Parlamentuak “Italia Ramón y Cajalen begietan” argazki erakusketa inauguratu du, Italiako ohorezko kontsulatuak sustatua
Hilaren 31ra arte zabalik dago, eta nobel nafarrak Italiara 1903an egindako bidaiaren kontakizuna da
Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek 1903 Viaggio in Italia-Italia Ramón y Cajalen begietan erakusketa inauguratu du gaur eguerdian, Ramón y Cajalek Italiara egindako bidaia kontatzen duten zuri-beltzeko argazkiez osatua. Italiak Iruñean duen ohorezko kontsulatuak antolatu du.
Hasierako hitzaldian Unai Hualde pozik agertu da X. legegintzaldiko Kultur Atrio programako azken erakusketa honek ezagutzera ematen duelako “nafar ospetsu baten figura, zientzialaria eta medikua zen aldetik saritua (Nobel sariaz), baina ez horrenbeste irakasle, idazle, argazkigile eta are senatari moduan; legebiltzar batean gaudela, azken alderdi hori azpimarragarria da. Arlo anitz jorratu zituen humanista izan zen. Neurozientziaren gurasoetako bat izateaz gain, gauza izan zen koloretako argazkien oinarri zientifikoak eta arau praktikoak aurreratzeko”.
“Nobel Hiriak” proiektu europarraren sustatzailea den Petilla Aragoiko Udalaren ekimena eta Italiako kontsulatuaren babesa eskertu ondoren, Hualdek eskatu du arretaz begiratzeko Ramón y Cajalek 1903an Alpeez bestaldeko herrialdean zehar “zuri-beltzeko” bidaian Genova, Florentzia, Erroma, Napoli, Venezia eta beste hiri batzuetatik egindako ibilbideari.
“Mediku nafarraren XX. mende hasierako begiradak hiri haietako garaiko testuinguru historikora hurbiltzen gaitu. Honela bukatzen dugu pandemiak markatutako legegintzaldi honetako kultur zikloa, nor eta sendagile ospetsu baten eskutik. Hau bai amaiera bikaina. Milesker”.
Jarraian, Luciana Schiavarellik, Italiako Errepublikako ohorezko kontsulak, esker ona adierazi die erakusketa hau gauzatzen lagundu duten guztiei. “Ramón y Cajal eta Camillo Golgi zientzialari handien ondorengoek aukera ederra dute elkarri bostekoa emateko eta haien artean iraun duen lehiari amaiera emateko”, esan du.
“Santiago Ramón y Cajal sakonago ezagutzea eta Nobel Herrien Europako Sarearen sorreran parte hartzea opari bat izan da, haren jaioterriko alkateari eskertu behar diodana, eta baita Teodora Danisi enbaxadako agregatu kulturalari ere, hark iradoki baitzidan argazki sorta bikain hau bildu eta ezagutarazteko ideia. Italiak omenaldi txiki bat egiten dio Ramón y Cajali”, berretsi du Schiavarellik.
Florentino Aguas Petilla Aragoiko alkate udalburuak, Foru Legebiltzarrean egindako “harrera beroaz” pozik, bi ikerlarien familien arteko topaketaren garrantzia azpimarratu du.
“Nobel nafarraren sorterria den Petilla Aragoirentzat oso keinu ederra da Nafarroako Parlamentuak Cajal legatuaren zabalkunderako egindako ekarpena. Erakustoki bat laga baino askoz gehiago egin du: aukera eman du XX. mendeko zientzialari handienetakoak izan ziren Ramón y Cajalen eta Camillo Golgiren oinordekoak elkartzeko. Nobel Hirien Europako Sarea sendotzeko toki egokienean gaude”.
Inaugurazio ekitaldiaren azkenean bideo bat proiektatu da. Bertan Nobel sarien banaketa ikusten da Stockholmen, eta Ramón y Cajalek Golgiren metodoa aurkitu zuen unea (neuronaren morfologia osoa hiru dimentsiotan agerian jartzen duen prozedura histologiko xumea).
1903 Viaggio in Italia-Italia Ramón y Cajalen begietan erakusketan zuri-beltzeko 44 argazki ikus daitezke, eta Petilla Aragoiko herriari eta Zientziako Nobel Saridunen Europako Sareari buruzko informazioa ematen duten panelak. Legebiltzarraren egoitzako atalondoan jendearentzat zabalik egonen da martxoaren 31ra arte, astelehenetik ostiralera 09:00etatik 20:00etara, ostegunetan izan ezik, eta larunbatetan 11:30etik 14:00etara.
Ohi denez, erakusketa hau Kultur Atrio programaren barnean dago. Parlamentuak 2016ko otsailaz geroztik ateak zabaltzen ditu programa horretan eta babesa eskaintzen die askotariko arte- eta zabalkunde-ekintzei.
Erakusketaren hasierako ekitaldi ofiziala Legebiltzarraren egoitzako atalondoan egin da. Han izan dira, besteak beste, Inma Jurío lehen lehendakariordea, Maiorga Ramírez bigarren idazkaria, Raquel Garbayo (Navarra Suma), Carlos Mena (PSN), Ana Ansa (Geroa Bai) eta Marisa de Simón (Izquierda-Ezkerra).