Noiz argitaratua Osteguna, 2022.eko Irailak 15

Nafarroako Gobernuak osasun-arreta presentzialaren hazkunde iraunkorra defendatu du

Navarra Sumaren interpelazio bati erantzun dio, zeinak departamentuaren jardunean “gelditasuna eta utzikeria” ikusten dituen, pandemia aitzakia gisa erabiltzeari uzteko eskatuz

Santos Indurain Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilariak aurrez aurreko arretaren "hazkunde iraunkorra" defendatu du, 2021eko maiatzetik 2022ko maiatzera % 24ko igoera izan baitu eta abuztuan % 62ko zuzeneko arreta eskaini baitu. Navarra Sumak, bere aldetik, "kalitatezko arreta bermatzeko gelditasuna eta utzikeria" leporatu dio Foru Gobernuari.

 

Hala nabarmendu dute Navarra Sumak osasun-arreta ez presentzialari buruz egindako interpelazio baten esparruan. Horren harira, Cristina Ibarrolak (Navarra Suma) esan du "pena" ematen diola Nafarroako osasunaren egoera ikusteak, "hondamendia" baita, eta Foru Gobernuari eskatu dio "pandemia defentsa biktimista gisa erabiltzeari uzteko". "Sumingarria" iruditu zaio ia hiru urte geroago "aurrez aurre artatua izateko oztopoak egotea", eta ziurtatu duenez, "zuek agintean egonik zaila da Nafarroako osasuna berriro erreferente izatea, ameskeria hutsa da".

 

Ibarrolak Gobernuak “utzikeria” kritikatu du kalitatezko arreta bermatzeko orduan, “itxaron-zerrenda onartezinekin eta lehen mailako arretan aurrez aurre artatua izateko arazoekin. Bete gabeko aitzakiak eta promesak baino ez ditugu jasotzen", aurpegiratu du.

 

Alde batetik, "pazienteak administrazioko langileei datu sentikorrak kontatzera behartzeak eragin duen ondoeza eta nahigabea" nabarmendu ditu, eta ohartarazi du "ez direla pribatutasuna eta konfidentzialtasuna bermatzen ari". Horregatik, "errespetuzko triajea bermatzeko" eskatu dio Chiviteri.

 

Gainera, "aurrez aurreko kontsultara sartzeko herritarrek dituzten oztopoek jarraitzen dutela" salatu di Ibarrolak, eta aurrez aurrekoa ez den arreta "gehiegizkoa" dela adierazi du. Bere iritziz, "telekontsulta osagarri ona da", baina azpimarratu duenez, "Gobernuaren betebeharra aurrez aurreko arreta bermatzea da, beharrezkoa den guztietan edo herritarrak hala dela uste duenean. Osasun-arretan kalitatea galtzea da”, gaineratu du.

 

Bestalde, Santos Indurain Osasun kontseilariak adierazi du "hazkundea iraunkorra" izan dela “urte hasieratik bertatik bertarako arretan". Nabarmendu duenez, "inork ezin du ezkutatu pandemiak eragin distortsionatzailea izan zuela osasun-zentroak artatzeko moduan", baina "ikasitako lezioak ere utzi ditu, formatu batzuk indartu baititu".

 

Indurainek aitortu duenez, udazkena "zalantzatsu dator, Covid-arekin ezin gara erlaxatu eta uda zail batetik atera gara, oporretako atsedenaldia eta profesionalen defizita bat datozelako", baina "ezin da alderatu inguruko beste erkidego batzuetan gertatu denarekin". Hala, nabarmendu du Nafarroan ez dela arreta-gunerik itxi uda osoan, hori zela marra gorria eta erronka, eta lortu dela.

 

Indurainek adierazi duenez, "oro har, estatistikek erakusten dute arreta presentzialak hazkunde nabarmena izan duela azken urtean", 2021eko maiatzetik 2022ko maiatzera % 24ko igoerarekin. Nabarmendu du, era berean, arreta presentziala % 62koa izan dela abuztuaren hasieratik, eta % 38koa ez-presentziala. Proportzio hori "alderantzizkoa" zen 2021ean. Zifrak gorabehera, ohartarazi du ezin dela ziurtzat jo "arreta bat ona eta bestea txarra denik", eta adierazi du "egoera bakoitzari premiaren arabera" erantzun behar zaiola.

