Nafarroako Parlamentuak Nikaraguako herriaren aurka baliatutako errepresioa eta giza eskubideen urraketak gaitzetsi ditu
Ganberak “nazioarteko zehapenak” eskatu ditu Daniel Ortega buru duen Gobernu sandinistaren “errepresio sistematikoa eta demokraziaren aurkako erasoak” geldiarazteko
Bizikidetasunaren eta Nazioarteko Elkartasunaren Batzordeak ebazpen bat onetsi du gaur aho batez, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak gaitzetsi egiten baititu “Nikaraguako errepresioa eta giza eskubideen urraketak, eta bere elkartasuna adierazten dio Nikaraguako herriari, bereziki gurean bizi diren nikaraguarrei”.
Bestalde, ebazpenaren bigarren atalean, Nafarroako Parlamentuak “Ortegaren Gobernu sandinistaren aurkako nazioarteko zehapenak jartzea” eskatzen du. PSN, Geroa Bai, EH Bildu eta Podemos-Ahal Dugu abstenitu egin dira atal honetan.
Era berean, hirugarren atalean, Foru Legebiltzarrak “herritarrei eskatzen die etsi gabe jarrai dezaten askatasun demokratikoak eta eskubide sozialak modu baketsuan aldezten”.
Zioen azalpenean, Navarra Suma talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak “Daniel Orgega buru duen gobernu sandinistaren errepresio sistematikoaren” berri ematen du, “Mendebaldeko iritzi publikoaren parte handi baten isiltasun konplizearekin ehunka pertsonaren torturak, bortxaketak, heriotzak eta espetxeratzeak –baita komunitate indigenetan eta afrikar jatorrikoetan ere – dituen erregimen bati” nazioarteko zigorrak ezartzea eskatzeko.
Gauzak horrela, eta “buruzagi feministen eta datorren urtean izango diren hauteskundeetan hautagai izateko aurkeztu ziren hainbat pertsonaren atxiloketa arbitrarioak” ikusita, Giza Eskubideen aldeko erakundeak jasaten ari diren “jazarpen judizial eta ekonomikoa” salatzen da, eta Human Right Watchs-ek eskatu duen bezala, nazioarteko komunitateari dei egiten zaio “Nikaraguako demokraziaren aurkako erasoak geldiarazten saiatzeko”.
Blanca Regúlez (Geroa Bai) buru izan duen saioan parte hartu duten parlamentariak izan dira Iñaki Iriarte, Alberto Bonilla, Maribel García Malo, Miguel Bujanda, Pachi Pérez, Isabel Olave (Navarra Suma), Arantza Biurrun, Virginia Magdaleno, Carlos Mena (PSN), Jabi Arakama (Geroa Bai), Arantxa Izurdiaga, Txomin González (EH Bildu) eta Ainhoa Aznárez (Podemos-Ahal Dugu).
• www.nafarroakoparlamentua.eus
• Mozioa (87. NPAO, 2022-06-29koa)