Adierazpen instituzional bat onetsi da, giza eskubideen nazioarteko eguna dela-eta.
Nafarroako Parlamentuko Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du aho batez, hain zuzen ere gaur, abenduak 10, giza eskubideen nazioarteko eguna ospatzen delako. Adierazpen hori proposatu dute Bizikidetasun eta Nazioarteko Elkartasun Batzorde Bereziko talde politikoetako eledun hauek: Javier Marcotegui Ros (UPN), Paula Kasares Corrales (NaBai), Mª Victoria Arraiza Zorzano (SPN), José Andrés Burguete Torres (CDN) eta Ana Figueras Castellano (IUN-NEB).
Onetsiriko adierazpenak honako hau dio:
"1. Nafarroako Parlamentuak berretsi egiten du konpromiso sendoa duela Giza Eskubideen Adierazpenarekin eta, herritar guztiek horiek ezagutzearren eta denon bizitzetan osagarri izan daitezen, eskubide horien hedapenarekin.
2.- Konpromiso horren lehenbiziko adierazpidea Pobreziaren aurkako Ituna da; itun hori Parlamentu honetako indar politiko guztiek eta Gobernuz Kanpoko Erakundeen Nafarroako Koordinadorak sinatuko dute 2007ko abenduaren 11n.
3.- Gainera, Nafarroako Parlamentuaren adierazpen instituzional honetan, aipamen berezia egiten zaio Mexikon herritar askok jasaten duen giza eskubideen urraketa egoerari. Aipamen hori 2007ko abenduaren 5ean aurkeztu zen Bizikidetasunaren eta Nazioarteko Elkartasunaren Batzorde Bereziaren lan bileran, non agertu baitziren Nadín Reyes Maldonado, "Hasta encontrarlos" desagertutakoen komitearen ordezkaria, eta Yolanda Castro Apreza, "Frente Nacional de Lucha por el Socialismo" taldeko kidea, mexikarrak biak ere eta giza eskubideen aldezleak, zeinek Mexikon gertatzen diren giza eskubideen urraketa ugari salatu baitzituzten: desagertze behartuak, emakumeen aurkako sexu-indarkeria, feminizidio kasuak eta armada mexikarreko kideek taldean gauzaturiko zenbait bortxatze.
Salaketa berezi gisa, gainera, hiru pertsonaren desagertze behartuaren berri eman zuten: Edmundo Reyes Amaya, Gabriel Alberto Cruz Sánchez y Francisco Paredes Ruiz.
Salatutako giza eskubideen urraketen larritasuna dela eta, Nafarroako Parlamentuak biktima eta beren familiarteko guztiei elkartasuna adierazten die eta honako eskaerak egiten ditu:
Behar diren neurri guztiak har daitezela bizirik aurkitzeko Edmundo Reyes Amaya, Gabriel Alberto Cruz Sánchez eta Francisco Paredes Ruiz, bai eta haien osotasun fisikoa nahiz psikologikoa bermatzeko ere, eta bermatzeko, halaber, behar bezalako prozesua eta segurtasun juridikoa.
Amai daitezela indarkeria-mehatxuak nahiz kasu horietarako justizia bila dabiltzan familiartekoen eta pertsonen giza duintasuna urratzen duen beste edozein mehatxu mota.
Ofizialki informa dadila zer ekintza jarri dituzten abian agintariek atxilotuei-desagertuei dagokienez.
Oro har, Mexikok egokitu ditzala bere ekintzak Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalera eta giza eskubideei buruz berretsi dituen nazioarteko itun eta konbentzioetara".