Publicada el Jeudi, 7 de février de 2008

Nafarroako Parlamentuko lehendakariak harrera egin dio Nafarroarako saharar ordezkari Ahmed Salama jaunari

Nafarroako Parlamentuko lehendakariak, Elena Torres Miranda andreak, harrera egin dio Nafarroarako saharar ordezkari Ahmed Salama jaunari, zeinak Brahim Salem ordezten baitu ordezkaritza-zereginetan.

Elkarrizketa egin da Parlamentuko lehendakariaren bulego ofizialean, eta bertan egon dira, ordezkari berriaz eta bere aurretik karguan ziharduenaz gain, Nafarroako Parlamentuko “Paz y Libertad en el Sahara-Bakea eta Askatasuna Saharan” parlamentu-taldeen arteko taldeko kide diren Pedro Eza jauna (UPN), Maiorga Ramírez jauna (NaBai) eta taldeko koordinatzaile María Victoria Arraiza andrea (SPN).

Ordezkari berriak Parlamentuko lehendakariari azaldu dio zein diren aurki egin nahi dituen urratsak, eta azpimarratu du orain arte Nafarroako Parlamentuarekin Saharako herriaren erreibindikazioen alde izan den lankidetza-maila, bai eta Mendebaldeko Saharan Nazio Batuek bultzaturiko erreferendum bat egitearen alde Nafarroako legebiltzarrak egin dituen aldarrikapen ugariak.

Ildo horretatik, Nafarroan orain arte saharar ordezkari izan denak, Brahim Salem-ek, eskertu egin du Mendebaldeko Saharako agintarien ordezkari gisa izan dituen eginkizunetan Nafarroako Parlamentutik jasotako laguntza, saharar herriaren auziaren eta eskubideen aldekoa, bai eta parlamentu-taldeen arteko taldeko kideek Tinduferako bidaietan errefuxiatuei elkartasuna adierazteko izan ohi duten parte-hartzea ere.