Noiz argitaratua Asteartea, 2025.eko Martxoak 11

Parlamentuko Hezkuntza batzordeak bisita egin du Elizondo Lanbide Eskola ikastetxe bateratu politeknikora eta Lekaroz bigarren hezkuntzako institutura

Talde parlamentarioen ordezkariek bilera egin dute Baztan-Bidasoaren ordezkaritzarekin, hezkuntza-eskaintza ezagutzearren

Nafarroako Parlamentuko Hezkuntza Batzordeak gaur goizean bisita egin du "Elizondo Lanbide Eskola" ikastetxe bateratu politeknikoaren eta Lekaroz bigarren hezkuntzako institutuaren instalazioetara. Halaber bilera egin dute gaurkoan Baztan-Bidasoako ordezkaritzarekin, eskualde horretako hezkuntza-eskaintza adosteko abiarazi den prozesuari buruzko informazioa edukitze aldera. 

 

Bertaraturiko batzordekideak izan dira Pedro González, Isabel Olave (UPN t.p.), Carlos Mena (PSN t.p.), Eneka Maiz (EH Bildu t.p.), Itxaso Soto (Geroa Bai t.p.) eta Daniel López (Contigo Navarra-Zurekin Nafarroa t.p.).

 

Lekarozen Parlamentuaren ordezkaritzari harrera egin diote Institutuko zuzendari Iñaki Beltrán jaunak eta Baztan-Bidasoa ordezkaritza osatzen duten lau udalerrietako agintariek: Fernando Anbustegi (Baztan), Ladis Satrustegi (Lesaka), Aitor Elexpuru (Bera) eta Arantza Arregi (Doneztebe).

 

Voxez beste talde parlamentario guztien ekimenez eskaturiko bisita honen helburua izan da "bertatik bertara ezagutzea instalazioen egoera eta nondik norakoak, bai eta bi ikastetxe horiek dauzkaten premiak ere".

 

Bisitako lehen geldialdia Lekaroz BIHn egin dute, eta bertan Parlamentuaren ordezkaritzak instalazio desberdinak bisitatu ahal izan ditu ikastetxeko zuzendariaren eskutik, ahalegin berezia eskainirik kirol-instalazioak aztertzeari.

 

Halatan, bai kiroldegia bai gimnasioa ikusi ahal izan dituzte, indar-aretora iristeko aurreurrats gisa. "Patio gorria" deritzona zeharkaturik, zeinean hobetu egin baita pistaren zorua, parlamentariak 35.000 metro karratuko berdeguneraino iritsi dira, non kokatuta baitaude, besteak beste, futbol- eta errugbi-zelaiak eta atletismo-pista.

 

Ikastetxe publiko bat da, Lekarozko Uharte auzoan kokatua, eta bertan 500 bat ikasle biltzen dira, DBHko (Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako), Curriculum Bereziko Unitateko eta Batxilergoko (haren Zientziak, Giza eta Gizarte Zientziak eta Orokorra modalitateetan) hezkuntza-eskaintza osatzen duten eredu desberdinetako ikasketak egiteko.

 

Elizondoko ikastetxe bateratu politeknikoa, gaur egungo hezkuntza-eskaintzako 10 ziklo.

 

Elizondora iritsita, Parlamentuaren ordezkariei Elizondo Lanbide Eskola IIPko zuzendari Iñigo Gorrotxategik egin die harrera, eta hasiera batean ikastetxearen historiaren berri laburra eman die.

 

Zehazki, egungo 2.700 metro koadroko ikastetxea da 1967an egin zen hasierako eraikinaren eta ondoren metal- eta administrazio-ikasketak hartzeko eraiki zen eraikin gehigarriaren bategitearen emaitza.

 

Gorrotxategik ikastetxearen areto desberdinak erakutsi dizkie Parlamentuko ordezkariei, enfasi berezia jarririk espazio-mugen eta itoginen ondoriozko premietan. Oroitarazi da nola teilatua orain dela hamar urte behera etorri zen, eta horrek gaur motz geratu den eraberritze bat abiaraztera behartu zuela.

 

Alde horretatik nabarmendu da badaudela zenbait instalazio, esate baterako galdara-gela, ez direnak eraberrituak izan ikastetxearen gaur egungo edukierara haiek egokitzeko, eta duela 40 urte baino gehiagoko jatorrizko diseinuaren araberakoak direnak. 

 

Hezkuntza-eskaintza 10 prestakuntza-ziklotan egituratzen da, eta haietan daude matrikulatuta goizeko 237 ikasle eta arratsaldeko 45. Alde horretatik jakinarazi da ikastetxearen ikasle-kopurua bikoiztu egin dela azken bost urte honetan.

 

Zehazki, honako ziklo hauek irakasten dira: Ostatatze- eta Garbitze-laguntzailea (Lanbide Heziketa Berezia); Bulegoko Informatika eta Metalezko Elementuen Fabrikazioa (Oinarrizko Gradua); Administrazio-kudeaketa, Erizaintzako Zainketa Lagungarriak, Mekanizatua eta Natur Inguruneko nahiz Aisialdiko Gida (Gradu Ertaina); Haur Hezkuntza, Administrazioa eta Finantzak eta Zuzendaritzarako Laguntza (Goi Gradua).

 

Baztan-Bidasoaren ordezkaritzarekiko bilera

 

Instalazioetarako bisita amaituta, bilera egin dute Nafarroako Parlamentuko kideek eta Baztan-Bidasoaren ordezkaritzako kideek (ordezkaritza horrek biltzen ditu lau herrietako alkateak, Elizondo IBPko zuzendaria eta Berako Toki Ona BHIko zuzendari Igor Arruabarrena jauna, zeinak ez baitu gaur bilerara etortzerik izan.

 

Guztiek azpimarratu dute Oronozko ikastetxe berrirako proiektua azkartu beharra dagoela: "ikastetxe mardula, integrala, erreferentea eta erakargarria, misiotzat duena eskualdearen garapen sozioekonomikoaren bultzagarri izatea".

 

Jakinarazi dute zer puntutan dauden Hezkuntza Departamentuarekiko negoziazioak, "eskualdearen eskaerei eta premiei erantzunen dien hezkuntza-proiektu baten ezarpenari ekiteko xedez". Eskaera eta premia horiek aurretiaz prozesu batean aztertuak izan dira, zeinean parte hartu baitute zeresana zeukaten udalerri guztiek, eragile sozioekonomikoek eta Cederna Garalur Elkarteak berak.

 

Bisita honek osatu egin du Baztan-Bidasoaren ordezkaritzak berak Nafarroako Parlamentura 2024ko azaroan egin zuen lan-bilera. 

 

Hitz egiteko txandetan, talde parlamentarioen eledunek azalpenak eskertu dituzte eta informazioa bildu dute beharrezkotzat jotzen dituzten ekimenak abian jartzeko, hala behar izanez gero.