoa gure herri eta hirien bihotzean jaiotako kirol-tradizio baten erakusgarri da, eta gizarte-konpromisorako erreferente bihurtzen dute", esan du.

 

Ekitaldiari hasiera eman zaio Euskal Jai Berri Erremonte Fundazioaren Patronatuko lehendakari Alfredo Arruiz jaunaren mintzaldi labur batekin, zeinak entitatearen laguntzaileei bereziki eman baitizkie eskerrak, haiek gabe jarduerak ezin izanen bailirateke egin gaur egun egiten diren moduan.

 

"Ekitaldi arras berezia da guretzat, Fundazioaren nortasun-ikur bat; hortaz, ezin eskerrak ez eman, laguntza eta lankidetzarengatik, hori posible egiten duten erakunde eta babesle guztiei."

 

Bestalde, Rebeca Esnaola Kultura, Kirol eta Turismo kontseilariak azpimarratu duenez, "ekitaldi honek kirolaren alderik sozialena ikusgai jartzen du, eta aldi berean bere gizarte-tokia zabaltzen eta, zehazki, erremontea ikusgai egiten du".

 

Ekitaldia talde-argazki bat eginez amaitu da, eta bertan izan dira Iruñerriko Mankomunitateko lehendakari David Campión jauna eta Iruñeko Udaleko Kultura, Jai, Hezkuntza eta Kiroleko zinegotzi ordezkari Maider Beloki andrea.