Unai Hualde Nafarroako Kontseiluko Lehendakariarekin bildu da
Nafarroako Parlamentuak organo aholku-emaile gorenaren kontseilukidea hautatzeko prozedura martxan jarri du, eta hautagaiak aurkezteko epea irailaren 19ra arte egongo da zabalik
Nafarroako Parlamentuko Lehendakaria, Unai Hualde, Nafarroako Kontseiluko Lehendakariarekin bildu da, Alfredo Irujorekin. Nafarroako Foru Erkidegoaren organo aholku-emaile gorena da Kontseilua (1999an sortua) eta bere helburua Nafarroako Gobernuak legeak betetzen dituela bermatzea da.
Alfredo Irujok azaldutakoaren arabera, protokolozko bilkura bat izan da honakoa, gainerako erakundeekin egiten ari diren gisan Parlamentuaren esanetara jartzeko, 8/2016 Foru Legeak, ekainaren 9koak, Nafarroako Kontseiluari buruzkoak dioenari jarraiki.
Unai Hualdek oroitarazi du aurreko legegintzaldian “Nafarroako Kontseiluak foru lege ugariri buruzko aholkuak eman zituela, hondakinen inguruko legeari buruz, Toki Administrazioaren erreformari buruz eta Foru Berriari buruz, esaterako. Parlamentuko taldeek legegintzaldi honetan azken irizpen honen inguruan lanean jarraituko dute”.
Bestalde, Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Kontseiluko kontseilukide bat izendatzeko prozedura martxan jarri du. Hautagaiak aurkezteko epea irailaren 19an bukatuko da 17:00ean. Hautagaiek batzordean agerraldia egingo dute beren merituak azaltzeko, eta ondoren Osoko Bilkuran hautaketari ekingo zaio.
Nafarroako Kontseilua Nafarroako Foru Komunitateko organo aholku-emaile gorena da, ordenamendu juridikoa gordetzen dela begiratzearen arduraduna. Zenbait kasutan Nafarroako Kontseiluaren aholkua nahitaez eskatu beharko da, eta dagokion autoritateak irizpenerako eskabidea egiten duenean ere, kontseiluak aholkua eman beharko du.
Kontseilua bost kidek osatuko dute, zortzi urtez izendatuko dira eta ezin izanen dira berriz hautatuak izan. Nafarroako Parlamentuko Osoko Bilkurari dagokio kontseiluko kideak hautatzea, gehiengo osoz, eta honakoek proposatu ahalko dituzte postu hutsak betetzeko izangaiak: Parlamentu-talde batek edo batzuek, Nafarroako abokatu-elkargoek edo, kasua bada, Nafarroako Abokatu Elkargoen Kontseiluak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gobernu Kontseiluak.
Irujo 2016ko uztailaren 21ean jabetu zen karguaz, urte hartako ekainaren 2an onetsitako Foru Legeari jarraiki, organo honen “funtzionamendua, neutraltasun politikoa, inpartzialtasuna eta kualifikazio teknikoa hobetzeko” helburuarekin.