Parlamentuko lehendakariak eta Kultura eta Kiroleko Batzordeak Irulegiko aztarnategia bisitatu dute.
Aranguren Ibarreko Udalak laguntza eskatu du ingurune hori balioztatzeko eta logistikaz hornitzeko, aurkikuntzaren “mundu mailako eragina estrategikoki” ustiatzea helburu
Nafarroako Parlamentuak Irulegiko aztarnategia bisitatu du gaur. Burdin Aroko aztarna arkeologikoen multzo bat da, eta, besteak beste, eskuin esku baten forma duen brontzezko xafla bat nabarmentzen da. Izan ere, eta adituek diotenez, eskuak egun arte ezagutzen den euskarazko testurik zahar eta luzeena du idatzita. Eskua 2021eko ekainaren 18an aurkitu zuten, baina testua zazpi hilabete beranduago antzeman zuten, eta argi uzten du antzinako baskoiek “idatz zezaketela”.
Nafarroako Alderdi Sozialista, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek eskatuta egin da bisita. Unai Hualde Parlamentuko lehendakariarekin batera parlamentari hauek bertaratu dira: Iñaki Iriarte, Isabel Olave (Navarra Suma), Virginia Magdaleno (PSN), Ana Ansa (Geroa Bai), Maiorga Ramirez eta Arantxa Izurdiaga (EH Bildu).
Parlamentuko ordezkariei harrera egin diete Manuel Romero Aranguren Ibarreko alkateak, Juantxo Agirre Aranzadi Zientzia Elkarteko idazkariak eta Mattin Aiestaran arkeologo eta Irulegiko aztarnategiko indusketa-taldeko zuzendariak.
Bisitaren helburua, Unai Hualdek zehaztu duenez, “Irulegiko eskuaren aurkikuntzaren nondik norakoak ezagutzea izan da”, kokaleku gotortu (kastro) horretako hiri-egituraren hondakinen artean (kale arkupeduna eta bi etxebizitza) aurkitutako gainerako aztarnekin batera. Izan ere, leku hori ezin hobea da aztertzeko nolakoa zen baskoi komunitateen bizimodua Erroma bertara iritsi zenean (K. a. II.-I. mendeak).
Lehenengo topaketa Gongorako jauregian izan da, eta bertan Manuel Romerok Aranguren Ibarraren balioa handitzeko asmoa agertu du, “Irulegiko aztarnategiaren erakargarritasuna aprobetxatze aldera. Ez dugu logistikarik aurkikuntzak erakartzen dituen bisitari guztiei arreta emateko. Horretarako, ezinbestekoa da jauregia elkargune gisa finkatzea, aparkaleku bat prestatzea eta Udalak 2007an jauregiaren inguruan hasi zituen indusketekin jarraitzea”.
Horren harira, eta erakundeei laguntza eskatu ondoren “proiektu global baten baitan estrategia partekatu bat diseinatzeko”, alkateak hitza eman dio Aranzadi Elkarteko Juantxo Agirreri, eta honek baieztatu du gauzak ateratzen joanen direla, “agian ez hain ikusgarriak, baina bai balio handikoak”. “Baditugu armak, txanponak, zeramika, brontzezko baxerak eta idazketarekin lotutako elementuak. Indusketak ditugu urteetan zehar egiteko, baina kontuz ibili behar dugu isilpean eta detektagailuekin ibiltzen direnekin, aztarnategietan sartu eta kaltetzen dituztelako”.
Irulegin, eta jauregiaren oinetan, Mattin Aiestaranek 2007 eta 2018 urteen artean egin ziren indusketen berri eman du. Izan ere, “XV. mendetik ukitu ez den gotorleku estrategiko bat salbatzeko egin ziren. Egitura nagusiak 2011n agertu ziren, eta lanak zazpi urte geroago bukatu ziren”.
Jarraian, aztarnategiaren arduradunak jauregiaren azpian dagoen kokalekuaren ezaugarriak azaldu ditu. “Sertorioren Gerren testuinguruan erre eta hustu zen”, eta Arangurengo Udalak eskatu du interes kulturaleko ondasun deklara dezaten.
“2010az geroztik hasitako lanek helburu izan dute habitataren hedadura (10 hektarea inguru) zehaztea, bai eta ingurunearekiko harremana, kokalekuak izan zitzakeen egitura motak, eta herrixka suntsitu eta okupatu zeneko sekuentzia ere. Herrixka lehen eta bigarren Burdin Aroetakoa da (K.a. lehen milurtekoa). Hiri-egituraren kontserbazioa ezin hobea da”.
Horrela, eta aztarnategian egindako ikerketak eta esku-hartze motak zehaztu ondoren, Aiestaranek zehaztu du 2020tik 2022ra 370 metro karratu induskatu direla, eta azalera horretan bi etxebizitza eta bide nagusiaren zati bat azaleratu direla. “Kokapenaren azken fasea da, garai hartako irudi izoztu bat. Burdin Aroaren amaieraz ari gara, K.a. I. mendeko lehen laurdenaz, baina ezin dugu alde batera utzi gainjarritako hiru herrixka ditugula. Beraz, zortzi mende atzerago goaz”.
