Noiz argitaratua Asteartea, 2017.eko Urriak 3

Parlamentuak Erriberaren egoera ekonomikoari, hezkuntzazkoari eta sozialari buruzko Osoko Bilkura monografiko bat eginen du ostiral honetan

Eledunek 20 minutuko txanda bat edukiko dute, eta bost erabaki proposamen bitarte aurkeztu ahalko dituzte, eta Gobernuak ere bere jarrera adierazteko txanda bat edukiko du

Nafarroako Parlamentuak ostiral honetan, 09:30ean, eztabaida monografiko bat eginen du, PPN talde parlamentarioak eskatuta, Nafarroako Erriberaren egoera ekonomikori, hezkuntzazkoari eta sozialari buruz. Parlamentuak egiten duen gisa horretako seigarren osoko bilkura da, eta aurrekoetan honako gai hauek aztertu ditu: erabakitzeko eskubidea (EH Bildu talde parlamentarioa), enpleguaren sustapena (PSN talde parlamentarioa), hezkuntza sistema (PPN), gizarte politika (PPN) eta etxebizitza (Podemos-Ahal Dugu).

 

Mahaiak onetsitako arauei jarraituz, Eledunen Batzarrari entzun ondoren, eztabaida hasiko da PPN foru parlamentarien elkarteko eledunaren hitzaldiarekin; 20 minutu izanen ditu, gehienez.

 

Ondoren, gainerako taldeetako eta parlamentarien elkarteetako eledunek hartuko dute parte, gehienez ere 20 minutuz; eserleku gehien dituena izanen da lehenengoa hitz egiten eta eserleku gutxien dituena azkena.

 

Txanda hori bukatuta, Nafarroako Gobernuaren ordezkari bat mintzatzen ahalko da, eztabaidagai diren gaien inguruko bere jarrera azaltze aldera, 20 minutuz.

 

Eztabaida bukatuta, bilkura ordubetez etenen da, eta Mahaiari erabaki proposamenak aurkeztu ahalko zaizkio. Talde bakoitzak bost erabaki proposamen aurkeztu erregistratu ahalko ditu gehienez. Eztabaidan zehar, in voce zuzenketak aurkeztu ahalko dira, baldin eta haien xedea bada akats edo oker tekniko, terminologiko edo gramatikakoak zuzentzea.

 

Proposamenak batera aldeztuko dira, gehienez ere 10 minutuz, handitik txikirako hurrenkeran, eta eledunek, halaber, gainerako taldeek aurkeztutako proposamenei buruzko jarrera azaldu ahalko dute.

 

Eztabaida amaituta, erabaki proposamenak bozkatuko dira.