Nafarroako Parlamentuak bat egin du Hiesaren aurkako Nazioarteko Egunarekin
Igandean, hilaren 1ean, Parlamentuko fatxada gorriz argiztatuko da, GIBa dutenenganako bereizkeria ezabatzeko konpromisoaren adierazgarri
Nafarroako Parlamentuak Hiesaren aurkako Nazioarteko Egunaren ekitaldi instituzionala egin du gaur Sarerekin eta Hiesaren aurkako Herri Batzordearekin batera. Aurten “Ekin diezaiogun eskubideen bideari: nire osasuna, nire eskubidea” izan da leloa, eta 42 urteko borrokari egin zaio oroitzapena, “gaixotasunari lotutako estigma desagerrarazteko, eskubide sozialak aurrerapen mediko eta zientifikoekin lerrokatzeko eta, ONUSIDAk ezarritakoarekin bat, 2030erako GIBa osasun publikorako mehatxu gisa ezabatzeko” ahaleginari, alegia.
Hori bera berretsi du Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek, azpimarratu baitu garrantzitsua dela lan egiten jarraitzea “prebentzioan, bai eta diagnostiko goiztiarrean eta tratamenduaren hasiera goiztiarrean ere, beste kontu batzuen artean, transmisioa prebenitzeko, GIBari lotutako tratu-berdintasuna bermatzeko eta gaixotasun horren berezitasunak aintzat hartzen dituen arreta soziosanitarioa ziurtatzeko”.
Horrela, "milioika pertsonak sufritzen jarraitzen dutenen" bizitzak zedarritzen dituzten "oinaze-, bakardade-, ikusezintasun-, gaixotasun-, heriotza- eta marjinazio-istorioak" errepasatu ondoren, lehendakariak Eledunen Batzarrak 25ean onetsitako Adierazpen Instituzionala eta GIBari lotutako diskriminaziorik ezaren eta tratu-berdintasunaren aldeko Itun Soziala izan ditu hizpide, amaiera gisa, Legebiltzarrak "zerbitzu publiko guztiak, bereziki Osasunekoa, indartzeko" hartutako konpromisoa berresteko.
“Amaitzeko, eskerrak eman nahi dizkiet Sareri eta Hiesaren aurkako Herri Batzordeari erakundeekin lankidetzan aritzeagatik eta GIBaren eta sexu-transmisioko beste gaixotasun batzuen inguruan egiten duten prebentzioko eta kontzientziazioko lanagatik. Gure aldetik, lan egiten jarraitu beharko dugu sexu heziketa hobea izateko eta zainketa hobeak lortzeko. Eskerrik asko”, esan du Unai Hualdek.
Ondoren, Itsaso Baquedanok (Hiesaren aurkako Herri Batzordea) eta Lorea Gurutxarrik (Sare) Osasun Ministerioaren zainketa epidemiologikoko txostenaren azken datuak aipatu dituzte eta adierazi dute “kezka” dutela GIBaren transmisioaren zifrengatik, “baita Nafarroan ere. Sexu harremanak prebentzio neurririk gabe izatea da oraindik ere transmisioaren arrazoi nagusia. Azken bosturtekoan, batez besteko adina 38 urtekoa da. 2023an, Hiesaren zazpi kasu diagnostikatu ziren, eta horietatik seik ez zekiten infekzioa zutenik. Premiazkoa da diagnostiko berantiarrari heltzea, ugariagoak baitira emakumeen artean (% 5) gizonen artean baino (% 48). GIBa duten 100-140 pertsona inguru daude diagnostikatu gabe", adierazi dutenez.
Hori horrela, Baquedanok eta Gurtxarrik zenbait eskaera egin dituzte: Esposizioaren Aurreko Profilaxiari (PrEP) eta Esposizioaren Ondokoari (PEP) buruzko protokoloa zabaldu eta eskuragarri jar dadila, "sexualitatearen esparruko desberdintasun kulturalei erantzunen dien" sexu heziketako eredu bat abian jar dezatela eta, Atzerritarrei buruzko Legeari dagokionez, erroldatzea osasun-eskubideak "eskuratzeko giltza" izan dadila saihestea.
"Uztailean ONUSIDAk aurkeztutako txosten baten arabera, munduak hiesa amaiarazten ahal du, pertsona guztien eskubideak babesten badira. Funtsezkoa da osasun zerbitzu inklusiboak ematea, genero ikuspegia kontuan hartuta, eta kulturari dagokionez gaitasuna badute. Informazio gehiago, prestakuntza gehiago, kontzientziazio gehiago eta sexu heziketa gehiago behar dira. Egiturazko desberdinkeriak desagerrarazi behar dira”, Hiesaren aurkako Herri Batzordearen eta Sareren eledunek adierazi dutenez.
Ekitaldia Legebiltzarraren egoitzako atalondoan egin da, eta honako hauek bertaratu dira, besteak beste: Ainhoa Unzu, lehenengo lehendakariordea, Juan Luis Sánchez de Muniáin, bigarren lehendakariordea, Yolanda Ibáñez, lehenengo idzkaria, Mikel Zabaleta, bigarren idazkaria, Javier Esparza (UPN), Ramón Alzórriz (PSN), Txomin González (EH Bildu), Pablo Azcona (Geroa Bai), Irene Royo (PPN) eta Daniel López (Vox).