Nafarroako Gobernua premiatzen da baliabideen eta neurri urgenteen sorta presta dezan COVID-19a maila emozionalean izaten ari den ondorio negatiboak arintzeko eta prebenitzeko
Inkomunikazioak eta isolamenduak eragindako arriskuez ohartarazten da eta adinekoen eta gainera sektore ahulenen beharrak ase daitezen eskatzen da
Eskubide Sozialetako batzordeak ebazpen bat onetsi du gaur aho batez, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “baliabideen eta neurri urgenteen sorta presta dezan, zaharren ongizate emozionalari, psikologikoari eta sozialari dagokienez COVID-19a izaten ari den ondorio negatiboak arintzeko eta prebenitzeko”.
Neurri horien artean proposatzen da “aisialdiko jarduera seguruen egitarau bereziak eta COVID-19aren albo-ondorioak minimizatzeko laguntza psikologikoko programak antola daitezela, prebentzio neurriak eta gida informatiboak jendarteratu daitezela pandemia-egoeran osasun integrala sustatzeko eta antsietateari eta isolamendu sozialari aurre egin ahal izateko”.
Onetsitako ebazpenak bigarren atalean Foru Exekutiboari eskatzen dio “albait azkarren deitu dezan Adinekoen Kontseilua, proposatutako neurriak elkarrekin lantzeko”.
Zioen azalpenean, EH Bildu talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak pandemiak eragindako “ohitura aldaketari” buruz hitz egiten du, eta segurtasun arloan eta harremanen arloan hartutako “prebentzio neurriek sektore ahulenengan – emakumeak, gazteak - izan dituzten ondorio negatiboez” ohartarazten du, “bereziki zaharrenengan, kasu askotan isolamendu soziala eta bakardadea eragin baitie”.
Hori dela eta, isolamenduak eta inkomunikazioak eragindako “arriskuak” arintzea bilatzen da, “antsietatea, depresioa, disfuntzio kognitiboa eta bihotzeko gaitzak” bezalakoak, eta horretarako Hans Henri P. Kluge OMEko Europarako zuzendariak egindako gomendioa aintzat hartu nahi da, “bakarrik bizi diren zaharren gutxieneko beharrak eta eskubideak berma daitezen”. Hori guztia, “noski, errespetu eta duintasunetik abiatuta, inor atzean geratu ez dadin”.
Arantza Biurrun (PSN) buru izan duen saioan egon dira Marta Álvarez, Alberto Bonilla, Ángel Ansa, Jorge Esparza, Maribel García Malo, Cristina Ibarrola (Navarra Suma), Nuria Medina, Carlos Mena (PSN), Isabel Aramburu, Jabi Arakama (Geroa Bai), Patricia Perales, Txomin González (EH Bildu) eta Mikel Buil (Podemos-Ahal Dugu).
• www.nafarroakoparlamentua.eus
• Mozioa (102. NPAO, 2020-09-29koa)