Unai Hualdek Koldo Martinez Foru Erkidegoko senatari ohiaren lana eskertu du
Ekainaren 16an Parlamentu berriaren eraketarekin batera Martinezen agintaldia amaituta, Legebiltzarrak goi ganberarako ordezkari bat izendatu behar du
Nafarroako Parlamentuko Lehendakariak, Unai Hualdek, Koldo Martinez Foru erkidegoko senatari ohiari harrera egin dio gaur bere bulego ofizialean. Parlamentu berriaren eraketarekin batera amaitu zuen bere agintea, ekainaren 16an.
Jorratutako gaien artean, esaterako, Goi Ganberarako ordezkari berri bat izendatu beharraz aritu dira, izan ere, Legebiltzarrak irailetik aurrera ekingo baitio prozesuari, ohiko bilkuraldia hasi eta inbestidurari dagozkion izapideak amaitu ondoren.
Testuinguru horretan, senatari ohiak legegintzaldian zeharreko jardueraren balantze-dokumentu bat eman dio Legebiltzarreko lehendakariari. Dokumentu horretan, parte hartutako batzordeak eta bertan jorratutako gaiak zehazten dira.
Horrela, Martinezek Goi Ganberan bultzatutako ekimenak errepasatu ondoren, Unai Hualdek senatari autonomiko ohiak autogobernuaren, askatasun zibilen eta Nafarroarentzat interesgarriak diren sektore-esparru ezberdinen arloetan egindako lana goraipatu du, eta Parlamentuko taldeen esku geratuko den informazio guztia eskertu du.
Koldo Martinezek, bestalde, “Nafarroa anitzaren ahotsa Estatuko erakundeetara eramateko aukera” eskertu du, eta “Foru Erkidegoak desberdinen arteko adostasunaren eredu” izaten jarrai dezan defendatu du, “are gehiago gaur egun bizi dugun momento politiko zail honetan”.
Koldo Martinez 2019ko irailaren 26an Foru Erkidegoko Senatari hautatu zuten Geroa Baik, PSNk eta Podemos-Ahal Duguk proposatuta. 22 boto lortu zituen, eta Navarra Sumaren hautagaiak, Arancha Ariasek, berriz, 20. EH Bilduk (7) eta I-Ek (1) boto zuria eman zuten.
Legebiltzarreko Erreglamenduaren 235. artikuluak dioenari jarraiki, senatariak boto-txartelen bidezko isilpeko bozketa bakarrean hautatuko dira. Boto gehien eskuratzen duen hautagaia izango da hautatua, eta berdinketa gertatuz gero, kiderik gehien duen talde parlamentarioak proposaturiko hautagaiaren alde ebatziko da, eta berdinketa gertatuz gero, adin handieneko hautagaiaren alde.
Legegintzaldian zehar ordezkoa jarri behar bada, bete nahi den postu hutsa dagokion talde parlamentarioak berak proposatuko du ordezkoa.
Foru erkidegoko Legebiltzarrak izendatutako senatariaren agintaldia, Parlamentuko Erregelamenduak dioenez, hautatu duen Nafarroako Parlamentuaren ondorengoa eratzen den egun berean bukatuko da.
Bestalde, agintaldi hori bukatuko da, halaber, Senatuko legegintzaldia Konstituzioak ezarritako edozein arrazoirengatik bukatzen denean. Senaturako hauteskundeak egin ondoren eta Senatua eratu aurretik, Legebiltzarreko Mahaiak Nafarroako Parlamentuko legegintzaldiaren hasieran hautatuko pertsona berari emanen dio agintea.
Senaturako hauteskundeak egin ondoren, eta eratu aurretik, Legebiltzarreko Mahaiak mandatua emango dio Legebiltzarreko legegintzaldiaren hasieran izendatu zuten pertsona berari, 2019ko apirilaren 28ko hauteskundeen ondoren egin bezala.