Noiz argitaratua Ostirala, 2017.eko Martxoak 10

Paula Donézarrek Zuzenbide Parlamentarioko I. Nafarroako Parlamentua Saria jaso du

Lehen aldiz unibertsitate guztiei irekita egon den sariaren pluraltasuna nabarmendu du Ainhoa Aznárezek, “bizi garen Nafarroa honen ikur eta isla garbia”

Foru Legebiltzarrean gaur Zuzenbide Parlamentarioa Ikertzeko I. Nafarroako Parlamentua Saria emateko ekitaldia egin da. Paula Dónezar Apesteguía izan da saritua. Parlamentuko lehendakariak, Ainhoa Aznárez Igarzak, eman dio saria (1.500 euro), alderdi politikoen finantzaketari buruz egin duen ikerlanarengatik.

 

Bestalde, 500 euroko akzesita jaso du Andrés Turiel Mirandak, ¿Pueden las Cortes Generales controlar un Gobierno en funciones? izenburuko lanagatik.

 

Epaimahaian izan dira Idoia Tajadura, Nafarroako Parlamentuko legelari nagusia, Manuel Pulido, Parlamentuko legelari eta Nafarroako Unibertsitateko Parlamentu eta Hauteskunde Zuzenbideko irakaslea, Alejandro Torres Gutiérrez, NUPeko Zuzenbide Publikoko Saileko katedraduna, Juan Andrés Muñoz, UNEDen Iruñeko Ikastegi Elkartuko Konstituzio Zuzenbideko katedraduna, Ana Carmen Iturre, UNEDen Tuterako Ikastegi Elkartuko idazkari teknikoa, eta Asunción de la Iglesia, Nafarroako Unibertsitateko dekanorde eta Konstituzio Zuzenbideko irakaslea. Aurkeztutako lanek “maila akademiko handia” dutela baieztatu dute.

 

NUPek, Nafarroako Unibertsitateak, Iruñeko UNEDek eta Tuterako UNEDek 2016an sinatutako lankidetza-hitzarmen baten ildotik sortu da Zuzenbide Parlamentarioa Ikertzeko I. Saria. Hitzarmen hori “unibertsitateko komunitate osoaren zerbitzurako tresna” da, eta beraren bidez sakonean ikertu eta ezagutu nahi dira “sistema politiko-parlamentarioa eta sistema juridiko-konstituzionala”.

 

Bere lehengo bertsioan, saria Nafarroako Unibertsitateko Konstituzio Zuzenbideko Sailak kudeatzen zuen, 2002az geroztik unibertsitate horren esku baitzegoen, Nafarroako Parlamentuarekin egindako hitzarmen baten ondorioz.

 

Ainhoa Aznárez Igarza lehendakaria izan da hasiera-ekitaldiko buru. Lehendabizi zorionak eman dizkie saridunei, eta “baterakoa, anitza eta plurala, bizi garen Nafarroa honen ikur eta isla garbia” den sari horren bultzatzaileak ere zoriondu ditu.

 

Hori dela eta, lehendakariak eskertu egin du “unibertsitateek elkarrekin egiten duten ahalegina, gazteen interesa pizten saiatzen baitira Parlamentuaren barne-antolaketaz eta funtzionamenduaz; izan ere, maiz aurkitzen ditugu konponbide juridikoen edo lege-interpretazioen ikuspuntutik oso argiak ez diren egoerak”.

 

Esandakoaren haritik, gaur egun indar betean dauden eta berri samarrak diren gaiei heldu dieten bi ikerlanen orijinaltasuna eta maisutasuna goraipatu ditu Ainhoa Aznárezek.

 

Hala, lehendakaria Andrés Turielen lanaz, akzesita jaso duenaz, mintzatu da. Parlamentuan gutxiengoa duen jarduneko gobernu bati (“oraintsu ikusi dugun egoera”) Gorte Nagusiek egin ahal dioten kontrol motari buruzko lana da. Paula Donézarren ikerlanaren gaiaz ere mintzatu da: “zenbait alderdiri leporatzen zaizkien ustezko irregulartasunak, herritarrengan segurtasunik eza eta kezka sortzen dituen arazo bat, alderdien egoera parlamentarioan eragina izan lezakeena”.

 

Paula Donézarrek, Zuzenbide Parlamentarioa Ikertzeko I. Sariaren irabazleak, aitortu du “oso harro” dagoela, sariak garrantzi handia duelako. “Izugarri garrantzitsua da alderdi politikoen finantzaketaren inguruko guztia lege bidez argi arautu eta fiskalizatzea; etenik gabe eztabaidatzen den gaia da, ordainsari publikoen munta eta Kontuen Auzitegiaren egitekoa direla eta”.

 

Pula Donézarrek San Cernin ikastetxean egin zituen Lehen Hezkuntzako, DBHko eta Batxilergoko ikasketak. Zuzenbideko gradua egin zuen NUPeko Zientzia Juridikoen Fakultatean (2012-2016). Abokatutzako masterra eta Lan arloko Lege Aholkularitzako masterra egin ditu. Ingeleseko eta frantseseko C1 maila eta alemaneko A2 maila ditu.

 

Ekitaldian izan dira Unai Hualde eta Maiorga Ramírez Mahaiko kideak eta Iñaki Iriarte (UPN), Adolfo Araiz (EH Bildu), Tere Sáez (Podemos-Ahal Dugu), Nuria Medina, Ainhoa Unzu (PSN) eta Marisa de Simón (Izquierda-Ezkerra) parlamentariak.