 

Bigarrenik, irisgarritasunari dagokionez, kontseilariak adierazi du "herritarren hitzordu-eskaeren % 80 inguru, berez, 24 ordu baino gutxiagoan artatzen direla aurrez aurre. 10etik 1ek bakarrik lau egun baino gehiago behar ditu", azpimarratu du Indurainek, eta datu horiek "zalantzarik gabe positiboa den joera" berresten dutela adierazi du.

 

Bestalde, Santos Indurainek zehaztu duenez, aurrez aurrekoa ez den arreta "ez da inposatutako eredu berri bat", baizik eta "2008tik datorren zerbait", UPNren gobernuak "arreta ez-presentzialean ahalegin handia egin zuenean. Jarraipena eman diogu eta kudeaketa ildo horretatik joan da".

 

Patricia Fanlok (PSN) azpimarratu du urte hauetan "atsedenik eman ez duen" mundu mailako pandemia bat egon dela, "aurrez aurreko jarduera guztia" bertan behera utzi behar izan duena, eta "osasun asistentzian eragina izan duena, hemen, Txinan eta Estatu Batuetan". Egoera horretan, osasun digitala "ezinbesteko aliatua" izan da. Fanlok azpimarratu duenez, "ezin da aurrez aurreko kontsulta ordezkatu", eta "trantsizio-fase batean gaude, osasun-sistema XXI. mendeko beharretara egokitzen den eredu bihurtzeko". Eta PSNk "aurrez aurreko arreta handitzeko" lan egiten duela azpimarratu du.

 

Ana Ansak (Geroa Bai) aurrez aurreko arreta defendatu du, "hurbiltasuna eta konfiantza sortzen laguntzen duelako", eta aurrez aurrekoa ez den arretak, "pandemiaren aurretik bazegoen arren, une honetan eremu handiagoa hartu du. Biak dira behar-beharrezkoak", baina "bien arteko oreka dinamikoa aurkitu behar dugu, erabiltzaile eta pazienteentzat egokia dena", defendatu du. Diagnostikoa "hobeto fintzeko" deia egin du, eta "antolakuntzan hobekuntza" baten beharra azpimarratu du, "profesional guztiak" kontuan hartuta.

 

Txomin Gonzalezek (EH Bildu) onartu duenez, "pandemiak eragina izan du" eta "parametro guztiak hobetu daitezke". Adierazi duenez, "egoerak kezkagarria izaten jarraitzen du", eta atentzioa eman du 2019tik 2022ra medikuntzako plantilla 2.588 pertsonatik 2.061era igaro delako. "Pediatrak, familia-medikuak, espezialistak... falta dira, eta hori eragina izaten ari da itxaron-zerrendetan eta aurrez aurreko hitzorduetan", adierazi du.

 

Mikel Builek (Podemos-Ahal Dugu) adierazi duenez, “arreta ez-presentziala erabilgarria da kasu askotan, baina baheketan findu behar da", eta aurrez aurreko arreta % 24 handitzeak dakarren "joera positiboa" baloratu du, "gatozen lekutik etorrita". Kezkatuta agertu da "beroak eragindako gehiegizko hilkortasunagatik, pandemiak eragindako asistentziaren narriaduragatik eta itxarote-zerrendengatik. Inbertsio handiagoarekin eta plantillak egonkortzearekin zerikusia duten neurriak aplikatu behar dira".

 

Azkenik, Marisa de Simónek (Izquierda-Ezkerra) azpimarratu du osasun-arretak "hobetu" egin behar duela, eta "lehen mailako arretan dauden hutsuneen eta eraginkortasunik ezaren azterketa sakona" egitera deitu du. "Herritar bakoitzari behar duen erantzuna garaiz eta behar bezala" ematearen alde agertu da, arreta presentziala izan ala ez. Gainera, itxaron-zerrenden egoera "jasanezina" dela esan du, eta horrela jarraituz gero "osasun pribatua sustatzen" ariko garela ohartarazi du.