Noiz argitaratua Osteguna, 2018.eko Apirilak 19

Espainiako Gobernua premiatzen da birbanaketarako eta desberdintasun-murrizketarako ahalmen handiagoko pentsio-sistema publiko bat ezar dezan

Pentsioen erosahalmena berma dezan eskatzen da, haien gaurkotzea KPIaren arabera egitea berreskuratuz

Parlamentuko Osoko Bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur, UPN eta PSNren aldeko botoekin, Geroa Bairen abstentzioarekin eta Eh Bildu, Podemos-Ahal Dugu, PPN eta I-Eren aurkako botoarekin, zeinaren bidez Espainiako Gobernua premiatzen baita “2011ko kontsentsura itzul dadin, 2011-2015 legegintzaldian zehar sartutako lege-aldaketa guztiak indarrik gabe utziz: 5/2013 Errege Lege Dekretuak erretiro aurreratuari buruz eginiko arauketa eta 23/2013 Legea, Jasangarritasun Faktorea eta Gizarte Segurantzaren Pentsioen Sistemaren Errebalorizazio Indizea arautzen dituena, oso-osorik”.

 

Bigarren puntu batean, PPNren aurkako botoarekin, Estatuko Gobernuari eskatzen zaio “pentsioen erosahalmena berma dezan, haien gaurkotzea KPIaren arabera egitea berreskuratuz”.

 

Hirugarren atalean eskatzen da “jasangarritasun-faktorea, PPk 23/2013 Legean ezarritakoa, ken dezan; faktore horrek eraginen du erretiro-pentsioak murriztea kasuan kasuko kohortearen bizi-itxaropenaren arabera, 2019ko urtarrilaren 1etik aurrera”. PPNk atal honen aurka bozkatu du, gainerakoek alde.

 

Gainera, Espainiako Gobernua premiatzen da “sistemaren gastuak arrazionaliza ditzan, 2018ko Estatuko Aurrekontu Orokorretara eramanez prestazioei ez dagozkien gastuak; honako gastu hauek: batetik, enplegua sustatzeko neurriak (kuota-murrizketak, tarifa lauak eta abar). Baldin eta horietakoren bati eustea beharrezkotzat jotzen bada, hobarien bidetik egin beharko litzateke, eta Estatuko Aurrekontu Orokorren kargura. Bestetik, Gizarte Segurantzaren Erakunde Administratiboen kudeaketarako gastuak, gainerako erakunde publikoekin egiten den bezala. Geroa Bai, Podemos-Ahal Dugu, PSN eta I-Ek aldeko botoa eman dute, EH Bilduk abstentzioa eta UPN eta PPNk aurka.

 

Horrez gain, Gobernuari eskatzen zaio “sistemaren diru-sarrerak handitu ditzan. Alde batetik, Gizarte Segurantzaren finantzaketa osatuz, besteak beste, zergetatik datozen diru-sarreren bitartez, urtero kotizazioen bidezko diru-sarrerak osatzeraino, sistemaren barruan diru-sarrera horiek berriz orekatzen diren arte; esate baterako, bankari eta transakzio finantzarioei aparteko zerga berriak ezarri beharko litzaizkieke. Gure ustez, Espainiako gizarte osoak finantza-entitateen erreskatean lagundu baldin badu, zerga horrek balio beharko luke pentsioen sistema publikoaren erreskatea lortzeko. Beste alde batetik, enplegu irregularraren eta Gizarte Segurantzari eginiko iruzurraren aurkako borroka areagotuz. UPN eta PPNk aurka bozkatu dute.

 

Gainera, premiatzen da sistemaren babes-izaera hobetu dezan, Erreserba Funtsaren kudeaketa modernizatuz haren erregularizazioa hobetzearen bidetik, urteroko izaera duten funtsak erabiltzeari mugak ezarriz. PPNk aurka bozkatu du eta EH Bilduk abstentzioa.

 

Azkenik, PPNren aurkako botoarekin, Espainiako Gobernuari eskatzen zaio “berariazko neurriak har ditzan gizonen eta emakumeen pentsioen zenbatekoaren artean egun dagoen arraila, % 40 ingurukoa, pixkanaka deuseztatzen joateko. Eskatzen da, batetik, lanaren arlorako berdintasun lege bat onestea, soldaten arraila eta, horrenbestez, kotizazioen arraila deuseztatze aldera, horrek azkenean pentsio txikiagoak eragiten baititu.

 

Zentzu horretan, eskatzen da 27/2011 Legean jasotako sozialisten legegintza-ekimena berreskuratzea, 65 urtetik gorakoak izan eta beste pentsio publikorik jasotzen ez dutenen alargun pentsioa oinarri arautzailearen % 60ra arte igotzekoa; izan ere, neurri horrek, gehienbat, emakumeengan izanen du eragina”.

 

Zioen azalpenean, PSN talde parlamentarioak aurkeztutako ebazpenak aipatzen du “PPren politikek, Toledoko Hitzarmeneko adostasuna apurtuz, pobretze mailakatu baterako bidea egin dutela, eta Espainiako Aurrekontu Orokorren kontura finantzaketa iturri bat ezartzeko deia egiten du, eredu berri baten alde, pentsio sistema orekatzeko, eta politika publikoek birbanaketa gaitasun bat lor dezaten, baita desberdintasunen murrizketa ere (% 46).

 

Defizitari buruz mintzatu ostean, Gizarte Segurantzaren Erreserba Funtsaren espoliazioaz ohartarazten da, “ez bada agortu, hain zuzen ere, Gizarte Segurantzaren zortzeagatik izan baita, 2017an 10.192 milioirekin eta 2018an beste 15.000rekin”.

 

Zentzu horretan, oroitarazten da Erreserba Funtsa, “gobernu sozialistek 1989an Gizarte Segurantzaren egitura finantzarioan egindako erreformatik heldutakoa, eta egun 90.000 milioi baino gehiago izanen lituzkenak bere errentagarritasun propioaren ondorioz”, aurreikusita zegoela sisteman belaunaldien arteko tentsio handienak sortzen ziren unean erabiltzeko; hain zuzen ere, 2023. urtearen bueltan. Aitzitik, aurreikusitakoa baino 10 urte lehenago agortuko da, eta horregatik neurriak hartu behar dira ezinbestez, beste batzuen artean, “kalitatezko enplegua eta lan eskubideak bermatuko dituen Langileen Estatutu berri bat”.