Nafarroako Gobernua premiatzen da Memoriaren Institutuaren barruan sorgin-ehizaren biktimen memoria jaso dezan
Aitortzarako ekitaldi instituzional bat eskatzen da, baita emakumeen aurka gizateriaren historian egindako feminizidio instituzional handienaren arrazoiak azaltzeko material didaktikoak ere
Parlamentuko Osoko Bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur Geroa Bairen, EH Bilduren, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bairen, PSNren eta I-Eren aldeko botoekin eta UPN eta PPNren aurkakoekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiak, Nafarroako Memoriaren Institutuaren barruan eta genero ikuspegian espezifikoki zentratutako lan -eta egintza-ildo baten barruan, sorgin-ehizaren biktimen inguruko azterketak eta ikerketak egitea aintzat har dezan, epe historiko berriagoetan ere emakumeek jasan duten errepresioaren aurrekari gisa”.
Onetsitako ebazpenak bigarren atalean Nafarroako Gobernuari eskatzen dio “sorgin-ehizarekin lotutako memoria-lekuen mapa bat egin dezan, leku horiei beste memoria-leku batzuek duten babes mailaren antzekoa emanez”.
Horrez gain, Gobernua premiatzen da “erakunde publikoek errekonozimendu-omenaldi bat egin dezaten sorgin-ehizaren testuinguruan eraildako pertsonen gomutan –gehienak, emakumeak–,feminizidio instituzional itzel izandako horren salaketa publikoa eginez hartara”.
Bestalde, laugarren atalean, Gobernuari eskatzen zaio “Hezkuntza Departamentuak material didaktikoak eta ikus-entzunezkoen materialak prestatzea susta dezan, sorgin-ehizaren biktima izan ziren emakume errepresaliatuen ikuspegia eskaintzeko”.
Gainera, Nafarroako Gobernua premiatzen da “Eskubide Sozialetako Departamentuak, Garapen Ekonomikorako Departamentuak, Ogasuneko Departamentuak eta Hezkuntza Departamentuak ugalketa eta zaintza lanen zentraltasuna onar dezaten, halako moduan non horien errekonozimendura eta balorizaziora bideratuko baitituzten beren politika guztiak, administrazio publikoei exigitu beharreko eskubide subjektibo diren aldetik”. PSN eta I-E abstenitu egin dira atal honetan.
Azkenik, Gobernuari eskatzen zaio “jakintza-alorrarteko lan-talde bat sor dezan, historia, etnografia, antropologia eta feminismoaren alorretako ikertzaileek osatuta, dokumentazio funtsa eratzen eta ikertzen jarrai dezaten, gertatutakoaren arrazoi eta ondorioak ezagutzera eman ahal izateko; bai eta belaunaldiz belaunaldi transmititu dena jasotzeko ere”.
Zioen azalpenean, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak aipatzen du “imajinario kolektiboan, sorginek konnotazio negatiboa dutela, eta banalizatu egin ohi dela milaka emakumek sorgin-ehiza izenpean Europa osoan pairatu zuten indarkeria, batez ere XVI. eta XVII. mendeetatik aitzina mendeetan zehar gertatu zena”. Zentzu horretan, dei egiten du “emakumeen aurka gizateriaren historian egindako feminizidio instituzional handienaren biktimen memoria eta duintasuna erreparatzera”.
Aurten 409 urte beteko dira Zugarramurdin sorginak erre zituztenetik, eta hori dela eta, “haiek laidoztatzearen eta demonizatzearen atzean zeuden arrazoi historikoak” ezagutzera ematea defendatzen da, izan ere, “indarkeria sistematiko eta bere jatorrian sistemiko hura beharrezkoa izan zen emakumea eta bere gorputza kontrolatzeko, zertarako eta emakumeak bere gain har zezan ugalketa eta zaintza lanen zama doan, zeinen bizkar sistemak oraindik ere pilatzen baitu bere aberastasuna emakumeen kontura”.
Sustatzaileak Silvia Federici historiagile eta teorialari feminista bezalako emakumeek egindako ikerketa lanak nabarmendu nahi izan ditu, “emakumeen erailketa sistematiko horren tamaina kreditatzen duten dokumentu-iturriak suntsitu diren arren, ekarpen izugarria egin dutelako”.
-
Mozioa (45. NPAO, 2019-03-26koa)