Noiz argitaratua Asteartea, 2023.eko Otsailak 21

Nafarroako Gobernua premiatzen da irizpide geografikoa ken dezan jaioberrien eta haurren ospitalearteko lekualdaketetarako

Ganberak osasun-zentroaren aldameneko ezkaratza udalari emateko beharrezko neurriak adosteko eskatu du, mugikortasun urriko pertsonentzako sarbide bat gaitu ahal izateko

Osasun Batzordeak ebazpen bat onetsi du gaur aho batez (Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerrak ez dute bilkuran parte hartu), zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “Nafarroan irizpide geografikoa kentzera jaioberrien eta haurren ospitalearteko lekualdaketetarako, ekitatea bermatuz, irizpide klinikoetan oinarrituta”.

 

Onetsitako ebazpenak bigarren atalean Foru Exekutiboari eskatzen dio “haurren eta jaioberrien lekualdaketarako protokoloak modu etengabean aldatzera, eta protokolo horien emaitzak ebaluatzera, ahalik eta kalitate eta eraginkortasun handienak bermatuko dituzten baliabideak, esku-hartzeak eta antolaketa-ereduak finkatzeko”.

 

Bestalde, hirugarren atalean, Nafarroako Gobernua premiatzen da “azter dezan zer aukera dauden haurren eta jaioberrien ospitalearteko garraio espezializatuko unitate bat sortzeko”.

 

Zioen azalpenean, Navarra Suma, Geroa Bai, EH Bildu eta Izquierda-Ezkerra talde parlamentarioek sustatutako ebazpenak 2021eko urtarrilean pediatriako zainketa intentsiboetako, neonatologiako, pediatriako larrialdietako eta larrialdi-medikuntzako espainiar elkarteek argitaratutako jarrerara jotzen du, non gomendatzen den ospitalearteko garraioan espezializatuta dauden pediatriako eta haur jaioberrien garraioko unitateak ezartzea, “ebidentziek agerian utzi baitute konplikazioak eta heriotza-tasa murriztu egiten direla ospitaleratu eta hurrengo 28 egunen barruan horrelako unitateek egiten dituzten lekualdaketetan, espezializatu gabeko unitateek egiten dituztenekin alderatuta”.

 

Ildo horretan, ohartarazten da Nafarroan 2019an finkatutako protokoloaren arabera egoera larrian dauden jaioberriak eta haurrak lekualdatzean, Iruñeko Osasun Alorreko langile espezializatuek lagunduta joanen direla, eta horrek “desberdintasun-egoera eragiten duela Lizarra eta Tutera eremuetako jaioberri eta haurrei dagokienez, egoera larrian egon eta ospitalearteko garraioa behar dutenean”.

 

Aldi berean, proposamena egin duten taldeek egungo protokoloak ebidentzia zientifiko onenera egokitzearen alde egin dute, foru erkidegoko osasun-alorreko baliabideen ezaugarriekin bat, eta diotenez, “antolaketan, prestakuntzan eta baliabideetan hobekuntzak egiteak ekarriko du kalitatea hobetzea, bai eta eraginkortasuna, pazienteen segurtasuna, langileen konfiantza eta familien eta langileen asebetetzea ere”.

 

Ainhoa Unzu (PSN) buru izan duen bilkuran parte hartu duten parlamentariak izan dira Cristina Ibarrola, Iñaki Iriarte, Ángel Ansa, Isabel Olave, Elena Llorente, Maria Jesús Valdemoros (Navarra Suma), Patricia Fanlo, Inma Jurío (PSN), Ana Ansa, Pablo Azcona (Geroa Bai), Txomin González eta Bakartxo Ruiz (EH Bildu).

 

* Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerrak ez dute bilkuran parte hartu.

 

www.parlamentodenavarra.es

• Mozioa (138. NPAO, 2022-11-30ekoa)