Noiz argitaratua Ostirala, 2017.eko Azaroak 10

“Emakumeen aurkako indarkeria. Xake patriarkatuari” jardunaldien III edizioa

Genero indarkeriaren aurkako Estatu itunaren eraginkortasuna aztertu eta produktu sexisten inguruan komunikabideek jokatzen duten papera landuko da

Nafarroako Parlamentuak, NUPekin, Nafarroako Berdintasunerako Institutuarekin (INAI) eta Emakumeei Laguntzeko Zerbitzuarekin elkarlanean, Emakumeen aurkako indarkeriari buruzko III. Jardunaldiak antolatu ditu. Arlo anitzeko zikloa da eta emakume mugimenduekin eta talde feministekin elkarlana sustatzea du helburu. Espazio publikoa konkistatu nahi du ziklo honek, ezinbesteko esparrua baita berdintasun baldintzetan emakumeen ikusgaitasuna bermatzeko, komunikazioaren esparruan ere bai.

 

Lehenengo edizioko ondorioak Emakumeen kontrako indarkeriari aurre egiteko Foru Legea (2015eko martxoan aho batez onetsia) garatzeko baliatu ziren, eta bigarren edizioak, berriz, adierazpen-bide bat eskaini nahi izan zien genero-erasoen biktima diren eta landa-ingurunean bizi diren emakumeei. Aurtengo helburua sistema aldatzen lagunduko duen genero sentsibilitatea indartu eta bultzatzea da.

 

Xede nagusia, beraz, egungo genero egituraren inguruan komunikazio ez sexista eta eraldatzaile bat lantzeko tresnak ematea da, indarkeria matxistaren atzean dauden desberdintasun mekanismoak eta estereotipo desberdinak azaleratzeko ahalegina eginez.

 

Hausnarketa espazio honetatik abiatuz, komunikabideek eta kazetariek genero berdintasunean eta emakumezkoen munduaren inguruko adierazpen ankerren erauztean egin dezaketen ekarpenari buruz eztabaidatu nahi da, eta era berean, publikoarengan salaketa jarrera bat bultzatzea da xedea, hartzaile pasiboaren jarrera alde batera uzteko saiakera eginez.

 

Jardunaldiari azaroaren 13an emango zaio hasiera (18:00etan erabilera anitzeko aretoan) Ainhoa Aznarez Igarzaren, Nafarroako Parlamentuko Lehendakariaren eskutik.

 

Jarraian mahai-ingurua eginen da genero indarkeriaren aurkako Estatu itunaren indar eta ahulezien inguruan. Eztabaidak esparru autonomikoan existitzen diren protokoloak landuko ditu, eta Esther Ripak, Nafarroako Emakumeen Mugimendu Demokratikoko ordezkariak, Maria Jesús Girona Magramerrek, Emakume Gazteen Federazioko ordezkariak eta Andrea/Lunes Lilas taldeko ordezkari batek parte hartuko dute. Vanina Gentile, generoan aditua den psikologoa (NUP) eta Equalako teknikaria izanen da moderatzailea.

 

Zikloari asteartean, azaroaren 14an (09:30) emanen zaio jarraipena informazioa igortzearen ikuspegitik, komunikabideak eta genero indarkeriari buruzko tailerrarekin. Kazetariei zuzenduta, komunikabideek eraldaketa sozialaren eragiletzat edo estereotipoen adierazletzat jokatzen duten papera landuko da, eta hartzaileek komunikazio produktu sexistak salatzeko moduak proposatuko dira.

 

Arratsaldean (18:00etan erabilera anitzeko aretoan) publiko orokorrari irekita eta bereziki emakume talde eta elkarteei, gazteei eta hezkuntza zentroei zuzenduta, komunikabideak eta genero indarkeriari buruzko hitzaldi bat eginen da, informazioa jasotzearen ikuspegitik. Sarah Babiker Morenok, Berdintasunerako Komunikazioa Elkarte Zibileko kideak hitzaldia emanen du.

 

INAIko zuzendari kudeatzaile Mertxe Leranoz Goñik itxiko ditu III. jardunaldiak (19:30etan).