Nafarroako Gobernua premiatzen da NUPekin batera azterlan bat egin dezan, ziberjazarpena molde eta adin guztietan zenbaterainokoa den jakiteko datu gaurkotuak edukitzeko
Jarduketa-plan eraginkor bat eta publizitate-kanpaina bat eskatzen da, gehienbat sare sozialak edo/eta gazteak ibiltzen diren espazioak erabilita
Garapen Ekonomikorako Batzordeak ebazpen bat onetsi du gaur, UPN, PSN PPN eta I-Eren aldeko botoekin eta Geroa Bai, EH Bildu eta Podemos-Ahal Duguren aurkakoekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin batera azterlan bat egin dezan, ziberjazarpena foru erkidegoan zertan den eta molde eta adin guztietan zenbaterainokoa den jakiteko datu gaurkotuak edukitzeko”.
Onetsitako ebazpenak bigarren puntu bat dauka, zeinak, era berean, Gobernua premiatzen baitu “jarduketa-plan eraginkor bat presta dezan detektatutako edo salatutako ziberbullying kasuetarako, zeinean jasoko baita zer jarduketa-protokolo bete beharko duten polizia-kidegoek, ikastetxeek, inplikatutakoen gurasoek edo tutoreek, osasun- edo/eta gizarte-zerbitzuek eta egoki iritzitako eragile guztiek”.
Hirugarren atal batean, Nafarroako Gobernuari eskatzen zaio “Nafarroan ziberjazarpenaren analisia eta jarraipena egiteko lantalde bat eratu dezan, Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien zerbitzuak ematen dituzten enpresekin batera lan egiteko. Lantalde horretan parte hartuko dute, gutxienez ere, Informatikaren, Telekomunikazioen eta Berrikuntza Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak, Foruzaingoak, Hezkuntza Departamentuak eta Eskubide Sozialetako Departamentuak”.
Azkeneko puntuan, Gobernua premiatzen da “ziberbullyingaren aurkako publizitate-kanpaina positibo bat abiaraz dezan, gehienbat sare sozialak edo/eta Nafarroako Foru Komunitateko gazteak ibiltzen diren espazioak erabilita”.
Zioen azalpenean, PSNk sustatutako ebazpenak egungo legedira jo du, esanez “ez dela nahikoa eta zaharkitua dagoela”, nahiz eta Nafarroan Laguntza Plana dagoen, “eskola jazarpena hezkuntza esparruan lantzen duen arren, ez du ziberjazarpena lantzen, eta hau da gaur egungo arazo nagusia, eguneko 24 orduetan zehar baita eta kontaktu fisikoaren beharrik gabe”.
Zentzu horretan, Save the Children elkartearen "Yo a eso no juego. Bullying y Ciberbullying en la Infancia" txostenaren arabera, inkesta egin zaien Nafarroako haurren ehuneko 4,1 “inoiz ziberjazarpenaren biktima izan dela ohartarazten da eta ehuneko 0,5, berriz, maiztasunez, datu hauek Nafarroa toki onean uzten dute ranking nazionalean” (%5,8 eta %1,1, hurrenez hurren).
Testuinguru horretan, aipatzen da Unicefen eta EHUk burututako Net Children-Go Mobile txostenaren arabera, adingabea dela Interneten edozein euskarriren hiru erabiltzailetik bat, emakumeak izanik jazarpen-mota hori gehien pairatzen dutenak, 16 urtetik aitzina nabarmen jaisten den arren indarkeria-molde hori. Datu guztiek hala ere “2 urteko antzinatasuna dute gutxienez ere; hortaz, baliabide digitalak herritarren artean izaten ari diren hazkunde esponentziala ikusita, oso litekeena da datu horiek are kezkagarriagoak izatea gaur egun”.
Horregatik guztiagatik, sustatzaileak “irmotasun publikoa” eskatzen du ziberbyllying edo ziberjazarpenaren gaitzespenean, izan ere, ez da zertan eman eskolatutako pertsonen artean soilik, “genero indarkeriaren sorburu izan daiteke, groominga (horren bertsiorik makurrenetan, pederastia kasuak ere gerta litezke) edo sextinga (eduki sexualeko irudiak bidaltzea)”.
Azkenik, oroitarazten da ziberjazarpena pertsona bat edo pertsona-talde bat esesteko, estutzeko edo jazartzeko baliabide telematikoak erabiltzean datzala, betiere adingabe bat tartean dela.
Jokin Castiella (Geroa Bai) lehendakari izan duen saiora bertaratu direnak izan dira Carlos García Adanero, Luis Zarraluqui, Begoña Ganuza, Carmen Segura (UPN), Virginia Alemán, Rafael Eraso (Geroa Bai), Arantza Izurdiaga, Maiorga Ramírez (EH Bildu), Carlos Couso, Mikel Buil (Podemos-Ahal Dugu), Guzmán Garmendia, Ainhoa Unzu (PSN), Ana Beltrán (PPN) eta José Miguel Nuin (Izquierda-Ezkerra).