Parlamentuak Esther Aldave eta Ana Carmona hautatu ditu Eliza Katolikoaren barnean Nafarroan gertatutako sexu-abusuen biktimei errekonozimendua adierazteko Batzordeko kide
Elizak “jarrera bermatzailea zuen testuinguruetan” abusuen biktima deklaratzeko eskaerak baloratzeaz arduratzen den kide anitzeko organoa da
Parlamentuaren Osoko Bilkurak Esther Aldave Monreal eta Ana Carmona Juanmartiñena aukeratu ditu gaur Eliza katolikoaren barnean Nafarroan gertatutako sexu-abusuen biktimei errekonozimendua adierazteko Batzordeko kide izateko. Organo horretako bederatzi ordezkarietatik bi izendatzeko eskubidea du Ganberak, joan den ekainaren 30ean onartutako 24/2022 Foru Legean jasotzen den bezala.
PSNk, Geroa Baik, EH Bilduk eta Podemos-Ahal Duguk aurkeztu dituzten hautagaiek aldeko 28 boto eta 20 boto zuri jaso dituzte, Navarra Sumaren jarrerarekin bat datozenak.
Hautaketa boto-paperen bidezko isilpeko bozketaren bidez egin da, eta parlamentari bakoitzak gehienez bi izen jartzeko aukera izan du.
Esther Aldave (Iruñea, 1989-3-8) doktorea da Giza eta Gizarte Zientzietan (NUP), Historian lizentziatua (Nafarroako Unibertsitatea) eta ikertzailea Nafarroako Memoria Historikoaren Funts Dokumentalean (NUP).
Ana Carmona (Iruñea, 1991-9-29) Zuzenbidean lizentziatua da NUPen, Kriminologian Graduatua UNEDen, eta Generoan (NUP) eta Gatazkak Konpontzeko Bitartekotza Profesionalean aditua (UNIR).
Elizak “jarrera bermatzailea zuen testuinguruetan” abusuen biktima deklaratzeko eskaerak baloratzeaz arduratzen den organo honetako kideak sei urtetarako izendatzen dira.
Errekonozimendurako Batzordea hilean behin bilduko da, gutxienez, eta botoen gehiengoz hartuko ditu erabakiak. Berdinketarik gertatuz gero, batzordeburuaren kalitatezko botoa izanen da erabakigarri.
Bere eginkizunen artean, Errekonozimendurako Batzordeak urtero oroitidazki bat eginen du eta bertan jasoko ditu egindako lanen emaitzak, egin zaizkion eskaerak eta eman dituen ebazpen-proposamenak. Bere agintaldiaren azkenean amaierako oroitidazkia eginen du. Biak ere Parlamentuan aurkeztuko dira, Gobernu Irekiaren Atarian argitaratuko dira eta bidaltzeko eskatzen duten erakunde publikoei bidaliko zaizkie.