Nafarroako Parlamentuak ‘Zer gertatzen da Rwandan? Galdetu bizikletei”’ erakusketa inauguratu du.
Erakusketa zabalik egonen da irailaren 27ra arte, eta Ruandako egungo errealitate sozio-politikoa ezagutaraztea du helburu. Bestalde, Medicus Mundi erakundeak eskatuta antolatu da, erakunde horrek bere 50. urteurrena bete baitu Nafarroan.
Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek Zer gertatzen da Ruandan? Galdetu bizikletei erakusketa inauguratu du gaur goizean. Erakusketa Medicus Mundi erakundeak eskatuta antolatu da, ospatzeko erakundeak 50 urte bete dituela Nafarroan. Ruandako errealitate sozio-politikoa kontatzen duten argazki eta panelen bilduma da, eta bizikleta hartzen du erreferentziazko elementutzat. Izan ere, bizikleta funtsezkoa da Ruandako bizitzan, eta haren bidez ezagutzera eman nahi dute Afrikako herrialdean giza eskubideak betetzeari dagokionez bizi den egoera korapilatsua.
Hasierako hitzaldian, Unai Hualde poztu egin da Ruandaren errealitatea hurbiltzeko balioko duen erakusketa bat eduki ahal izateagatik. Izan ere, «bide zailak eta aldapa amaigabeak dituen herrialdea da, mila muinoen herrialdea izenez ezagutzen da, eta etengabe hazi da duela ia 30 urte jasan zuen genozidioaren ondoren». Gaineratu duenez, «herrialde hori asko aldatu da, argazkietan ikus daitekeen bezala, eta hobetzen jarraituko du jendearen, enpresen, erakundeen eta irabazi-asmorik gabeko elkarteen (Medicus Mundi, adibidez) lanari esker».
Testuinguru horretan, lehendakariak azpimarratu du Nafarroako Parlamentuaren eta Medicus Mundiren arteko lankidetza duela urte batzuetatik hona existitzen dela garapenerako hezkuntzarako dirulaguntzen bidez. Gainera, haren hitzetan, «oso garrantzitsua da erakunde publikoekin lankidetzan aritzen den elkarte-sare on bat izatea, gure erkidegoan eta erkidegotik kanpo garatzen ditugun politikak eta jarduerak hobetzeko».
Unai Hualdek elkarteen eta kolektiboen eta Parlamentuaren arteko harremanak estutzearen alde egin du, eta herritarrak animatu ditu erakusketa bisitatzera eta Ruanda eta Medicus Mundik egiten duen lana gertuxeago ezagutzera.
Jarraian, erakusketaren komisario Natalia Hercek Medicus Mundik egindako lana nabarmendu du. Izan ere, osasun-esparruko pertsona-talde horrek ordezkaritza bat ezarri zuen Nafarroan 1972tik aurrera, Ruandako Nemba herrian ospitale bat martxan jartzen laguntzeko. «Handik 50 urtera, lanean jarraitzen dugu bizi-baldintzak hobetzeko eta Ruandako sistema publikoa indartzeko, eta asko aldatu da lankidetza ulertzeko modua, baita Ruandako biztanleen premiak ere».
Horri dagokionez, Hercek adierazi du bere lanaren barruan nafarrei Ruandan zer gertatzen den ezagutzera ematea dagoela. Ruanda Nafarroa baino 2,5 aldiz handiagoa da, baina populazioa 20 aldiz handiagoa (13 milioi), eta 69 urteko bizi-itxaropena du, Nafarroan 84 urtekoa den bitartean. Hercek azpimarratu du «desparekotasun handiak» daudela hiriburuaren (Kigali) eta landa eremuaren artean, eta populazioaren gehiengoa landa eremuan bizi da. Beraz, nabarmendu du Ruandako biztanleriari laguntzen jarraitzeko premia dagoela.
Jarraian, Ramon Arozarena jaunaren bisita gidatua izan da. Hark azaldu ditu argazkiak eta panelak. Horiek, testu labur batekin batera, eta «zentzu bikoitzekin eta adierazpen bisualekin jokatuz», giza eskubideen betetze-mailari buruzko egoera korapilatsua azaltzen dute.
Zer gertatzen da Ruandan? Galdetu bizikletei erakusketa tamaina handiko 21 argazkik (98x68 cm) eta panelari itsatsitako bizikletekin zerikusia duten 8 panelek (kateak, balaztak, aulkia, atzerako ispiluak etab.) osatzen dute. Jendearentzat irekita egongo da Ganberaren egoitzako Atarian irailaren 27ra arte. Ordutegia 9:00etatik 20:00etara izanen da astelehenetik ostiralera, ostegunetan izan ezik, eta larunbatetan 11:30etik 14:00etara.
Ohikoa denez, erakusketa berri hau Kultur Atrio programaren barruan sartzen da. Programa horren bitartez, 2016ko otsailaz geroztik, Parlamentuak ateak irekitzen ditu, eta babesa ematen die adierazpen artistiko eta dibulgatiboei.
Erakusketa Ganberaren egoitzako atarian ireki da ofizialki, eta, besteak beste, honako hauek bertaratu dira: Inma Jurío, Mahaiko lehen lehendakariordea; Maiorga Ramírez, bigarren idazkaria; Cristina Ibarrola (Navarra Suma); Nuria Medina (Nafarroako Alderdi Sozialista) eta Uxue Barkos (Geroa Bai).