Irulegiko eskuari dagokionez, diziplina anitzeko talde batek aztertu du, eta talde horretan baziren arkeologoak, zaharberritzaileak, geologoak, epigrafistak, hizkuntzalariak eta kimikariak. Horri lotuta, Aiestaranek azpimarratu du dokumentu “bikaina” dela. “Alfabetatze gertakari apal samar baina egiaztatu baten aurrean kokatzen gaitu. Aurkikuntzaren testuinguruak (etxebizitza baten atarian), testuaren hasierako sorioneku terminoak eta erabilitako hizkuntzak berretsi egiten dute euskal ikur-bildumatik eratorritako sistema grafiko bat dagoela. Beraz, berretsi egiten da eremu geografiko horretan baskoiera erabiltzen zela K.a. I. mendean”.
Hala ere, ezin da alde batera utzi eskuan idazteko erabili zen inskripzio-teknika (punteatua), ez eta euskarriaren tipologiaren eta morfologiaren berezitasuna (hatzak beherantz dituen esku bat) ere. Horren ondorioz, “azterketa sakonak egin beharko dira” Irulegiko eskuak izan ditzakeen ondorioez, bai baskoieraren ezagutza linguistikoari dagokionez, bai iberiar hizkuntzarekin izan zitzakeen harremanei dagokienez.
Arkeologia multzoaren arduradun teknikoek eta udal arduradunek Nafarroako Parlamentuaren laguntza eskatu dute, aztarnategiaren balioa azaleratzen jarraitzeko. Izan ere, aztarnategia aktibo bat da, eta “eskualdearen, historiaren eta ondarearen garapenarekin lotuta dago”.
Hitz egiteko txanda izan dutenean, Navarra Suma, PSN, Geroa Bai eta EH Bildu taldeetako eledunek azalpenak eskertu dituzte eta informazioa bildu dute, etorkizuneko ekimenak abian jartzeko, kasua bada.
Ondoren, Parlamentuko segizioa Nafarroako Gobernuko Arkeologia Biltegira joan da. Bertan, harrera egin diete Susana Herreros Ondare Historikoaren Zerbitzuko zuzendariak, Alicia Ancho Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkitekturaren Ataleko buruak, Berta Balduz zaharberritzaileak, eta Jesús Sesma eta Jesús García arkeologoek.
Lehendakariak eta Kultura eta Kiroleko Batzordeko kideek ibilbide gidatu bat izan dute Arkeologia Funtsaren esparruan zehar. 1.988 metro karratuko biltegia da, bi espaziotan banatua: bata, material astunentzat, 684 m2-koa (500 metro handituko da), eta bestea, pisurik gabekoentzat (1.304 m2). Bestalde, garbiketa, lantegi eta kontsulta guneak ere badituzte.
Susana Herrerosek azaldu duenez, “instalazio hauetan gordetzen dira programatutako esku-hartzeetan bildutako Nafarroako objektu arkeologikoak eta Foru Komunitateko museoetan erakusten ez diren beste aurkikuntza batzuk”.
Era berean, honako hau azaldu du: “1985etik, Nafarroan aurkitutako material arkeologikoak jabari publikoko ondasun dira. Beraz, eta Nafarroako Kultura Ondareari buruzko 14/2005 Foru Legearen arabera, Administrazioak erabakitzen duen zentroan edo museoan entregatu behar dira, bertan gorde eta kontserba daitezen”.
Material guztiak kontserbazioa bermatzen duten baldintzetan daude gordeta: enbalaturik, garbi, siglaturik (pieza bakoitzak bera identifikatzen duen erreferentzia laburtu bat du idatzita) eta inbentariaturik (deskribapen zerrenda batekin batera).
Funtsak kontserbatzeari dagokionez, Alicia Anchok adierazi du “mantentze lanak” (garbiketa, kontrol termo-higrometrikoa, bilgarriak berritzea, etiketatzea, etab.) eta “lehengoratze lanak” (langile espezializatuek banakako tratamendua ematea interes handieneko piezei edo hondatzeko arriskuan daudenei) egiten direla.
Horri dagokionez, eta biltegiratze eta kontserbazio leku hori hobetzeko jarduketei dagokienez, Jesus Garciak adierazi du material arkeologikoa zaharberritzeko espazio espezifiko bat prestatu dela, eta, horrez gain, gela kontrolatu bat, tenperatura eta hezetasun konstantekoa, “metalezko piezen korrosio prozesuak saihesteko”.
Bisitaren amaiera gisa, Irulegiko eskua ikusi dute. Oraindik azterketa eta tratamendu fasean dago, eta, beraz, hilabete batzuk beharko dira ikusgai jartzeko.